Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2005/07/19 09:49:27.027 GMT+2

Txirrindularitza zale ez hain jatorrak

Benetako txirrindularitza zaleei behin baino gehiagotan entzun diet azkenaldian, kirol honen inguruan sortzen direnak antz handia dutela futbolaren inguruan sortzen direnekin. Garaipenak eta porrotak ospatzeko moduagatik batez ere.

Pirinioetan Tourra igarotzen denean errepide ertzean batzen den jendetza ikusgarria izaten da. Polita izaten da kamiseta laranja eta ikurriƱa piloa ikustea. Eta hemengo hedabideek beti nabarmentzen dute euskal txirrindularitza zaleen jatortasuna: zale onenak, euskaldunak!

Hala ere, salbuespenak ere izaten dira eta hain jator portatzen ez diren zaleak ere badira. Tourra aitzakia besterik ez da horientzat. Zale horien berri gutxitan izaten dugu, hemengo hedabideek apenas jarduten dutelako horien gainean.

Egia da Pirinioetan batzen den ehunka euskal txirrindularitza zaleen artean gutxiengo direla horiek eta gehienek portaera bikaina erakusten dutela, baina bestelakoak ere badira. Euskal ziklisten arerioak edo bandera espainolaz doazenak iraindu; jendarmeei garagardo botilak edo harriak jaurti; Euskalteleko autoa astindu... Horrelako portaerak izaten dituzte gure euskal txirrindularitza zale ez hain jator horiek.

Milaka ikus-entzuleren aurrean nabarmen geratu dena izan da (inori irainka edo ezer jaurtitzen ikusi ez badugu ere), bilbotar (eta Athletic zale; izan ere, eskuko telefonoaren deiak jasotzeko txuri gorrien ereserkia zeukan eta hori erakutsarazten saiatu zen behin eta berriz errepide ertzean batutakoei) txotxoloa.

Maldan gora ihes eginda zihoazen bi txirrindularien parean ipini eta haien ondoan korrika ez da ba hasi ergela, eta atzetik telebista kamerarekin zetorren motoak ez du ba harrapatu! Eta, okerrena, ikurriƱa eskuetan zeramala! Hori lotsa sentiarazi ziguna!

Ez Berria-k, ez Gara-k ezta Deia-k ere ez dute ia aipamenik ere egin euskal txirrindularitza zale ez hain jator horien gainean eta uste dut ez dela egokia hori ezkutatzen ibiltzea. Geure artean, ez hain jator direnak ere batzuk badirelako.

Nork: Eneko Azkarate.2005/07/19 09:49:27.027 GMT+2
Etiketak: kronikak | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Ez dakit zertara datorren athleticzale izateari egiten diozun erreferentzia. Izan ere, bilbotar eta bizkaitar gehienak athleticzaleak dira, eta euren artean denetarik dago: txotxoloak, ez hain txotxoloak, eregelak, ez hain ergelak, txirrindularitzaren zale apartak eta ez hain onak.

Berdin berdin izan zitekeen realzale bat, edo deportivokoa, edo yanki bat. Dinot nik, zeren ni neu athleticzalea naiz, eta sekula ez nuke arineketan egingo karreristen parean. Susmatzen dut gura barik atera zaizula bilbofobia.

Osterantzean ados zugaz, erabat.

Nork: Xabi.2005/07/19 13:30:57.351 GMT+2
http://xabito.blogsome.com

Ez daukat Bilbofobiarik. Eskuko telefonoaren anekdota kontatu nahi nuen, zuzeneko lekuko izan zen lankide batek kontatu didalako eta erakusten duelako benetan txotxoloa dela zale hori.

Eskuko telefonoan Realeko ereserkia, Gora Ta Gora, Eusko Gudariak edo Espainiako himnoa erabiliko balu, berdin aipatuko nuke.

Nabarmendu nahi nuen zale horren jarrera txotxoloa, behin eta berriro eskuko telefonoaren sintonia erakutsarazi nahi izanagatik.

Nork: Eneko Azkarate.2005/07/19 18:39:36.528 GMT+2
%00

Barkatu aipamena txarto ulertu badut, baina iruditu zitzaidan athleticena nabarmendu nahi zenuela. Esan bezala, osterantzean ados nago zugaz. Dena dela, pentsatzekoa da Piriniotakoa bezalako masifikazioa gertatzen denean txotxolo himnozaleak tonaka joango direla.

Alde onekin batera, txarrak.

Nork: Xabi.2005/07/20 12:25:48.408 GMT+2
http://xabito.blogsome.com

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak