
Zuzendaria: Zhang Yimou.
Aktoreak: Zhang Ziyi, Takeshi Kaneshiro, Andy Lau.
Puntuazioa: ***--
Zhang Yimou zuzendari txinatarrak ospe handia lortu du zinema munduan, gure pantailetan ezagutzera eman zen Sorgo rojo filmarekin. Hark abentura eta western kutsua zuen, eta liluratuta utzi gintuen istorioa kontatzeko modu dotorearekin.
Irudiak eta koloreak erabiltzeko moduak zoragarriak ziren. Handik aurrera hainbat genero ukitu ditu: Jou dou melodrama zen; La linterna roja-rekin, maisutasunez, dramara hurbiltzen zen; Qui jou, Una mujer china eta El camino a casa-rekin lan umilagoak eta errealistagoak ziren; eta azken bolada honetan, Hero eta orain La casa de las dagas voladoras-ekin, borroka-arteko zinemara jo du.
Genero ezberdinak
Hero-k izandako arrakastak kemena eman dio Yimouri oraindik beste pauso bat aurrera egiteko, izurra izurtu nahi izan du; eta horrek bere alde onak eta bere alde ez hain onak ditu. Yimouk, aipatu dugun moduan, borroka-arteak erabiltzen ditu, eta horiei, nahiz istorioa duela urte pila girotuta egon, agente sekretuen eta espien filmen ezaugarriak eransten die: gauzak eta pertsonaiak ez dira hasiera baten ematen dutena, denek engainatu nahi dute euren helburuak lortzeko.
Hero
Horrela, istorioak mila buelta ematen ditu; itxura protagonista bihurtzen da filmean. Eta istorioak dituen biraketa ugariak borroka ikusgarri eta luzez beterik daude. Ematen du zuzendariak gozatzen duela eszena horiek egiten, agian gehiegi, eta horren ondorioz, batailek minutu gehiegi betetzen dituzte eta filma gehiegi luzatzen da.
Borroka nagusi
Dena den, La casa de las dagas voladoras ikustea merezi duen lan ederra da; ez da borobila, baina baditu eszena batzuk benetan liluragarriak direnak. Filmaren hasierako zatian, dantzarien etxeko eszena magikoa da: jantzi dotoreak, koloreak, irudien edertasuna, dekoratuak, erabilitako efektuak, erritmoa, koreografia. Dena bere puntuan dago. Eszena hori harrigarria da, agian, filmaren puntu gorena, eta horrexegatik bakarrik zineman sartzea mereziko zuen, baina, La casa de las dagas voladoras-ek baditu gogoan izateko beste momentu batzuk ere.
Eszenaratze magikoak
Idatzi artikulu bat