EMUNek martxan jarri duen Enpresen sareko hizkuntzak proiektuan Community Managerraren inguruan idazteko gonbidapena jaso dut. Galdera honi erantzuten saiatuko naiz: Ze garrantzi du Community Managerrak erakunde baten hizkuntza erabileran, duen sentsibilitateagatik, gaitasunagatik...?
Community Managerra(CM) izena azken boladan modan jarri den termino eta lanbidea da, baina ingelesezko izen horren atzean komunitate baten kudeatzailea dago. Interneten azken urteotan sortu diren gizarte-sareekin geroz eta garrantzi handiago hartu du komunitatea kudeatzeko zereginak. Azken finean, Community Managerra enpresaren ahotsa da enpresatik kanpo, eta bezeroaren ahotsa enpresa barruan. Horregatik, garrantzitsua izango da beti CMaren jarrera erakunde baten hizkuntza erabileran.
CMak jakin beharko du zein hizkuntza irizpide dituen kudeatu behar duen enpresa edo erakundeak eta irizpide horien arabera jardun beharko du Interneten. Behin honaino iritsita, suposatuko dugu euskara lehenetsita izango duela gure enpresa edo erakundeak, eta hori kontuan hartuta lan egin beharko du komunitate kudeatzaileak.
Hizkuntzaren erabilera, kudeatzailearen egitekoen arabera
Entzun: gure enpresari buruz sarean diotena jakin behar du etengabe. Horretaz gain, lehiakideez diotena ere jakin behar du. Horretarako merkatua ondo zehaztua egon beharko da, baita lehiakideak zein diren ere.
Lan hau egiteko erabiliko ditugu iturri ezberdinak: blogetara harpidetu, twitter kontuak jarraitu, Facebooken jarraitzaile egin, Flickrreko argazkiak edo Youtubeko bideoak jarraitu... Hizkuntza erabilerari begira garrantzia izango du zeini jarraitzen diogun, gero horrek gure sareko portaera ere alda baitezake. Twitterren, adibidez, gure enpresak edo markak jarraitzen dituen kontu guztiak gaztelaniaz ari badira, gaztelaniazko komunitate batean egongo gara. Zaila izango da hor euskaraz jardutea, gure markak edo enpresak hala lehenetsita izan arren.
Informazio hori enpresa barruan hedatu: entzundakotik informaziorik inportanteena jaso eta enpresa edo erakundearen barruan zabalduko du. Hori egiteko CMak erabiliko ditu neurketak, analitikak,... nahiz eta sarean horretarako programa askorik (edo batere ez) ez egon horretarako, saiatu beti euskaratzen eta enpresa barruan informazioa euskaraz ematen.
Komunikatu: enpresan edo erakundean euskaraz komunikatzea baldin badago lehenetsita, hizkuntza horretan hasiko ditugu elkarrizketak komunitateetan ere. Komunitate kudeatzailea enpresaren ahotsa da komunitatearen aurrean.
Ez dira gutxietsi behar euskaraz ez dakiten bezeroak edo gure markaren inguruko komunitateetako kideak. Beti adi egon behar da zer dioten guri buruz eta kexaren bat baldin badago hizkuntzaren inguruan enpresaren baloreak ondo azaldu.
Twitterren Joxe Rojasen artikuluari (eta artikuluko iruzkinei) kasu egingo diogu eta Facebooken jarduteko adibide ona da Ternuarena.
Enpresaren blogean euskarari emango zaio lehentasuna: lehenengo euskarazko artikulua argitaratu eta beste hizkuntzaren bat ere erabiltzen bada, handik denbora batera argitaratu. Dena dela, ez dago guztia hizkuntza ezberdinetan argitaratzen ibili beharrik. Artikulua zuzenduta dagoen komunitatearen edo merkatuaren araberakoa izango da erabiliko dugun hizkuntza ere; euskara, beti.
Tag edo etiketak jarri argazkiei, bideoei, artikuluei... euskaraz lehenengo, eta nahi bada, beste hizkuntza batzuetan ere bai.
Enpresaren eta komunitatearen arteko elkarlanerako bideak bilatu: bilaketa horretan komunikaziorako erreminta ezberdinak izango ditugu askotan aurrean; euskarazko bertsioak dituzten aplikazioak erabili, ahal den heinean.
Horiek dira eguneroko lanetik euskararen alde egiteko bururatzen zaizkidanak. Seguru egongo direla gehiago; iruzkinak ondo-etorriak izango dira.
Erantzunak
- Nire ustez, euskaraz aritu behar den CM batek ezagutu egin behar du euskarazko sare sozialen egoera, euskarazko sare sozialetan "guruak"-edo zeintzuk diren, eta abar. Mundu horretatik oso aparte ezin da ibili. Euskarazko komunitatea egon badago, eta bere arauak, guruak, esamoldeak eta abar ditu, eta horiek jagon egin behar dira.
- Bigarrenez, euskarazko tresnak, edukiak eta abar ezagutu behar ditu. Euskara ezagutu bai, baina horrekin ez da nahikoa.
Nork: txerra.2012/01/24 10:51:20.168 GMT+1
http://www.lantalan.com/
Nork: Uxo.2012/01/24 11:31:30.678 GMT+1
- Community Managerra izendatzerakoan hau euskalduna izatea
- Euskaraz zuzen eta egoki idazteko gai dena, erabilera desegokiek (ortografia akatsak...) enpresaren irudiari kalte egin diezaiokete.
Nork: Edurne.2012/01/24 15:15:27.586 GMT+1
Nork: Uxo.2012/01/25 13:25:27.586 GMT+1