Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2005/03/11 16:05:39.936 GMT+1

Reencarnación

Zuzendaria: Jonathan Glazer

Aktoreak: Nicole Kidman, Danny Huston, Lauren Bacall.

Puntuazioa: ***--

Goienkaria-ko azkeneko zenbakian, Entre copas aipatzerakoan, idatzi genuen Alexander Paynek ohikoak ez diren filmak egiten dituela. Bada, gaur, halako beste lan batez arituko gara, "Reencarnación":http://www.imdb.com/title/tt0337876/ -i buruz, hain zuzen ere. Payneren filmak komedia generoa erabiltzen badu, Jonathan Glazerrek misterio eta gertakari paranormalen generoetara hurbiltzen da, baina, hori bai, oso modu berezian; ez ditu genero horiek erabiltzen dituzten efektuak, odola, ustekabeak eta zalaparta ugari erabiltzen. Dena isilagoa, barnekoiagoa da; sortzen den kliman datza *Reencarnación*-en xarma. Zuzendariak, misterioko filmen eskema jarraituz, amodioari buruz eta bizitzan dauden amodio mota desberdinei buruz (heriotza gainditzen duen amodioa, irrika gabeko amodioa, ezkututako amodioa...) hitz egiten digu.

Istorioaren hasieran ikusten dugu footing egiten ari den gizon baten heriotza. Hamar urte pasa ondoren, haren alargunak, buruari mila buelta eman ondoren, berriz ezkontzea erabakiko du, eta momentu horretan, 10 urte dituen haur bat agertzen zaio bere hildako senarra dela esanez. Kontatukoari misterio kutsua emateko, zuzendariak ia erakusten digu parkean gertatzen den eszena bat, ez dugu eszena ondo ikusten, baina argi geratzen zaigu bertan gertatutakoak garrantzi handia izango duela sortzen den enigma ulertzeko.

Intrigaz beteriko istorioa

Sen onak esaten dio familiari haurrak esaten duena ezinezkoa dela, baina bildutako datuak zalantzak sortuko ditu, batez ere, alargunaren pertsonaian. Horrela, oso harreman bitxiak sortuko dira pertsonaia guztien artean. Eta pertsonaien horien sentipenen islan datza filmaren indarra. Intriga kutsua eta jakin-nahia istorioaren inguruan sumatzen dira, eta erakargarriagoa bihurtzen dute sortzen den amodio istorio berezia.

Zuzendariak ederki kokatzen du kamara, ondo erabiltzen ditu plano gertuak pertsonaien sentipenak islatzeko, aktoreek lan bikaina egiten dute, eta Alexandre Desplaten musikak (baditu baltseen eta sehaska kanten ukituak) oso klima berezia ematen dio ezohiko amodio istorio honi.

Nork: Antonio Zabala.2005/03/11 16:05:39.936 GMT+1
Etiketak: kritikak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak