Egubakoitz gauean heldu ginen Saint Lary-ra. 16 lagun, lau kanpin denda, lau auto, furgoneta bat, bi mahai luze eta bi karpa handi. Tokia ere behar genuen eta kosta egin zitzaigun aurkitzea. 10 bat kilometro ditu mendateak eta errepidea oso estua da, ez dago autoa uzteko ere tokirik. Ondoko terrenoak aldapan daude. Herrian bertan daude tokirik aproposenak dendan muntatzeko, lautadak. Gu, ordea, gaineraino joan ginen. Ilunetan muntatu genuen kanpamendua. Domekan, helmugarako 500 metro falta zirela zioen kartela jarri zuten pare-parean.

Bero egin du asteburuan han. Zapatu goizean, 07:00etarako, bero egiten zuen denda barruan. Eta bero egin zuen zapatuan eta domekan. Haizea ere ibili zen, eta sekulako hautsa jasotzen zuen gainera. Hautsez albardatuta iritsi gara etxera, 01:45ean, errekako ur hotzarekin freskatzen eta garbitzen ginen arren.
Elegante pasa dugu asteburua. Bostek, bizikletak eraman dituzte eta birritan igo dute mendatea: zapatuan bakarrik beste txirrindularitza zale askorekin, domekan Esait-ekin. Besteok, mendi buelta eta argazkiak egin ditugu, bata eta bestearekin hitz egin, jendea agurtu eta Tourreko etapa baten amaierak eskatzen duen muntaia gertutik jarraitu. Etxekolanak, denok batera: salda, pasta entsalada, petxugak eta solomo freskoa izan ditugu jateko; edateko, zerbezak, freskagarriak, ardoa, ura, eta afal osteko mus partidarako, patxarana eta belar likorea ere bai.
Elegante

Erantzunak
Gu ere hantxe izan ginen eta bai ederki gainera!!!
Hori da hori eguzkiak berotzea!
Ia dena oso ongi joan zen, pena bakarra han izan ziren batzuen jarrera...
Nork: Unai.2005/07/18 13:51:51.458 GMT+2