Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2005/07/29 14:17:50.151 GMT+2

Bukatu da Tourra

Bukatu da 2005eko Tourra, eta balantzea egiteko garaia da. Inoiz izan den Tour azkarrena, Tour oso lehiatua, polita, eta nahi beste gauza esan ditzakegu, baina berriz ere Armstrong irabazle.

Guri dagokigunean, ezta Tour ona izan. Taldetik piztutako itxaropenak, errepideak erre ditu, eta badirudi izugarrizko porrota izan dela. Hala ere, horrekin ez nago guztiz ados. Argi dago, gauzak ez direla ondo irten, beste batzuetan taldea hobeto izan dela eta beste mila gauza; baina uste dut taldeari gehiegi exigitzen ari zaiola.

Podiuma eta etapak irabaztea ez dago askoren eskuetan, eta kontutan hartu behar da euskal txirrindulariez hornituriko taldea dela. Zenbat euskal txirrindulari izan dira lehen 30 postuetan? 3 bakarrik, eta horietan onena Euskaltelekoa, Erreala ela Athletic-ari urtero Championseko finalean egotea eskatzea bezalakoa da. Hala ere, ea etorkizunean gauzak hobeto egin, eta zalegoa gustorago uzteko aukerarik dugun!

Podiuma gutxiren esku

Beste alde batetik, ez nuke aipatu gabe utzi nahi, orain gutxi hemen irakurritako gutun bat. Gure taldeko txirrindulari bati zuzenduriko kritika zorrotz eta mingarria iruditu zitzaidan. Txirrindulari bat nola zaindu,entrenatu, eta bere onenak nola ematen dituen jakin gabe, ezin dira horrelako juiziorik egin, lortzen duten bakarra, kalte egitea baita. Eskerrak, denborak bakoiza bere tokian uzten duen, eta orduan aipatutakoa hankaz-gora gelditu den.

Amaitzeko, Esker mila, txirrindulariak animatu dituzuenoi, eta ia hurreno urtean pozen bat emateko moduan gauden, munduko zalego onena den horri. Besterik gabe, besarkada bero bat eta Aurrera Bolie!!!

Nork: Markel Irizar.2005/07/29 14:17:50.151 GMT+2
Etiketak: kronikak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2005/07/26 11:22:54.082 GMT+2

Denboraldia eta txirrindularitza ez dira amaitu Tourrarekin eta Armstrogekin

Amaitu da Tourra eta Armstrong-en kirol ibilbidea. Ameriketako estatu batuarrak bizitza berriari ekin beharko dio, Discovery etxearen inguruan eta txirrindularitza guztiz baztertu gabe. Zazpi Tour irabazi ditu, lorpen handia, baina azaltzeko errazak ez diren arrazoiengatik ez da ziklista maitatua izan. Ez, behintzat, Europan. Lorpen handienak Frantziako itzulian lortu ditu baina minbiziaren kontrako garaipena izan da bere bizitzako handiena.

Amerikarraren monopolioaren ondoren txirrindularitzan ez dira gauza gehiegi aldatuko. Bai, ordea, Frantziako Tourrean. Nortzuk ordezkatuko dute Lance Armstrong? Sortuko dira txirrindulari berriak? Ivan Basso, Jan Ullrich, Alejandro Valverde, Iban Mayo, Paco Mancebo, Carel Evans, Floyd Landis, Popovich, Cunego,...Txirrindulari asko dago, baina nork ordezkatuko du estatu batuarra Frantziako Tourrean? Nik Ivan Bassoren aldeko apustua egingo nuke. Aurten Italiako Giroan lan polita egin zuen eta gaitzarengatik izan ez balitz berak irabaziko luke. Frantziako Tourrean ere ondo ibili da. Txirrindularitza, ordea, ez da Frantziako Tourra. Oraindik denboraldi asko geratzen da eta ikusiko ditugu hamaika lasterketa. Espainiako Vuelta, Donostiako Klasikoa, Munduko txapelketak, Poloniako itzulia eta beste zenbait.

Txirrindularitzan aldaketa gutxi. Bai, ordea, Frantziako Tourrean

Euskal txirrindulariek aukera gehiago izango dituzte Tourraren ondoren. Frantzian ez dira ondo ibili. Haimar Zubeldia eta Xabier Zandio izan dira gure ordezkari onenak. Iban Mayok ez du itzuli onik egin eta Espainiako itzulian zertxobait gehiago erakutsi beharko du. Txirrindularitzaz dakitenek diote ziklista dela eta erakutsiko duela. Ea zortea duen eta aurrerantzean lan txukuna egiteko aukera duen.

