Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2005/11/28 14:58:44.978 GMT+1

Plazer bat izan da

Ametseri ohostu diot puntu erdia, baina seguru nago barkatuko didala. Plazer bat izan da bai Urretxuko eta Berako saioetan egotea. Nahiz eta bigarrenean ideiak izozteko hainako hotza egiten zuen. Nik ere nire bertsolari faboritoak ditut eta niri ere zenbait bertsolariren kantaera ez dait gustatzen, baina bertsolari guztiak ondo abesten entzun nahi ditut era honetako saioetan. Saioak berak irabazten du holakoetan. Poztu egin nintzen beste Irazu bat entzunda. Poztu egin nintzen beste Sustrai bat entzunda. Poztu egin nintzen Amaia ondo ikusita. Poztu egin nintzen Fredi "fredikeriak" egiten entzunda. Poztu egin nintzen Etxahun beti bezain sinple eta elegante ikusita. Poztu egin nintzen Ametsen perlak jasota. Poztu egin nintzen Xabi horren gustora abesten ikusita (antzerki eta guzti). Poztu egin nintzen Arkaitz horren ondo ikusita. Poztu egin nintzen Mantxik puntuei emandako erantzunekin. Poztu egin nintzen Martinen ateraldiekin. Poztu egin nintzen Aitorrek bertsotan zein errez egiten duen ikusita. Poztu egin nintzen Maiak ofizioan emandako erantzun onak entzuterakoan. Bertsolari batek egun ona ez izateak saioari berari egiten dio-eta kalte.

Gorabeherak gorabehera, eta gustoak gusto, Urretxu eta Berako saiok osoenak izan ziren nire gustorako. Gero bertsolariak eta bertsoak banan banan hartuz gero, denetarikoak izan ziren. Baina denekin gozatu nuen momenturen baten. Eta hori ez da gutxi!

Eta zelan ez, plazer bat izan da Ametsen kartzelakoa entzutea. Puntu gehiegi jaso omen dute bertsolariek itzuli honetan (bertsoforo.com-en irakurri dut). Nik buelta emango nioke. Lehengo itzulian puntu gutxiegi jaso zuten zenbait bertsok. Eta, bai, plazer bat izan da.

Nork: zihara.2005/11/28 14:58:44.978 GMT+1
Etiketak: potolapsusak | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2005/11/24 11:29:58.455 GMT+1

Amets Arzallusi elkarrizketa Berrian

Zure lanbidea zein den galdetuz gero, zer erantzungo didazu?

Berez bere adinari ez dagokion ziurtasun eta heldutasunarekin mintzo da Amets Arzallus.

Ikaslea naiz oraindik, karrerarik ez dut bukatu.

Eta aurrera begirako ofizioa?

Nik nire burua bertsotan erosoago ikusi izan dut beste edozer gauzatan baino. Nahiz eta kazetari lana gustukoa dudan. Bertsoa hartzen dut lehen langaitzat, eta gero kazetaritza.

Elkarrizketatzailea ala elkarrizketatua izatea nahiago?

Elkarrizketatzaile edo kazetari diren denek esaten dute askoz nahiago dutela elkarrizketatzaileak izan. Niri lehenago tokatu zitzaidan beste aldean egotea. Baina ohitzen hasi naiz elkarrizketatua izatera eta seguruago sentitzen naiz alde hortan.

Zer da behin eta berriro galdetzen dizuten hori?

Gehien galdetu didatena da ea bertsotan nola hasi nintzen. Eta uste dut mila aldiz esan dudala bertsoen mundura sartu baino, bertso munduan sortu nintzela; aita bertsolaria delako eta etxean giro hori bizi dugulako.

Sekula galdetu ez eta galdetzeko desiratzen zaudenik?

Egia esan, elkarrizketa prestatzen dudanean askotan galdera horren bila ibiltzen naiz, inoiz galdetu ez den hori zer ote den, baina ez dut sekula aurkitzen.

Papera nekatu egin omen zen zu ikusteaz eta Berriako iritzi zutabeak idazteari utzi zenion.

