2007/01/22 09:42:31.577 GMT+1
Herritarron neurriko ekipamenduak behar ditugu
Aurten ere bete egin da aretoa. Esango nuke jarrita baino jende gehiago zegoela zutik. Horrelako kontzertu baterako txiki gelditzen da udaletxea eta txistulariok bakarrik ez, herriko jende asko deseatzen egongo da kultur jardueretarako areto eroso, moderno eta erabilera anitzekoa edukitzeko.
Ai… inbidiaz begiratzen diot Elgetako Espaloia Kafe Antzokiari. Herri txiki batendako irtenbide bikaina iruditzen zait. Kultur ekintzak eskaintzeaz gain herritarren topagune ere bada eta herrian kultura bultzatzeko elkartzeko guneak egotea da onena.
Baina, Antzuolan, irudipena daukat, askotan uste dugula hiri handi batean bizi garela eta gauza handiak egitea gustatzen zaigu. Eraikin handi bat egingo dugu gauza pila batekin, benetan herritarrek zer nahi duten ondo aztertu barik. Seguru ekipamendu horietako asko behar direla herrian, ez dut hori ukatuko. Baina, hobe izaten da batzutan handikerietan ibili beharrean umiltasun pixka batekin jokatu eta herriari entzutea.
Nork: Uxo.2007/01/22 09:42:31.577 GMT+1
Etiketak:
goienkaria
ag
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2007/01/04 21:47:14.628 GMT+1
Bikote bila
Gabonetan egun batzuk jai izan ditut eta nire logelako kaxoiak txukuntzea izan da lanetako bat. Hasteak pereza handia ematen dit, baina behin hasita oso gustura egiten dut. Ia-ia arropa erostera joatea bezala da: ze praka dira hauek? Niki hau, noiztik dago hemen? Ai... txamarra honen bila ibili nintzen, ba! Orduan konturatzen zara hurrengoan zerbait erostera joan baino lehen hobe dela armairua txukuntzea...
Baina, pena ere sentitu dut. Izan ere, 11 galtzetin topatu ditut bikoterik gabe. Seguru nago ez direla denak nireak, baina, aizue, laguntza mereziko dute ba?
Txuriak eta beltzak dira gehienak, baina bada tartean koloretako bat. Norbaitek hauendako moduko bikoterik baldin badu, jar dadila nirekin harremanetan eta egingo dugu zerbait hauei eguna alaitzeko:
Nork: Uxo.2007/01/04 21:47:14.628 GMT+1
Etiketak:
galtzetinak
| Permalink
| Erantzunak (4)
| Errenferentziak: (0)
2006/12/17 00:11:41.861 GMT+1
Ez dut moderno izan nahi
Ama Lurra
Gero iragarki ederrak sortuko dituzte, Ama Lurra zaindu behar dugula esanez, irudi bukoliko eta guzti. Beraien mezua: “Zuek herritarrok zarete Ama Lurra xahutzen ari zaretenok. Ez duzue birziklatzen, ur gehiegi gastatzen duzue, argi gehiegi”. Ados. Baina, ez gara bakarrak eta ez begiratu beste alde batera. Galdetu diozue Ama Lurrari tren azkarra nahi ote duen? Bere mendiak zulatu nahi dituen? Benetan Ama Lurrari begira ari zarete “herria eraikitzen”?Galderak airera botatzen ari naiz, badakit. Eta horrek ematen dit amorrua; kasurik ere ez digute egiten. Esan zuen baten batek gutxi batzuk ginela, baina badaezpada ere ez dute galdeketarik egiten eta lanak lehenbailehen hasi nahi dituzte, behin hasitakoan kritikak isilduko direlakoan. Ea Ama Lurra eta bere seme-alabak esnatu eta txikizioa geldiarazten dugun.
Nork: Uxo.2006/12/17 00:11:41.861 GMT+1
Etiketak:
aht
ama-lurra
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)
2006/10/20 09:23:06.027 GMT+2
Dentistarenean
Atea gurutzatu eta usaina barren barreneraino sartu zitzaidan. Itxaron gelan nengoela hagineko mina hasi zitzaidan. Bat batean, lokartzeko ematen duten ziztada nabaritu nuen ahoan eta ahoaren ezkerreko aldea lokartzen hasi zitzaidan. Hori guztia usainarekin bakarrik!

Zer ote du dentistareneko usain horrek? Anbientadore bereziren bat ote da minik gabe joanda ere mina sentitzeko? Edo, besterik gabe, haginetako taladroak zulatzerakoan ateratzen duen usaina da? (uf, eta ze higuina ematen duen taladroak hagina zulatzerakoan...).
Dena ondo
Ia ordu erdiz zain egon ondoren, iritsi zen nire ordua. Besaulkian etzan, ahoa zabaldu eta beste ezer imajinatzen hasterako... "oso ondo dakezu dana. Garbiketa bat eingo dizeu, sarro pixkat dakezu-ta. Hartu hurrengoako txanda".
Horrelaxe, pixka bat mareatuta (dena psikologikoa da, badakit) eta poz-pozik irten nintzen dentistarenetik. Azaroaren amaieran daukat garbitzeko txanda, ordurako hobeto preparatuko naiz psikologikoki...
Nork: Uxo.2006/10/20 09:23:06.027 GMT+2
Etiketak:
dentista
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2006/09/19 20:32:49.545 GMT+2
Sartu naiz gurpilean
Gaur argitaratu dute eta hor nago ni lehenengo postuan, iuju! Etxe tasatua "tokatu" zait! 30 kilo inguru dira, baina inguruan dauden prezioekin alderatuta txollo bat da, ez?

Etxetik joateko gogoz nabil aspaldian. Baina, pare bat urte itxoin beharko dut oraindik. Bitartean, zer? Aita eta anaiarekin geratu edo alokairuan jarri? Lehenengoa aukeratu beharko dut; errenta ordaintzen hasten banaiz etxea ordaintzeko ez dut izango-eta!
Bueno, tokatu zait etxea. Orain, hainbeste eta hainbeste jende sartuta dagoen gurpilean sartuko naiz: maileguak, interesak, euriborra... lortuko dut irtetea?
Orain, behintzat, IKEAra joateko eskusa bila ibili beharrik ez daukat, ja!
A! Eta zorionak Nereari ere. Bizilagunak izango gara, Nere!
Nork: uagirre.2006/09/19 20:32:49.545 GMT+2
Etiketak:
tasatuak
antzuola
etxea
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2006/07/12 11:13:02.164 GMT+2
Bob Dylan eta Mikel Laboa ikusten Zurriolan
Autoa Zumarragan utzi eta trenez egin nuen atzo Donostiarako bidaia. Trenean jende asko eta gehienak 40 urtetik gorakoak, gazte garaiko musikariak ikustera zihoazenak. Donostiara iritsi bezain laster jendetza nabari zen kaleetan. Nire lagunak hondartzan zeuden 17:00ak ezkero eta poltsikoko telefonoz deitzekotan geratu nintzen iristen nintzenean. Baina, nola? Autoan ahaztu nuen-eta! Kabinak etorri zitzaizkidan orduan burura. Egoten da orain kabinarik? Nola funtzionatzen dute? Topatu nuen bat eta han joan nintzen hondartzara, lagunen bila.
Jendetza zegoen hondartzan dagoeneko; haur, gazte, nagusi zein zaharrak. Turista asko ere bai; italiarrak, frantsesak, ingelesak, alemanak... Eta euskaldunak leku denetatik etorriak; euskalkiak, behintzat, denetarikoak entzuten ziren.
Mikel Laboa hasi zen jotzen hondartzara sartzen ari nintzen bitartean. Disko berriko pare bat kantu jo zituen lehenengo. Azken kantuak, ezagunenak, patxada handiagoz entzuteko aukera izan nuen hondartzan bertan. Txoria txori, Izarren hautsa eta Gure bazterrak eskaini zituen amaitzeko. Emanaldia motza izan zen, baina merezi izan zuen hainbeste denbora agertu barik egon ondoren ikustea. Laboa beti izango da Laboa.
Laboa
Egia esan, gehiago espero nuen. Oso soso egon zen. Nik ez dakit beste kontzertuetan zerbait esaten duen edo ez, baina atzo ez zuen ezer esan. "Gabon Donostia" edo "Good night" esan balu, sikiera. Baina, ezer ez. Taula gainera igo eta abestiak jo zituen. Gu geunden lekutik ez genuen taula oso ondo ikusten, beraz pantaila erraldoietako batetik jarraitu genuen kontzertua. Plano orokorrak izan ziren denak, Dylanek ez zuen utzi bere lehen planorik hartzen utzi; Laboak bai, baina Dylanek ez.
Bob Dylan

Eta soinua oso txarra zen. Aurreko eta atzeko bozgorailuetatik entzuten genuen batera, eta atzekoak retardo pixka bat zuen. Gaizki entzuten zenez, jende asko berbetan egon zen eta ezin, bada, horrela disfrutatu.
Ez naiz Dylanen jarraitzaile sutsua, baina gustatzen zait eta abesti batzuk ezagutzen ditut. Hala ere, atzo ez nuen abestiekin disfrutatu: gaizki entzuten zen eta abesti asko zein ziren jakitea kostatu zitzaidan, egin zituen bertsioengatik.
- Eskerrak bakearen aldeko kontzertua zela, bestela mutur joka amaituko zuten batzuk: bultzaka ibili zirenek, eserita zeudenen aurrean zutik egon zirenek...
Nahiko aurrean egon ziren batzuei entzun nien esaten oso ondo egon zela. Leku txarrean egongo ginen gu. Apuntetxo batzuk
- Hondartzan izan zen kontzertua. Beraz, lurrean eserita zeudenek ezin dute pentsatu hondarrez zikindu gabe joango direnik etxera. Ezin zen batzuen ondotik pasa ere egin, a ze nolako begiratuak!

- Niregatik, aurreztu dezakete su artifizialetan gastatu zuten dirua. Bakearen aldeko kontzertua baino Independence Day amerikanoa zirudien.
- Argazkirik ezin (omen) zen atera, baina atera genituen batzuk. Han egon ginela esateko besterik ez bada...
Nork: Uxo.2006/07/12 11:13:02.164 GMT+2
Etiketak:
musika
| Permalink
| Erantzunak (3)
| Errenferentziak: (0)
2006/06/21 20:49:26.989 GMT+2
Urteko garairik onena

Oraintxe hasten da niretzako urteko garairik onena. Udaberriarekin ere asko gozatu dut, baina orain bizkortzen zait bihotza. San Juan bezpera, sua, gaurik motzena magikoak dira niretzako. Aitita bizi zenean sua egiten genuen baserrian eta gau zoragarria izaten zen. Hura hil zenean kaleko San Juan sua ezagutu nuen; ez zuen baserrikoarekin antz handirik, baina magikoa izaten jarraitzen zuen. Aspaldian ez naiz egon lehen bezala suari begira, baina badut gogoa. Ea aurten egiten dudan!
Urteko garairik onena dela esan dut hau, baina ez San Juan jaiengatik bakarrik. Hor daude San Pedroak, nire auzoko jaiak, San Ferminak, nire urtebetetzea, Antzuolako jaiak, eguzkia, gaueko terrazako tertuliak, opor usaina denak zerrendatzearekin bakarrik bihotza saltoka hasten zait. Hauxe da nire hilabetea, Cancer guztiona, eta disfrutatu egin behar! (ez beste guztiak baino gutxiago, baina bai modu berezian).
Nire inguruan ibiliko zaretenok, kontuz! Horrenbesteko adrenalinarekin inaguantable xamar ere egon naiteke-eta!
Nork: Uxo.2006/06/21 20:49:26.989 GMT+2
Etiketak:
mazedonia
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)
2006/05/02 22:08:50.200 GMT+2
Maiatzaren leheneko festa Larraitzen
Maiatzaren lehena festa handia izan ohi da Larraitzen, Txindokiren magalean.
Aralarko larreen irekiera egin ohi dute eta egun horixe izaten da ardiak eta bestelako ganadua Aralarrera eramateko eguna. Duela bederatzi urte hasi ziren jaia antolatzen eta urtero jendetza biltzen da bertan. Eguraldi onak, gainera, jendetza hori bikoiztu egin ohi du eta Txindokirako bidean ziren mendizaleei festa gogoz joan zirenak gehitu zitzaizkien. Larraitz eta inguruko errepideak autoz bete ziren eta izan zen zirkulazio arazo bat edo beste.
Jaiaren gaineko informazio gehiago duzue Tolosaldeko Hitzan.
Ni, hala ere, argazkilari lanetan aritu nintzen. Dirurik gabe igo nintzen eta ezin, ba, postuetako baten ere ezer erosi. Beasaingo Ostadar eta Amezketako Arkupe dantza taldeak aritu ziren jo eta ke dantzan Larraitzera inguratu zirenen gozamenerako.
Nork: uxo.2006/05/02 22:08:50.200 GMT+2
Etiketak:
dantza
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)
2006/03/27 16:30:07.691 GMT+2
Erretiroa eta erreforma
Osaba Inixiok erretiroa hartu du. Berez oraindik ez ditu 65 urte bete, baina lantegiko lana utzi du (baserrikoak ere utziko lituzke, baina zailagoa izango zaio hori). Erretiroa ospatzeko bildu ginen atzo familiakook Baztarrikan. Zahartzaroa, erretiroa, lana... horrelakoak izan genituen mahaiaren bueltan berbetarako gaiak.
Josek esan zuen Portugalen erretiratzeari "reformar" esaten diotela. Pozik entzun zuen hori osabak eta ingurukoei egin zien keinua; berak erreformatzeko ordua duela eta baserriko lanak egin beharko dituela besteren batek. Gutxik entzun zuten esandakoa, inork ez zuen-eta aipamenik egin.
Erretiroaz ari ginela, galdera pare bat etorri zitzaizkidan:
- Noiz hartu ahal izango dugu guk erretiroa, etxea ordaintzen 50 urte eman behar baditugu?
- Egongo da norbait guri erretiroa ordaintzeko prest?
Osaba Inixiok ere zalantza horiek zituen orain gutxi arte, baina berak erretiroa hartu duenean aurkitu du soluzioa: egin ezazue guztiok lan 70 urte bete arte! Hori dioen legeren bat ateratzen badute baiezkoa bozkatuko dut nik. Asaldatu egin ginen guztiok. Baina, aizue, ez dut uste hain gaizki dabilenik.
Nork: uxo.2006/03/27 16:30:07.691 GMT+2
Etiketak:
lagunak eta beste
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2006/02/09 15:28:06.674 GMT+1
Katuaren begiak
Bart gauean, Antzuolatik Bergarara bidean nindoala autoan, iluntasunean, bat-batean, katu baten begiekin egin nuen topo. Katua geldi-geldi zegoen errepidearen erdian, larru zuria, orban marroiekin. Autoarekin bere gainetik pasatzera nindoala katuaren begiek egin zidaten argi. Nire autoko faroek baino argi handiagoa egin zuten bere begiek, autoko gurpilak ikusi zituenean. Begietara begiratu nion, berak niri (edo autoari) ere bai eta justu-justu saihestu nuen. Eskerrak beste autorik ez zegoen inguruan, bestela joko nuen hura katua ez zapaltzeagatik.
Gaur, bart gauean katuarekin topo egin nuen leku beretik pasa naiz. Ez zegoen katurik. Bere larru zuria bakarrik zegoen, orban marroiekin.
Nork: Uxo.2006/02/09 15:28:06.674 GMT+1
Etiketak:
mazedonia
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)