Tourraren ondoren aukera gehiago izango dute euskal txirrindulariek

Frantziako itzulian izandako emaitzarekin gustura gaudenez, Espainiako Vueltan ere egin beharko dugu beste blog bat. Txirrindularitza gustuko dugunok, behintzat, idatzi beharko dugu. Ea bada txirrindularitza ona ikusteko aukera dugun denboraldia amaitu bitartean.

Vueltan ere bloga egin beharko dugu

Nork: getxabe.2005/07/26 11:22:54.082 GMT+2
Etiketak: kronikak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2005/07/24 18:24:23.459 GMT+2

ARMSTRONG ETA VINOKOUROV LAGUNAK

Kastako txirrindulariak bihurtzen dute Tourra handi. Aipatutako bi txirrindulariei ezaugarri hori falta zaiela ezin daiteke esan. Gaurko etapa esprinterren koto pribatua izaten da, baina Vinokourov horren kontra joanez, azken etapa irabazi du. Armstrong amerikarrak bestalde zazpigarren Tourra irabazi du jarraian. Txapela kentzeko txirrindularia da Planon jaiotakoa eta inork ezin dio meritua ukatu. Izandako gaixotasuna dela eta, hartzen dituen medikamentuen eraginez irabazten duela esaten du batek baino gehiagok, baina sekretua ez dago hor.

Linda bere amarekin hazi da Lance eta oso gertuan duen emakumea da hau. Bere aita ez zuen ezagutu eta aitaordekoekin hazi zen gaztea zenean. Hortik datorkio Armstrong abizena. Txirrindularitzan hasieratik oso erasokorra izan zen, garrasika alde egiten zuen pelotoitik. Horrela, 1993 urtean 23 urterekin munduko txapelketa irabazi zuen Oslon. Txirrindulari egoskorra, errespetu gabekoa eta inor baino hobea zela uste zuen. Hala ere, 1996 urtean inoiz esperoko ez zuen berri bat jaso zuen: barrabiletan kantzerra zuen. Gainera, biriki eta burmuinera ere igo zitzaion eta hiltzeko zorian egon zen. Bere bizitzako etaparik zailena izan zuen orduan: kantzerraren kontrakoa. Denborarekin gainditu egin zuen eta hortik aurrerakoa historia izan da, txirrindularitzako historia; izan ere, zazpi Tour irabazi duen lehenengo txirrindularia izan da. Seguru lortutako zazpi garaipenen bezain besteko arro dagoela Lance Armstrong Foundation elkarteagatik. Ondo segi bizimodu berrian!

Nork: Jon Unamuno.2005/07/24 18:24:23.459 GMT+2
Etiketak: kronikak | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2005/07/23 18:16:37.195 GMT+2

Zaharrak berri

Azken erlojuz kontrakoan, duela zazpi urtetik ona bizi izan duguna berriz bizitzen nenbilenaren sentsazioa izan dut. Atarrabiako erraldoiaren errekorra haustera zihoanetik beti izan dut gogoa ilargia zapaldu zuenaren abizen-kideak erorikoren bat edo zulaketaren bat izaten zuen, berriz ere Tour-a irabazi ez zezan. Ez gaizki pentsa. Ez diot ezer txarrik desio Armnstrong-i, baina nolabaiteko amorrua ematen dit, beti ere amerikarrak denetan garaile izate horrek. Ez da jausi, jauzi ederra egin du, ordea. Rabobank taldeko Rasmussen gajoak izandako zortea izan balu, zer gertatuko litzatekeen ezjakintasunarekin gelditzen naiz. Hala ere, nik behintzat ez dut dudarik, eta Asteleheneko Goienkarian nire lankide den Jon Unamunok ere ez du dudarik, aurtengoan Tour-a eroriko batengatik galdu izan balu, datorren urtean Discovery Channel taldeak ez luke liderrik aldatu beharko. Ametsetan jardun beharrean, hobe errealitatera bueltatzen banaiz. Eta errealitateak dio aurten ere abeslari ilehoriaren mutilak irabazi duela Frantzian, sekula baino diferentzia handiagoekin gainera, eta datorren urtean bera egongo balitz, garaipenak berriz ere Ameriketara alde egingo zuenaren sentsazioa utzita. Lau ordu gelditzen zaizkio kantzerraren kontra eskumuturreko gehien saldu dituenari profesional izateari uzteko. Une gozoak izango dira, merezitakoak duda barik, bizitzan zehar pasa dituenak pasa eta gero. Eta nolabaiteko amorrua ematen baldin badit ere: ZORIONAK LANCE ARMNSTRONG.

Nork: Jokin Etxebarria.2005/07/23 18:16:37.195 GMT+2
Etiketak: kronikak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2005/07/22 08:43:02.309 GMT+2

Galiziarren festa Tourrean

Taldeko txirrindulari sakrifikatua da Marcos Serrano, 12 urte daramatza profesionaletan, Kelmen hasieran eta Oncen eta Liberty Segurosen gero. Manolo Sainzekin sekulako lana egindakoa, taldeko lan zikina egitera ohitua eta beti ere liderren agindupean. Atzokoan garaipen handia eskuratu zuen Tourrean txirrindulari galiziarrak. Eguneko ihesaldian sartu zen eta 3 kilometroko azken mendatean bera izan zen indartsuena.

Pereirok (Phonak) eta Marcos Serranok (Liberty Seguros) eman dizkiote Galiziako txirrindularitzari historiako aurreneko garaipenak Tourrean. Pereirok lasterketa bikaina egin du, Pirinioetan protagonista izan da eta sailkapen nagusian ere ondo kokatuta dago. Marcos Serranoren lana, berriz, bestelakoa izan da. Roberto Herasentzat lan egitea zen bere helburua baina Libertyko liderrak kale egin du. Manolo Sainzek askatasuna eman zion eta galiziarrak ez dio hutsik egin. Zorionak, beraz, Galiziako txirrindularitzari.

Oskar Pereiro eta Marcos Serrano, historiako aurreneko garaipen galiziarrak

Nork: getxabe.2005/07/22 08:43:02.309 GMT+2
Etiketak: kronikak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2005/07/21 10:13:54.870 GMT+2

Azken aukera ihesaldi-zaleek?

Izan ere, bihar esprinterren taldeek aukera polita izan dezakete gogor lan egin eta helmugara tropelean heltzeko. Ikusiko dugu indarrik gelditzen zaien ihesaldi ahaleginak bertan behera uzteko.

Gaurko etapari dagokionez, laugarren mailako mendate bat, hirugarren mailako bi eta bigarren mailako bi; azkenekoa helmugatik kilometro eta erdira, 3,1 kilometro eta batez beste %10eko penditza. A zer-nolako etapa bukaera! Gainera, kontuan hartuta tropel erdi baino gehiago Parisera heltzeko gogoz dagoela, indarrez pattal.

Atzo bezala gaur ere ahaleginduko dira Ullrich, Vinokourov eta konpainia min egiten azken mendate horretan, haiek oraindik indartsu daude-eta. Baina oso gaitz dute Armstrong eta Basso atzean uzteko, horiek sasoi ezin hobean daude-eta.

Hasiera baten, abiada bizian irtengo dira ihesaldia egin arte, eta tropelak (Discoveryk, T-Mobilek eta CSCk) erabakiko du ihesaldiko baten bat ailegatzen den edo ez.

Nork: Sergio Azkarate.2005/07/21 10:13:54.870 GMT+2
Etiketak: kronikak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2005/07/21 07:33:30.992 GMT+2

Discovery Channel taldearen gasolina superra

Savoldelli italiarrak irabazi du hamazazpigarren etapa ihesaldi luze baten ondoren. Iheskideak atzean utzi ditu Reveleko kaleetan eta Discovery Channel taldearentzat garaipen berri bat eskuratu du. Ameriketako Estatu Batuarrak sekulako Tourra egiten ari dira Armstrong liderraren alde eta dagoeneko Hincapiek eta Savoldellik irabazi dituzte etapak. Discovery taldekoek gasolina superra dutela ez da zalantzarik, izan ere, ez dira nekatzen. Egia da lidertzak indarrak ematen dituela eta horren adibide asko daude. Indurainekin Banesto eta Reynolds taldea asko zebilen. Iban Mayok eta Haimar Zubeldiak Tour bikaina egin zutenean ere Euskaltelek sekulako maila erakutsi zuen. Gauza bera gertatu zitzaion Once taldeari Joseba Beloki ondo zegoenean.

Talde amerikarraren nagusitasuna ikusirik argi dago diru gehien ere haiek irabazi dutela. Estatuko taldeen artean Illes Balears taldea da diru gehien irabazi duena, Libertyren eta Saunier Duvalen aurretik. Euskaltel Euskadik, berriz, hiru mila euro eskas irabazi ditu.

Discovery Channel, diru gehien irabazi duena

Nork: getxabe.2005/07/21 07:33:30.992 GMT+2
Etiketak: kronikak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2005/07/20 12:47:48.414 GMT+2

Osatu da eguneko ihesaldia

Tourreko etapa luzeena ari dira jokatzen (239,5 km), eta eraso askoren ostean, osatu da ihesaldia.

Hara! Euskaldunik ez bertan. Etapa hasieran Garate ahalegindu da, baina besteen arrastorik ez da izan.

Gizaseme azkarrak (Arvesen, Davis, Hinault, DaCruz, Dumoulin...) eta esperientzia handikoak (Dekker, Savoldelli, Rubiera...). Helmuga baino 10 kilometro lehenago hirugarren mailako mendate bat igo beharko dute, eta handik aldapa behera izango dute helmugaraino. Giroko irabazle Savoldelli zapelatza artista da jaitsieretan.... Hor izango den lehia...

Hauek doaz ihes eginda:

Jose Luis Rubiera (Discovery) Paolo Savoldelli (Discovery) Oscar Sevilla (T-Mobile Team) Kurt-Asle Arvesen (Team CSC) Erik Dekker (Rabobank) Allan Davis (Liberty Seguros-Würth) Sébastien Hinault (Credit Agricole) Dario Cioni (Liquigas-Bianchi) Stéphane Augé (Cofidis) Bram Tankink (Quick.Step) Pierrick Fédrigo (Bouygues Telecom) Daniele Righi (Lampre-Caffita) Carlos Da Cruz (FDJ) Thomas Lövkvist (FDJ) Andrei Grivko (Domina Vacanze) Samuel Dumoulin (AG2R) Simons Gerrans (AG2R)

Nork: Sergio Azkarate.2005/07/20 12:47:48.414 GMT+2
Etiketak: kronikak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2005/07/20 11:10:26.333 GMT+2

Asteburuko jendetzaren ondoren Aubisquen giro jatorragoa

Motor batek zale bat harrapatu zuen

Motor batek zale bat harrapatu zuen

Domekan Saint Laryn izan nintzen eta euskal txirrindularitza zale asko ikusi nituen, jatorrak eta txirrindularitza maite dutenak gehienak. Beste asko, berriz, mozkorzale direla esango nuke eta inondik inora txirrindularizale. Haien helburua da lagunekin mozkortzea, ez zaie inporta non; izan daiteke Laredoko hondartzan edo Pirinioetako mendateetan. Eta txarrena da gehienek kamiseta laranja eta ikurriña daramatela eskuetan. Horrek amorrua ematen dit ez dutelako euskal zaleen benetakoo izaera erakusten. Saint Laryn espezie horretako asko zegoen, tartean Oskar Santos famatua, Bilboko beiragilea. Nire mutur aurretik igaro zen dozena bat alditan Athleticeko ereserkiarekin bueltaka. Ereserkia Realarena izanda ere berdin, edo Eusko gudariak...gauza bera pentsatuko nuke. Askok jakin beharko lukete zenbat kalte egiten diguten gainerako zaleei. Jendetzarekin harrotzen direnak, hazi egiten direnak hobe dute etxean geratzea.

Aubisquen giro askoz jatorragoa zegoen

Txirrindularitza zale asko zegoen atzo Aubisquen, lagun taldeak, familiak, autokarabanan joandakoak, bidai antolatuetan gerturatutakoak, ikusi genituen arrasatearrak, aretxabaletarrak eta beste zenbait tokitakoak. Mozkorzalerik ez zegoen eta alde ederra. Inork ez luke esango atzo euskal zaleak ez direla munduko onenak. Aubisque mendate polita da, Laruns herritik 17 kilometro igo behar izan zituzten txirrindulariek eta igoera guztian aurkitu genituen euskal zale jatorrak. Asteburuko jende uholdearen ondoren benetako txirrindularitza giroa izan genuen atzo Pirinioetan.

Pereirok ondo merezitako garaipena eskuratu zuen

Pauko helmugan Pereirok irabazi zuen Xabier Zandioren aurretik. Galiziarrak merezimendu osoz irabazi zuen, baina guk Xabier Zandio nafarraren garaipena gusturako ospatuko genuke. Lan polita egiten ari da Illes Balears taldeko txirrindularia eta oraindik ahaleginduko da etapa bat irabazten. Aubisquen, behintzat, indartsu ikusi genuen.

Nork: getxabe.2005/07/20 11:10:26.333 GMT+2
Etiketak: kronikak | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2005/07/19 10:20:15.623 GMT+2

Saint Laryn ateratako argazki batzuk

Zapatu gauean ateratako argazkia da. Saint Lary gaineko taberna batek kanpoan jarri zuen txiringitoan. Tourreko auto eta kamioiak 01:00ak aldera hasi ziren gainera iristen. Domekako etaparako podiuma, kazetariendako lantokiak, azken metrotan jartzen dituzten kartelak, karpa erraldoiak eta beste hainbat traste garraiatzen dituzten kamioiak ziren. Itsas faroek bezalako zarata ateratzen zuten klaxonek. Ordurako, hesi batzuk jarrita zeuden dagoeneko Saint Lary gainean. Jendea, hesiak, musika, giroa, jendea eta kamioiak. Denak ez ziren sartzen. Batzuk, kamioiak geldiarazi nahi zituzten, baina kamioiek aurrera egin zuten, alboko hesi batzuk aurretik apartatuz. Han zeuden batzuk lurrera erori ziren.

Domeka goizean, 07:30ak baino lehen atera nintzen kanpin dendatik. Lo gelditu ziren gelakide izan nituen beste hiru lagunak. Goizero bezala, komunera joan nintzen eta ni baino lehenago jende asko jaiki zela ikusi nuen han. Bueltan, Saint Lary herri esnatu ezinda, lainopean, ikusi nuen. Hauxe da erretratua.

Saint Lary herritik gainera igotzeko, teleferiko bat dago. 7 euro balio zituen bidaia batek, eta 12 joan etorriak. Bergarako bost lagunek herrian kanpatu zuten eta domeka eguerdian teleferikoa hartu eta guregana etorri ziren bisitan. Hamarretako txiki bat ere egin genuen elkarrekin eta argazki bat atera genuen, nahiz eta ez geunden denok. Gero, oinez mugitu ziren mendatean behera, mendateko lehen lauzpabost kilometrotan ikusi nahi zuten etapa eta.

Batzuk, 09:30ean hasi ziren mendatea jaisten ogitartekoak eta izozkailuak aldean zeramatzatela. Gu, 14:00ak aldera mugitu ginen. Helmugara heltzeko 1.200 metro inguru gelditzen zirela toki aproposa ikusi genuen, gerizpetan, eta hantxe gelditu ginen. Errepidean eserita egon ginen, ogitartekoak bazkalduaz, Tourreko karabana etorri arte. Ez ginen bakarrak, noski.

Karabanako autoetan zetozen gehienak, busti-busti eginda zetozen. Zain geundenoi ere ura bota ziguten batzuk kartxerrarekin. Txapelak, poltsak eta ur botila txikiak ere jaso genituen. Ikusgarria izaten da karabana: apaindutako autoak, moto eleganteak, opariak, musika, txirrindulariak laster datozen seinalea... Eta a ze erre usaina. Autoen motorrek eta enbrageek paliza ederra hartu zuten.

Oso sakabanatuta iritsi ziren txirrindulariak Saint Lary gainera. Tarte handiarekin. Asko harritu ninduen gauza batek: gu geunden puntuan, errepidearen erdia bakarrik hartzen zuen lasterketak, jendea, eta lasterketa tarte horretan geunden. Lasterketa bukatzen zuten txirrindulariak, gainera, bertatik jaisten hasi ziren. Batzuk oraindik gora heltzeko, eta besteak behera, hotelerako bidean. Topo egiten zuten. Guk, adibidez, Kloden ondoan izan genuen, gelditu egin behar izan zuelako gora zetorren txirrindulari bati traba ez egiteko. Bestalde, zale asko Mayoren zain zeuden eta Mayo pasa ostean, mendatea igotzen hasi ziren. Eurendako bukatu zen domekako etapa.

Nork: Oihana Elorza.2005/07/19 10:20:15.623 GMT+2
Etiketak: kronikak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)


Estatistikak