
Zuzendariak: Shari Springer eta Robert Pulcini.
Aktoreak: Paul Giamatti, Hope Davis.
Puntuazioa: ****-
Noizbehinka izaten dira ia ezkutuan estreinatzen diren filmak. Horren adibide da American Splendor ; denbora luzea behar izan du gure pantailetara heltzeko, eta, gainera, hori gertatu denean, oso kopia gutxirekin izan da.
Harvey Pekar
American Splendor komikien munduarekin lotura handia duen filma da. Honek Harvey Pekar-en istorioa kontatzen digu. Pekar nahiko pertsonaia kaotikoa da: bi aldiz dibortziatuta, ospitale bateko artxiboan lan egiten du, eta komikiak eta jazza maite ditu. Jendearekin harremanetan jartzeko arazoak ditu, oso ezezkorra, desordenatua, obsesiboa, kexatia eta marmartia da; zaputza eta kutuna aldi berean.
Filma jatorrizko hizkuntzan azpitituluekin dago, eta inor konturatu barik zinema aretoetatik pasa ez dadin, oso lan originala eta bitxia denez, hemen, zinemari eskainitako txoko honetan, tarte bat egingo diogu gustura asko.
Bizitzari buruz nahiko ikuspegi kaustikoa du, eta ikuspegi hori azalduko du bere bizitza eta bere aldamenean mugitzen diren pertsonen bizitza deskribatzen duen komikia sortuaz, American Splendor komikia, hain zuzen ere.
Horrela, komiki-gidoilari gaitzesgarria bihurtuko da, hau da, ospea lortuko du, baina hori bai, bere irakurle kopurua hain murriztua denez, ezin izango du Komikia bere ogibide bihurtu.
Komiki-gidoilaria
Harvey Pekar-en bizitza kontatzeko, fikziozko filmen egiturarekin batera, komikien egitura eta kontatzeko moduak nahasten dira, eta horiekin batera dokumentalen teknikak ere ukitzen dira. Filmaren narratzailea benetako Harvey Pekar da, hark ere egiten dioten galderei erantzuten die, filmaren errodajean ere agertzen da; Paul Giamatti aktoreak Harvey Pekar pertsonaia ere egiten du, eta komikien binetak ere filmean nahasten dira.
Osagai horiekin guztiekin zinema arruntetik aldentzen den lana lortzen da. Eta hori oso atsegina da zinema geletara zerbait desberdina topatzeko asmoz joaten den ikuslearentzat.
Pelikula desberdina
American Splendor-en ederki nahasten dira osagai guztiak, eta horiekin erretratu ederra, dibertigarria eta zorrotza egiten da, bai Harvey Pekar-ena, bai pertsonaia mugitzen den gizarte grisarena.
Idatzi artikulu bat