Agortu egiten da norbera. Kontatzen ibili nintzen 16-17 urtetatik zenbat zutabe idatzi nituen eta astakeria bat iruditu zitzaidan. Batez ere, nik esateko neukana zenbat zen kontuan hartuta. Nik uste dut berritzeko ere denbora behar duzula. Batez ere nekeagatik utzi nuen eta beharbada lotsa ematen duelako idatziz esandakoa berriz ere bertsotan errepikatzeak. Nahiago dut memento honetan bertsotan esan, idazten ibili baino.

Bertso paperetan idatzi daiteke. Ematen al dute gerrarik gaur egun?

Nik uste dut ez daudela oso osasun onean. Memento honetan bertso paperak sariketetarako bakarrik idazten dira eta hor bukatzen da haien funtzioa. Nik uste dut bertso paperak baleukakela leku bat, edo izan lezakeela leku bat gaur egun. Ez dakit gehiegi zein formatutan, nola. Beharbada egunkarietako iritzien artean, tarteka izan lezake bere lekua. Beharbada denon artean pentsatu eta mugitu beharreko urak dira.

Bertso eskolako irakasle moduan, bertso-paperek betetzen al dute funtziorik?

Bertso eskola hasieran beti bertso paper bat izaten dugu. Bertso papera batzuetan eta bestetan bat-bateko saio bat idatzian dagoena. Irakaslearen bertso paper preferentziek markatzen dute bidea eta nik gehienak Lasarterenak erabili izan ditut. Abiapuntu on bat dela uste dut. Batetik denon artean kantatzen hasteko, berotzen joateko. Bestetik ikusteko gure garaikoak ez diren, edo aurrez aurre ezagutu ez ditugun bertsolariek zer eman eta zer esan dezaketen. Beharbada gaur hobeak idatziko dira, baina batzuetan, orduko bertsoak irakurrita, hizkuntzan behintzat dexente galdu dugula iruditzen zait. Lasarteren esateko erraztasuna ikusi eta badirudi euskara propio horretarako eginda dagoela. Nik hain egoki esaten ez dut beste inor entzun.

Txapelketa Nagusiak bestalde, inoiz baino arrakasta handiagoa izan du orain artean. Zu zerk harritu zaitu gehien?

Batetik, jendeak. Uste dut aurreikuspenik onenetan ere ez zela sartzen horrelako jendetzarik hurbiltzerik saioetara. Bestetik, bertsolarien aldetik, gehien harritu nauena, ez dakit harritu den hitzik egokiena, gehien gozarazi nauena Hendaiako Unai (Iturriaga) izan da, batik bat bakarkakoan. Bai Txapelketak komunikabideetan duen presentziak ere. Kantitatea ez da beti kalitatea, baina espazioa behintzat badauka.

Txapelketarako entrenamendurik onena?

Nik uste dut oraindik deskubritu gabe dagoela. Hau ez da zientifikoki aztertua izan, beste gauza pilo bat bezala, eta ez dakit aztertzerik dagoen ere. Bakoitzak dauzka bere ustez entrenatzeko bideak. Nik uste bi gauza daudela. Batetik, bertsotan egin behar duzu zerbait esan eta zerbait hori nolabait. Nik bereiztuko nuke zer esana eta nola esana. Nola esana jakinagoa da nola landu litekeen: oinen aldetik, hizkuntza aldetik, neurrian ahal bezain egoki sartzen eta josten... Zer esana nola landu litekeen zailago iruditzen zait. Edan liteke irakurriz edo entzunez... Egañak bere liburuan disimulazioa esaten zuen. Mixel Xalbadorrek esan zidan behin bere aitari entzun ziola: «Eni ez zait egundo bertsotan tokatu buruan ibili gabeko gairik». Zer esana nola landu? Nik uste dut horrekin ia dena esanda dagoela.

Finaleko ateetan gelditu zinen aurreko Txapelketa Nagusian. Badirudi atea botatzeko prest zatozela aurten.

(Barreak) Bota ez dut egin nahi. Ahalik eta ongien zabaldu. Egia da lehenbiziko finalerdietako saioak ongi kokatuta utzi nauela. Egia esan, maiz galdetu didate, baina nik ez neukan aurreko amorraziorik, ez neukan arantza berezirik orain dela lau urteko txapelketa dela eta.

Orduan ez nintzen sartu. Nire aurretik gelditu zirenek nik baino hobeto egin zuten bertsotan eta ni nahiko gustura gelditu nintzen. Gainera, txapelketaren ondoren zortea izan nuen plaza batzuk egiteko. Nafarroako Txapelketa ere azkar etorri zen. Berriz zerotik hasi naiz eta atea botatzeko inongo asmorik gabe. Nahiko zabalik gelditu dela dirudi, baina, hala ere, itxaron nahi dut finalerdiak bukatu arte.

Zer espero duzu aurkitzea atearen beste aldean?

Atearen beste aldean Andoni (Egaña) eta Maialen (Lujanbio) daude. Badakigu nola egiten duten bertsotan, baina ez dakigu zenbateraino eman dezaketen, aurrez ez baititugu entzungo. Txapelerako bi hautagai nagusienak dira. Ez dut uste bakarrak direnik, leku batzuetan irakurri dudan bezala. Baina bai nagusienak. Dena den, finala ez da txapela bakarrik, hori bakarrik balitz ez litzateke hainbesterainokoa izango. Han egongo diren zortziek zerbait utzi nahiko dute.

Orain artekoa ikusita jendeak gehiago espero omen du zugandik.

Errazagoa da esatea egitea baino. Ni orain arteko bidean segitzen saiatuko naiz.

Urduri ez omen zara jartzen, baina aitortu gabeko beldurrik baduzu?

Egia da ni egunera arte nahiko lasai egoten naizela eta ez dudala problemarik bezperan lo egiteko. Egunean bertan tentsioa izaten dut, ez gainez egiten didanik, baina bai tentsioa. Ez nuke esango beldurra denik.

Bertsolari on batek belarriak adi behar omen ditu. Zer gehiago?

Bi begi zabalik. Maialenen bertsokera gertuago sumatzen dut ikustetik, ikusaraztetik. Ikusarazi egiten dizu esaten duenak. Nik uste horrek entzundakoak adina balio duela.

Bertso saio baten ostean autoan bertsoak errepasatzen dituen horietakoa zara?

Bai. Nik uste dut gehienak garela. Nik gehienak ezagutu ditut holakoak. Eta horrek balio dizu entrenatzeko. Zein beste bide jorratu zitezkeen zein beste ideia egon liteken. Horrek balio dizu hurrengorako burua beteago edukitzeko edo bide gehiago ikusteko. Entrenamendu bide nahiko ona da eta oraindik hobea konpartitua bada. Plazak ematen duen gauza onenetako bat hori da: joatea edo bueltatzea bertsolariekin eta hizketan bata besteari entzutea. Komentarioen artean zu ere aberasten zara.

Ba al dago bada, bertso perfekturik?

Kanbon geundela kolegioan Fisikako irakasle batek hogeiren gainean jartzen zituen notak eta dena ondo egiten zuenari inoiz ez zion hogei jartzen, beti hemeretzi. Guk 13-14 urte genituen eta inoiz ez genuen ulertzen zergatik egiten zuen hori eta amorrazio puntu bat ere ematen zuen. Nahiz eta ni ez nintzen politika horrek penalizatua izateko arriskuan ibiltzen. Baina orain pentsatzen jarrita, gustatzen zait zeukan sistema. Beti hobeto egin litekeela erakutsi zigun, eta bertsoarentzat ere balio lezake.

Bakoitzak bere nortasuna emanen dio bertsoari, zure esanetan.

