Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2006/02/13 12:51:15.774 GMT+1

Crash

Zuzendaria: Paul Haggis

Aktoreak: Don Cheadle, Matt Dillon

Puntuazioa: **---

Ezin da ukatu Crashek gaur egungo gizarteari buruzko ikuspuntu interesgarria azaltzen duela. Filma elkarrekin nahastuz doazen istorio txikiz beterik dago, eta istorio bakoitzaren pertsonaiak beste istorioen pertsonaiekin topo egiten dute, guztiekin istorio nagusi edo global bat osatu arte. Baina, nahiz kritiko askoren goraipamen ugari jaso, badira Crashen arazo batzuk: oso film handizalea da, zuzendariak lan handi bat sortu nahi du, eta hori berez ez dago gaizki, baina estiloari eta gaiari dagokionez gehiegi lortu nahi denean, bilatutako helburua oso gutxitan lortzen da. Crashek badu interesa eta lorpen partzialak dituen arren, azkenean, gogaitzen duen handikeria sentsazioa transmititzen du.

Crashen gertatzen direnak Los Angelesen kokaturik daude. Filmak gaur egungo gizarteak dituen alderdi txarrak azpimarratzen ditu: pertsonaiak gizaki saminduak dira, ez daude euren bizitzarekin gustura, eta barnean nabaritzen duten nahigabearen errua topo egiten duten pertsonei leporatzen diote. Gizakiak bakarrik sentitzen dira eta, aldi berean, mesfidati azaltzen dira eurengana gerturatzen den jendearekin. Arrazakeria giroan nabaritzen da, eta kontatzen zaigun istorioaren motor nagusi bihurtzen da. Filmak gizakien barnean sartu nahi du, eta horrela ikusten dugu nola askotan bizitzan izaten diren ezusteko gertakizunak gizakien konplexutasuna adierazteko balio duen. Oso film handizalea

Argi dago arrazakeriak garrantzi handi duela filmean eta, gaiari buruz berba egiterakoan, adierazitako mezua argi gera dadin, askotan bere portaeretan nahiko errepikakorrak diren pertsonaiak erabiltzen ditu. Gainera, une batzuetan gertatzen diren kointzidentziak eta pertsonaien arteko topaketak zerbait bortxatuak eta gehiegi apaindutakoak dira eta naturaltasuna galtzen dute. Honi guztiari musikaren erabilera zalantzagarria gehitzen badiogu (adibide, poliziak istripua izan duen emakumea salbu jartzen duen eszena oso ondo filmatua dago, baina musika soberan dagoela pentsatzen dut), handia izan nahian bide erdian geratzen den lana daukagu.

Arrazakeriaren inguruan

Nork: azabala.2006/02/13 12:51:15.774 GMT+1
Etiketak: kritikak | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Horixe da hain justu ikusi doten azkeneko filma. Aurretik ezer entzun barik neukan pelikulaz, baina aitortu behar dot, intentzioz beteriko filmak bete egin ninduala. Hango arrazakeria hura, Los Angeles hirian bizi dena, ez dogu oso gertutik igartzen guk eta badirudi, zuk diozun moduan, gehiegikeriatan aritzea edo "bortxatuak eta gehiegi apaindutakoak dira eta naturaltasuna galtzea". Hala ta be, niri neuri intersgarria iruditu jat pelikula. Eta kontuan hartuta aspaldi honetan aukera dezente eskasak eskaintzen dizkigutela zine aretoetan, ariketa interesgarria pentsau jat Crash hau. Hurrengo apustua Good night and good luck izango dot.

Nork: Desplazatua.2006/02/13 16:28:08.671 GMT+1
http://www.goiena.net/blogak/marijo

Aupa pareja,

"Gainera, une batzuetan gertatzen diren kointzidentziak eta pertsonaien arteko topaketak zerbait bortxatuak eta gehiegi apaindutakoak dira eta naturaltasuna galtzen dute".

Esaldi horrekin geratzen naiz. Musikaren kontuarekin ere ados: musika zerutiar hori, bortxatua baita.

Duela urte batzuk modan jarri ziren gurutzatzen diren istorioak nahasten dituzten filmak. Niretako hau adibide txarra da, zenbait momentutan sinesgarritasunik gabea gainera. Ni aspertu egin nintzen.

Matt Dillonek Oscarra irabazten badu film honengatik, akabo fandangoa!

Nork: edu.2006/02/13 19:43:48.789 GMT+1
http://www.goiena.net/blogak/edu

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak