
Zuzendaria: Fernando Meirelles
Aktoreak: Ralph Fiennes, Rachel Weisz, Danny Huston
Puntuazioa: ****-
El jardinero fiel-ek, mezu orokor honez gain, farmazia-enpresa handien eskrupulo ezean sakontzen du. Horiek, herrialde boteretsuen babesarekin, euren boterea handitzeko, ez dute zalantzarik izaten gizaki errugabeak erabiltzeko momentuan. Gai honekin, espioien munduan sartzen gara. Istorioaren protagonista nagusia, Ralph Fiennes, bihotz oneko baina pixka bat moldakorra den diplomatikoa, poliki-poliki, egoera ikusten doan neurrian, korporazio handien eta ustelkeri politikoaren mundu hotz eta krudelaren sareetan nahaspilatuko da.
El jardinero fielek, John Le Carréren izenburu berdineko eleberrian oinarritutako filmak, gutxienez hiru geruza desberdin ditu: salaketa, intriga eta amodio istorioa, hain zuzen ere. Filmaren mezu orokorrari dagokionez, argi eta garbi erakusten digu mendebaldeko munduak duen jarrerari buruzko salaketa: oso interes txikia ikusten dugu Hirugarren Munduko arazoez. Gure arazoak kontuan izaten ditugu, gure ongizateaz bakarrik arduratzen gara, eta beharrak dauzkatenei ez laguntzeaz gain, gure pribilegioak mantentzeko ez zaigu axola horien gainetik pasatzea. Korporazio handiak eta politikaren mundua
Eta amodio istorioa Fiennes eta honen emaztearen eskuetatik etorriko da. Emaztea bidegabekerien kontra buru belarri lanean ari den emakumea da, eta diplomatikoa bere emaztearengatik zerbait baztertua sentitzen denean, zalantzak edukiko ditu honen benetako sentimenduez. Horrela, bere ikerketetan herri boteretsuen ustelkeriaz jabetzeaz gain, bere emaztearen izaera eta sentimenduak nolakoak ziren ezagutuko du.
Azaldutako hiru alderdiak ondo bateratuak daude, eta horrela oso film interesgarria lortzen da. Meirellesek istorioa oso modu biziaz kontatzen digu: kamara asko mugitzen du, plano asko erabiltzen ditu, denbora aurrera eta atzera egiten du, eta koloreek bi munduak bereizteko balio dute: Afrikako koloreak intentsitate handikoak dira; Europakoak, aldiz, grisak eta bizi gutxiko urdinak dira: El jardinero fielek indar handi du, lan konplexua da pertsonaia eta datu asko ditu- eta ederki garatzen ditu pertsonaiak espioitza generoaren barnean.
Ondo bateratutako alderdiak
Erantzunak
Oso oso film ona. Hala iruditu zitzaidan asteburuan. Le Carre-ren izena irakurrita, uste nuen espioein thriller geopolitiko bat izango zela, eta, hara!, The English Patient eder haren beste bertsio eder bat iruditu zitzaigun. Ez bakarrik Ralph Fiennes delako protagonista, beste paralelismo mordoa ere bai... Baina ez ditut destripatuko.
Nork: Luistxo.2005/11/14 15:37:00.068 GMT+1
http://www.eibar.org/blogak/luistxo
Musika Alberto Iglesias donostiarrarena.
Nork: irati.2005/11/14 17:16:08.667 GMT+1
Musika, zoragarria. Pelikula lau izarretakoa.
Atzo, zinematik atara ondoren, neure buruari galdetzen neutsan zer (ostia) egiten dogun ahuntzaren gaberdiko eztulaz arduratzen.
Nork: patxi lurra.2005/11/22 23:27:43.081 GMT+1
www.goiena.net/blogak/patxi
Bikainaa!!benetan soragarria.ez duzu galtzen pelikularen arretarik momentu batean bez!atsegina izan zait, argumentua oso landua, musika polita, aktoreak lortu du bere lanan sartzea.
Nork: MiRiAm!.2006/03/13 23:45:52.579 GMT+1