Nik uste dut inportanteena dela eta, aldi berean, zailena ere bai. Bilatzea edo jakitea zu nolako bertsolaria zaren eta zer den bertsoari eman nahi diozuna. Bertsotan aurpegi ezberdinetatik kantatzen dugu, baina badago aurpegi denen azpian ahots bat berdina izan behar duena. 22 urterekin ez nuke esango garbi daukazunik. Bertsolari eredu batzuk ikusi eta horietatik edan duzu eta agian horietatik zerbait izan nahi duzu. Baina ez da nahi duzuna bakarrik. «Nik nahi dut Unai Iturriagaren irudimena, Igor Elortzaren elegantzia, Lasarteren egokitasuna, Lizasoren etorriaÉ». Baina nahi izateaz gain ahal zenezakeen zerbait bilatu behar duzu, eta gero hori zeure bihurtu. Hori oraindik zailagoa da. Unai da horretan adibide. Unairen bertsoa beti firmarekin joaten da.

Eta bertsoak zer eman dio Amets Arzallusi?

Uste dut nortasun bide batzuk markatu dizkidala. Bai ezagutzeko aukera eman didan jendearengatik eta baita ezagutzeko aukera eman ez didan jendearengatik ere. Nik uste dut dexente. Ez dakit arrazionalizatzen zer eman didan eta zer ez, baina bertsoa ez banu izan, ez nintzateke erabat naizen bezalakoa izango.

Bertsolaritzak garai berrietara egokitzen jakin izan omen du.

Txapelketan harritu ninduen beste gauza bat da zenbat gazte jende zegoen Hendaian. Hendaian inoiz ez nuen hainbeste jende ikusi eta zenbat gazte zeuden han saioan... Gazte horiek denak baldin badaude bertsoari adi eta segitzeko gogoz, nik uste dut bizi dugun garaira ere egokitzen asmatu dugulako dela. Zer eta nola egin den ez dakit. Bertsolariek izango dute erru pixka bat. Izango du bertsoaren zirkuitu guztia antolatzen duenak.

Zer falta zaizue bertsolarioi, zure ustez? Autokritikarik?

Doinuei eta kantaerari ez diegu duten garrantzirik ematen. Gure doinutegia nahiko aberatsa izaki, guk plazan gehien darabilgun doinu multzoa nahiko pobrea da. Beti antzekoetan erortzen gara, axola faltagatik askotan. Eta bestetik ofizioa bikoteka egin beharreko lana izanik, doinuarekin batera tonua ere adostu behar genuke agian. Are gehiago neska-mutilak gero eta gehiago nahasten garen garaiotan.

«Aitarengandik heldu zait dena. Aita bertsolaria nuen etxean, beraz nik uste dut mundutxo honetan sortu nintzela». Zeuk esana.

Nik uste dut ibiltzen ikasi baino lehen aitak besoetan bertso eskolara eraman izan ninduela. Nik erabaki baino lehen hala izan nahi nuela, bide horretan nengoen. Pixka bat fatalista ematen du, baina nik uste hala izan dela. Sustrairekin (Colina) komentatu izan dut. Guk erabaki edo pentsatu baino lehen bertsolari izan nahi genuela, hor nonbait geunden. Pribilegiodunaren autokritika da. Barruan egon nahi genuen edo ez pentsatzeko beranduegi zen eta aurrera segitu genuen. Agian pentsatzen denbora pasa izan bagenu trenak alde egingo zigun.

Aita behin eta berriz aipatu dugu, baina zer jaso duzu amarengandik?

Lanerako diziplina. Amak lan bat egin behar badu, edo zerbait ikasi behar baldin badu, oso diziplinatua da. Unibertsitateko karrera ere berandu egin zuen, lehen aukerarik izan ez zuelako. Nik uste aitak ez daukala hainbeste hortik. Uste dut amari zor diodala horren parte bat.

Zure lehenengo Eskolarteko Txapelketa gogoan duzu...

Gogoratzen naiz, bai. Lehenbiziko aldiz Gipuzkoako Eskolartekoan kantatu genuen. Taldeka zen orduan. 1992an zela uste dut. Nik orduan 8 urte nituen. Gu Iparraldeko onenak ginen, ez baitzegoen besterik. Ez zegoen norekin lehiaturik eta Gipuzkoakoan parte hartzen utzi ziguten. Nire arrebarekin eta Sustrairekin osatu genuen hirukotea.

Norekin abestuko zenuke gustura?

Ezinezkoa da baina badira nik gehienek bezala mirestu ditudan bertsolariak. Lazkao Txiki, adibidez, inoiz aurrez aurre ikusi ez nuena. Eta bestea Xalbador. Hori zailagoa zen, ni jaio baino lehen hilda zegoelako. Hainbeste entzun eta ia mito bihurtu direnak. Guraria eskatzea baldin balegoke, hori behintzat eskatuko nuke.

Gaur egun inbidia ematen dizun bertsolaririk?

Nik beti Joxe Agirre esan izan dut. Hain erraz egiteak niri inbidia ematen dit. Azkeneko txapelketako irudiak hartuz, hango Maialen Lujanbiok ere ematen zuen inbidia apur bat. Ordu arte nik ikusi gabeko bertso molde bat ikusi nuen. Besteek ordurako jakingo zuten, baina ni orduan ohartu nintzen bertsotan ahal bezain ongi egiteko ez zegoela zertan txapelduna imitatzen saiatu.

Lautan Nafarroako txapeldun. Noizko Lapurdiko edota Ipar Euskal Herriko txapeldun?

Txapelketa egiteko aukera izango dugula uste dut. Esango nuke lau urte baino lehen izango dela Lapurdikoa edo Iparraldekoa. Iparraldekoa segur aski. Txapelketa antolatzea bera bada nahiko txapel Iparraldeko bertsolari eta bertsozaleentzat.

Nork: zihara.2005/11/24 11:29:58.455 GMT+1
Etiketak: potolapsusak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2005/11/24 01:00:00 GMT+1

Sahara


Hainbat kazetari eta erakundek ahaleginak eta bi egin arren, Saharan gertatzen denaren berri jakitea ez da erreza.

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko telebistak hainbat testigantza eta erreportai bildu ditu bere webgunean.

www.rasd-tv.com

Hmad Hammad ekintzaile sahararraren testingantzak bildu dituzte besteak beste (espainolez). Merezi du bisita egiteak.

Nork: zihara.2005/11/24 01:00:00 GMT+1
Etiketak: bapatekoak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2005/11/22 12:54:14.314 GMT+1

Pasatzeko hitzik gabe


Bai, hitzik edo berbarik gabe utzi nau aurtengo Txapelketa Nagusiak. Kritikak kritika, izugarria da bertsolariek erakutsi duten maila.

Eta entzuleok ez al gara adituegiak? Ez al diegu bertsolariei gehiegi eskatzen?

Azkenengo saioa hartuko dut adibide moduan. Besterik gabe, azkena izan delako. Ez kasu bakarra delako.

Ametsek seiko puntuko motzean egin zuen maisulanak ez al zuen jaso zuen baino txalo zaparrada eta harridura gehiago merezi? Eta horrekin ez dut esan nahi Ametsek horrelako bertsoak botatzea arraroa denik. Ezta gutxiago ere. Kontua da era horretako bertsoak entzun eta normaltzat hartzen dituztela entzule askok. Eta epaileek ere normaltzat hartu zituzten puntuak kontutan hartzen baditugu.

Baina ez da Ametsen kasua bakarrik. Bertsolariek orokorrean etxeko lanak ondo eginda ekarri dituzte. Finalerdietara pasatu ez diren hainbat bertsolarik ere gogoan hartzeko bertsoak oparitu dizkigute. Zoritxarrez, ez dugu horrelako oparirik merezi. Bai ala?

Nork: zihara.2005/11/22 12:54:14.314 GMT+1
Etiketak: potolapsusak | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2005/11/21 15:28:32.403 GMT+1

Olatuak eta lainoak

Hona hemen Maltako kareharrizko kostaldea eta dauden olatu gutxiak.

Nork: zihara.2005/11/21 15:28:32.403 GMT+1
Etiketak: ikusi eta ikasi | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)


Estatistikak