
Zapatu gauean ateratako argazkia da. Saint Lary gaineko taberna batek kanpoan jarri zuen txiringitoan. Tourreko auto eta kamioiak 01:00ak aldera hasi ziren gainera iristen. Domekako etaparako podiuma, kazetariendako lantokiak, azken metrotan jartzen dituzten kartelak, karpa erraldoiak eta beste hainbat traste garraiatzen dituzten kamioiak ziren. Itsas faroek bezalako zarata ateratzen zuten klaxonek. Ordurako, hesi batzuk jarrita zeuden dagoeneko Saint Lary gainean. Jendea, hesiak, musika, giroa, jendea eta kamioiak. Denak ez ziren sartzen. Batzuk, kamioiak geldiarazi nahi zituzten, baina kamioiek aurrera egin zuten, alboko hesi batzuk aurretik apartatuz. Han zeuden batzuk lurrera erori ziren.

Domeka goizean, 07:30ak baino lehen atera nintzen kanpin dendatik. Lo gelditu ziren gelakide izan nituen beste hiru lagunak. Goizero bezala, komunera joan nintzen eta ni baino lehenago jende asko jaiki zela ikusi nuen han. Bueltan, Saint Lary herri esnatu ezinda, lainopean, ikusi nuen. Hauxe da erretratua.

Saint Lary herritik gainera igotzeko, teleferiko bat dago. 7 euro balio zituen bidaia batek, eta 12 joan etorriak. Bergarako bost lagunek herrian kanpatu zuten eta domeka eguerdian teleferikoa hartu eta guregana etorri ziren bisitan. Hamarretako txiki bat ere egin genuen elkarrekin eta argazki bat atera genuen, nahiz eta ez geunden denok. Gero, oinez mugitu ziren mendatean behera, mendateko lehen lauzpabost kilometrotan ikusi nahi zuten etapa eta.

Batzuk, 09:30ean hasi ziren mendatea jaisten ogitartekoak eta izozkailuak aldean zeramatzatela. Gu, 14:00ak aldera mugitu ginen. Helmugara heltzeko 1.200 metro inguru gelditzen zirela toki aproposa ikusi genuen, gerizpetan, eta hantxe gelditu ginen. Errepidean eserita egon ginen, ogitartekoak bazkalduaz, Tourreko karabana etorri arte. Ez ginen bakarrak, noski.

Karabanako autoetan zetozen gehienak, busti-busti eginda zetozen. Zain geundenoi ere ura bota ziguten batzuk kartxerrarekin. Txapelak, poltsak eta ur botila txikiak ere jaso genituen. Ikusgarria izaten da karabana: apaindutako autoak, moto eleganteak, opariak, musika, txirrindulariak laster datozen seinalea... Eta a ze erre usaina. Autoen motorrek eta enbrageek paliza ederra hartu zuten.

Oso sakabanatuta iritsi ziren txirrindulariak Saint Lary gainera. Tarte handiarekin. Asko harritu ninduen gauza batek: gu geunden puntuan, errepidearen erdia bakarrik hartzen zuen lasterketak, jendea, eta lasterketa tarte horretan geunden. Lasterketa bukatzen zuten txirrindulariak, gainera, bertatik jaisten hasi ziren. Batzuk oraindik gora heltzeko, eta besteak behera, hotelerako bidean. Topo egiten zuten. Guk, adibidez, Kloden ondoan izan genuen, gelditu egin behar izan zuelako gora zetorren txirrindulari bati traba ez egiteko. Bestalde, zale asko Mayoren zain zeuden eta Mayo pasa ostean, mendatea igotzen hasi ziren. Eurendako bukatu zen domekako etapa.
Idatzi artikulu bat