2012/05/13 18:45:13.101 GMT+2
Sare banatuen garaian pertsona bakarrak osatutako sare-sozial birtual bat sortzea. Norbera trending topic.
Partaide bakar honek bere pertsonalitatearen alderdi bakoitzarekin erabiltzaile bat erregistratuko du egiten duenaren jakitun.
Birtualizazio psikologikoa mezu bidez garatu bitartean, subkontzienteak ere kontu ospetsuenen parodia kontuak sortuko ditu: "@libidus_aktibus", "@ni_neu" edo "@egoak_ebaki".
Aldi berean, neurona-sare-sozialak pertsona bakarreko beste batzuekin elkar-komunikatuko du. Egoek talka egingo dute zuzenean, libidoek elkar asetu eta alderdi kooperatiboek dimentsio oso itxi batean elkarlan. Herrigintza kognitibo bat ekarriko duena, edo Prozac proguztiondarra.
Nork: Turutarena.2012/05/13 18:45:13.101 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2012/05/01 17:00:40.409 GMT+2
Gaztelaniako trabajo edo frantseseko travail latineko tripalium eletik eratorritako hitzak dira. Harritzeko zerbait igartzen? Bada tripalium-a hiru estakaz osatutako antzinateko tortura lanabes bat zen.
XVII. mende amaieran mespretxuzko esanahiz erabiltzen zen oraindik, beharrarenarekin beharrean: "(...) quando veais que Dios embia trabajos, hambres, necessidades y guerras (...)". XXI. mende hasieran aldiz jainko germanikoei erregutzen diegu lanpostuz bedeinkatzeko, bedi Odin, Thor ala Merkel.
Lana, tortura bedeinkatua.
Eta auzolana?
Nork: Turutarena.2012/05/01 17:00:40.409 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2012/04/08 12:26:10.441 GMT+2
Guraso eta neba-arrebak. Kuadrila. Familia. Derrigorrezko eskolakoak. Lankideak. Herrikoak. Hiztun-komunitatea. Belaunaldikoak. Kirol (talde) horretako zaleak. Eskualdekoak. Atzerriko lagun taldea. Alderdikideak. Hizkuntza ikastarokoak. Nazio-herritarrak. Poteokoak. Orientaziosexualkideak. Hype honetako jarraitzaileak. Interneteko sare soziala. Erlijio hartakoak.
Aldiz-aldiko orgia espontaneotan tribu arteko gene berriztatzea emulatuko dugu ilargi-beteko gauetan. Tribu berriek ernatuko dute, eta beste batzuk sortu aurretik iraungi. Tribu gutxi batzuetan emango dugu bizitza osoa eta beste askotatik disentitu. Stonehenge garaikideak eraikitzeko antolatuko gara, eta berriz desegin.
Anitzak. Originalak. Zoroak. Deszentralizatuak. Eta bestela...
... bestela Martitzera bidean galduko dugu gure leinu monokromoa, gugandik ihesi, bizipozaren bila.
Nork: Turutarena.2012/04/08 12:26:10.441 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2012/03/15 18:34:53.123 GMT+1
Ideia batekin nator mundu globalizatuan euskararen biziraupena bermatzeko. Beno, esan dezagun egia osoa, suhiltzaile ideia bat.
Aurreko mangerakada batean ikusentzunezko produkzioen gaineko Tobin Tasa antzeko bat proposatzen nuen ondoren hizkuntza gutxituetarako bikoizketak eta ekoizpen propioak sustatzeko.
Izan ere, merkatu kapitalistan biziraun nahi badu kapitalarekin berarekin aliatu behar du hizkuntzak. Hortarako boterea ez dugunez, ondorengoa proposatzen dut (adi):
Euskal Herrian egiten diren transakzio guztiak euskaraz egitea.
Alderdi guztiek adostuko lukete -garai berrien oihartzun... bla, bla, bla- Euskal Herriko banku guztietan euskara bakarrik hitzegingo litzatekela. A ereduko ikasleek ere euskararen lexiko kapitalista zinez indartuta ikasiko lukete, aski garrantzitsua baita etorkizunerako diruekin ondo negoziatzea. Enpresek euskaraz eramango lukete kontabilitatea, nola bestela? Eta abar, eta abar.
Horrelako euskarazko hegemonia gune adostu batek nolako eragin soziolinguistikoa izango lukeen jakiteagatik... euskara bera salduko al genuke?
Nork: Turutarena.2012/03/15 18:34:53.123 GMT+1
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2012/02/17 19:21:44.031 GMT+1
Aurrehistoriak kautibatu nau, edo aurrehistoriari buruz entzuten hasi naizen errelat... [barkatu] istorio berriek.
Gainera, gehien kautibatzen nauen garaiak gutxi gora-beherako iraungitze data ere badauka, kristo aurretiko 10000. urtea. Gizateriaren arbaso ehiztari eta uzta-biltzaileek nekazaritza asmatu zutenekoa, adituek goi-paleolitoaren amaiera deitzen dutena. Euskal Herrian, agian, data hori milaka urte batzuk gertuago daukagu, baina ez doa hemendik gaurko errelat... [barkatu] kontakizuna.
Alde batetik, beste behin aipatu nuen bezala, litekeena da duela 12000 urte aurretiko gizakiak berez eleanitzak izatea. 100-150 pertsonako tribu edo leinutan antolatuta bizi zirenez, harremana izan lezaketen bizpahiru triburen hizkuntzak ere dominatuko lituzkete. Eleaniztasun 'arin' bat.
Duela gutxi irakurri dut ez luketela astean 12-19 ordu baino gehiago lan egingo: ehizatzen, elikagai bila edo hauek dakartzaten aktibitatetan (adib., gezi prestaketa). Gainera, beraien dieta nekazaritzak ekarritakoa baino bariatuagoa eta osasuntsuagoa zen. Eta ez hori bakarrik, janari hau eta gainontzeko ondasunak tribuko guztienak ziren, banatuak partaideen artean. Ez legoke propietate pribaturik, ebolutiboki aukerarik onena baitzen garai haietan.
Azkena, eta ez horregatik errelat... [barkatu] pasadizorik ahulena, gizaki paleolitiko hauen sexualitateari dagokiona da. Diotenez, aurrez aipatutako 100-150 pertsonako tribu hoietako partaideen artean askatasun sexual bat legoke eta ez gaur egun ezagutzen dugun bikote atxikitze hori.
MESEDEZ, AZALDU DIEZADALA NORBAITEK MONOGAMO ERREPRIMITU, GAIZKI ELIKATUTAKO LAN-ZALE KAPITALISTA BABU ETA ELEBAKAR IZAN NAHI DUEN SUB-ESPEZIE HARRIKETARRAREN AZKEN 12000 URTETAKO ERRELATO POTROETAKOA.
Eskerrik asko // Bunga-bunga.

Pedro Harriketarra, bere erdi-irribarrea bolotan jolastearena? Noski... klaro... jakina... [Argazkia Wikipediatik hartutakoa]
Nork: Turutarena.2012/02/17 19:21:44.031 GMT+1
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2012/02/05 10:34:30.693 GMT+1
Hizkuntzaz eta politikaz hitzegiten dugunean bi kontzeptu bereizi beharko genituzke: hizkuntza-alderdikeria eta hizkuntzaren-gestio-publikoa.
"Hizkuntza-alderikeria sahiestu behar da" esan beharko genuke agian eta ez "politika eta hizkuntza ez dira nahastu behar".
Era berean, "hizkuntzaren-gestion-publiko egoki bat beharrezkoa da" baieztatzea "politika beharrezkoa da hizkuntzarentzat" esatea baino aproposagoa izan daiteke.
Diot, gauzak ez kakazteko edo.
Nork: Turutarena.2012/02/05 10:34:30.693 GMT+1
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2012/01/28 09:35:10.987 GMT+1
ETB1 hirugarren katean dugu etxean eta ETB2 laugarrenean. Urrutiko kontrolaren gainean 2 zentrimetroko hegaldia eskatzen dio atzamar lodiari ETB1etik ETB2rako aldaketak, eta berdin alderantziz. Bi zentrimetro hauek guztiz hermetizatutako bi mundu banatzen dituzte dimetsio linguistikoan: euskarazkoa eta gaztelerazkoa.
Euskal Telebista "euskara normalizatzeko" [sic] helburuarekin sortu zen, 1982ko abenduaren 31ean. Beharrezkoa euskara hutsezko oasia gaztelerazko desertuan. Gero, 1986an, ETB2 etorri zen bestelako helburu batzurekin. Xabier Arzalluzek dio Madrilek ez zuela nahi gaztelaniazko katerik Jaurlaritzaren eskutan, ETB2 garaiko Eusko Jaurlaritzaren garaipen bat izan zela. Garaipen politikoa esango nuke nik, ez bestelakoa.
Datuek erakusten dute 80. hamarkadako egoera sozio-linguistikoa gaurkoaren ezberdina dela. Agian ez hainbeste erabileran, baina euskararen ezagutza asko hazi da eta hitzegiteko gai ez diren askok ulertzen dute. Baina ETB-k ez du aldaketa hori isladatzen, ez bederen hermetizatuta jarraitzen duten bere bi kate nagusietan.
Eta galdetzen dut zergatik ez den ETB2-ko prime-time-a euskara normalizatzeko helburuarekin erabiltzen. Zergatik ez diren ETB2-rako saio elebidunak produzitzen. Zergatik euskal irrati telebistan ez diren zuzenean euskaraz egindako galderak gazteleraz erantzuten edo alderantziz.
Zergatik ez dugun ETB2 esperimentazio elebidunerako erabiltzen. Zergatik ez dugun ETB2 ETB-L-2 bilakatzen.
Hori galdetzen diot nire buruari.
Nork: Turutarena.2012/01/28 09:35:10.987 GMT+1
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (1)
2012/01/06 12:13:46.953 GMT+1
Nahiz eta berria ez izan (90. hamarkadatik datorren korrontea baita), azkenaldian sarri entzun ditugu ingurumen ekologia eta hizkuntza ekologia uztartzen dituzten diskursoak. Gaur ideia hau "garatze" aldera nator, eta erabiltzen dudan hitz hori ez da kasuala.
Izan ere, "garapen" ekonomikoa izan da azkenengo mendeetan bietatik lehenengoa urratzeko, ekologia "klasikoa" hondatzeko, hartu dugun aitzakia. Duela hamarkada bat, eztabaida kurioso bat piztu zen: ea garapen bidean zeuden herrialde berriek, Txinak adibidez, mendebaldeko potentziek ingurumenaren aurka egindako gehigikeriak errepikatzeko eskubidea al zuten.
Hizkuntza ekologiaren urraketan paralelismo bat aurkitu daiteke, baina kasu honetan, mendebaldeko herrialde boteretsuen gisara sortu ditugun nazio-estatuen "garapena" izan da estalkia. Hauek apurtu dituzte hizkuntza eta hiztunen arteko berezko orekak. Galdetzen diot neure buruari ea nazio-estatu berrien sorrerak eta kultura gutxituen garatze edonolakoak ez dituen gaitz analogoak ekarriko, hizkuntz ekologiaren urraketa berriak alegia.
Lehenengo kasuan, ingurumen kutsatze justifikazio antzuen gainetik, garapen ekonomikoa bera zalantzan jartzen duten décroissance edo transition bezalako mugimenduak sortu dira.
Era berean, nazio-estatu berriak bultzatu beharrean, ez dakit kontzeptu hau gainditzen hasi beharko ez ginatekeen. Bederen, ez dezagun nazio-estatu berrien sorrera garapen ekonomikoarekin justifikatu, ez dazagun mendebaldeko pentsakera kateatuta dugun neurona sarea horrelako orgasmo bikoitz merke batekin estimulatu.
Malgutu dezagun gure debaldeko pentsakera.
P.S.: asko gustatu zitzaidan Chomskyren gogoeta bat nazio-estatua eta hizkuntza aniztasunaren inguruan
Nork: Turutarena.2012/01/06 12:13:46.953 GMT+1
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2012/01/01 11:19:10.861 GMT+1
Badira aste batzuk Soziolinguistika Klusterrak Bilbo aldeko nerabeen interneteko euskara erabileraren neurketen emaitzak argitaratu zituela. Dirudienez, gure poliseko gazteek era sinbolikoan darabilte euskara sare sozialetan, hau da: agurtzeko eta zoriontzeko.
Gaur bertan, "Urte Berri On" leloa Trending Topic (TT) bihurtu da Espainiar estatuko Twitterren. Horrelako zerbait lortzea nahikoa zaila izan ei da euskaldunontzat, baina zoriontzeen dimentsioan badirudi ezetz. Zoriondu gaitezen...
Beste topikazo bat zabaldu dezakegu sarean; aurrera!; onenetarikoak gara horrelakotan. Zabal dezagun kastellano batuan: "El euskera, esa lengua pobre en insultos y rica en felicitaciones".
Sare sozialetako euskararen erabilera igotzeko zer? Bada biderkatu ditzagun zoriontzeko aukerak, exempli gratia: "Zorionak eta Egun Berri On!" edo "Kakaldi Zoriontsua!".
Edo ez, eta izan bedi "El euskera, esa lengua pobre en insulsos y rica en felaciones". Nik argi daukat.
Urte Berri On! Happy New Year! Eta, Feliz A... ze ostia, FELAZIÑO!
Nork: Turutarena.2012/01/01 11:19:10.861 GMT+1
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2011/12/25 17:54:41.253 GMT+1
Facebookeko "Aditz Trinkoen Erret Akademia" (ATEA) orrialdeak eta "Txistu y Tamboliñ"en publikatutako blog sarrerak XXI. mendera ekarri dituzte aditz trinkoak. Twitterren ere jarraitu daiteke orain @trinkotzaindia.
Hitz bakarrean jokatzen diren aditzak dira trinkoak (sintetikoak ere deitzen ziren), adibidez, "nator" "etortzen naiz" beharrean, edo "dakusat" eta ez "ikusten dut".
Aditz trinkoen gaineko teorizazioa aspaldiko kontua da. Gaur egun, euskarak berezkotzat zuen jokatzeko modua kotsideratzen da, izan ere, textu zaharretan askoz gehiago erabiltzen ziren forma trinkoak. XVI. mendeko Leizarraga lapurtarraren eta Lazarraga arabarraren inskribuetan ugariagoak ziren, eta kuriosoki "e", "i" edo "j"rekin hasitakoak dira trinkatutako adizki guztiak. Koldo Eleizalde Bergararrak liburu monografiko bat atera zuen XX. mende hasieran ("Morfología de la conjugación sintética vasca"), bertan bokalez edo jotaz hasitako aditzen trinkotzea defendatzen zuen (hemen bere prosaren adibide bat). Ondoren, Soloeta, Omabeitia eta beste batzuk, edozein hizkiz hasitako aditzen trinkotzea proposatu zuten (baita kontsonantez ere).
Badirudi (Xabier Kintanaren iritziz) adizki sintetikoetan pluralgilea sartu izanak konplikatu zuela jokatzeko bide hau. Adibidez, "jakin ditut" esateko era asko eta ezberdinak daude: "dakizkit", "dazkit", "dakidaz" edo "dakitez"! Dispertsioa eta zalantza handi bat aditzaren gainontzeko batasunarekin konparatuta.
Trikator herramintak hauxe egiten du, aditz erro bat sartuta berau jokatu arau mugatu batzuk aplikatuta. Ezagunak (erabiliak?) diren 19 formetaz gain norberak bere aditz kuttunena forma trinkoan jokatu dezake edo berriak asmatu.
DEGURGUN!!!! (Egurra eman dezagun!!!!)

ADI!:
- "Egokitu" aukerak erroa apur bat moldatzen du, bestela osorik, bere hortan, erabiltzen da.
- Herraminta beta bertsioan dago, akats asko egon daitezke eta trinkotze aukera batzuk arbitrarioak izan dira.
- Ekarpenak eskertzen dira eta txikiak diren heinean inplementatuko ditut.
Nork: Turutarena.2011/12/25 17:54:41.253 GMT+1
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (6)
| Errenferentziak: (0)
Hurrengoak