
Zuzendaria: Lars Von Trier
Aktoreak: Bryce Dallas Howard, Danny Glover
Puntuazioa: ***--
Manderlay ironiaz beteriko ipuin morala da. Hasieran, ia dekoratuak ez izateak eta ipuin baten osagaiak erabiltzeak istorioari itxura irreal bat eman diezaiokete. Narratzailearen azalpenak maleziarik gabekoak dirudite eta film nahiko sinple baten aurrean gaudela pentsa dezakegu, baina ez da horrela. Narratzailearen azalpenak ironiaz beterik daude, eta istorioa aurrera doan neurrian, ironia hori areagotuz joango da. Istorioaren azkeneko partean intentsitatea eta sarkasmoa gorantz egiten dute, Manderlay gizakiaren izaerari buruzko ipuin nahiko krudela eta argia bihurtu arte.
Manderlay trilogia bateko bigarren zatia da. Lehenengo zatiko, hau da, Dogvilleko egitura berdina jarraitzen du: antzerkiarekin lotura du, ia dekoraturik gabe estudio baten eginiko filma da, kapituluetan zatituta dago eta narratzaile batek istorioari buruzko azalpenak eta ironiaz beteriko zehaztapenak egiten ditu. Beraz, Dogvillen hasitako istorioaren jarraipena denez, eta ia ezaugarri berdinak dituelako, Manderlayk ez du aurreko filmaren harridura sortuko. Dena den, ezaugarri horien errepikapena guztiz logikoa da; bi filmak istorio nagusi baten barnean daude eta. Ipuin morala eta ironikoa
Manderlayk badu arazoren bat: nahiz pertsonaia batzuk bi filmetan agertu, horiei bizitza ematen dieten aktoreak desberdinak dira. Esatebaterako, Dogvilleko aktore nagusia Nicole Kidman zen eta Manderlayn Bryce Dallas Howard da pertsonaia bera egiten duen aktorea. Bi aktoreen ezaugarriak nahiko desberdinak direnez, pertsonaia aldatu egiten da , eta filmaren trinkotasun dramatikoa ere.
Erantzunak
Neuri, egia esan, aktoresaren aldaketa ez jat garrantzitsuegia iruditu. Gidoi aparta horren ganetik ipiniko nuke. Lelengoa asko gustau egin jatan, eta bigarren hau, agian, are gehiago. Beste izartxo bat merezi dau, neure ustez.
Nork: patxi lurra.2006/02/19 22:52:32.181 GMT+1
www.goiena.net/blogak/patxi