Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2010/01/15 21:31:46.957 GMT+1

Nafarroa hitz batean definitu nahian

Hurrengo pasadizoa urtarrilaren 14an gertatu zen Espainiako Cuatro telebistako Password lehiaketan.

Lehiaketa horretan binaka jokatzen da. Batetik, diru bila doan lehiakidea dago eta, bestetik, hari  laguntzeko, pertsonai  ezagun bat (kirolari, artista edo musikariren bat). Jokoaren nondik norakoa hauxe da: kide bati hitz bat erakusten zaio eta, berba bakarra erabilita, segundo gutxitan, besteari azaldu egin behar dio kontzeptua. Adibidez, niri “Katua” hitza eman eta nik bikotekideari “Miau” esan, horrekin erraz asmatuko luke “Katua” dela password ezkutua.

Pasa den osteguneko bikotekideak ziren Julian Lopez Muchachada Nui saioko umorista eta izena esaterik ez dudan neska gazte bat (hasita zegoen saioa eta ezin izan nuen lehiakidearen izena aditu. Pena).

Oso ondo aritu ziren jokoan eta 10.000 euroko saria duen multzoaren azken hitzera iritsi ziren. Hil ala biziko kontua zen password hori asmatzea: asmatuz gero, zailtasun maila horretako saria irabazi, mailaz igo eta sari handiaren bidean jarri; kale eginez gero,  ostera, ordura arte irabazitako sosak jaso eta etxera…

Laupabost segundo besterik ez ziren geratzen, azken hitza asmatzeko nahikoa denbora hala ere.

Ageri da pantailan azken password-a: NAVARRA.

— Lehiakideak: mmm, mmm.

Eta momentu horretan burutu zuen neskak publikoaren aurrean aspaldian ikusi dudan ekintza heroikoena: Espainiako milaka eta milaka ikusleen aurrean, inmolazioa. Politikari, hedabide, aisialdi eta industria kulturalaren diskurtso bateratzaileari aurre eginez, heroien bidea hartu zuen neskak eta Navarrarekin lotzea debekatuta dagoen hitza bota zuen:

— Euskadi.

E-US-KA-DI!? Ezin nuen sinetsi! Arrapataka, argazki kamera zorrotik atera eta etorkizuneko belaunaldikoei erakusteko argazkia atera nion.

Bi segundo faltan…

Artista gonbidatuak: eeeh, eeh, eh…

...eta txirrinak jo zuen.  Aurkezleak "denbora!" esan zuen,  publikoak "oooooh!" eta, nola ez, txalo zaparrada jo zuten.

Ez zen erantzunik entzun! Sari handirik gabeko Slumdog millionaire espainiarra! Neskak ez zuen froga gainditu; eraman zituen ordura arte pilatutako 5.000 euroak eta, zer edo zertarako balio badu, nire betiko miresmena.

Zoragarria izan zen. Ez dakit zergatik egin zuen hautu hori.  Ez jakintasunagatik? urduritasunagatik? espainiarra izan arren gutarra ere badelako? Ezin jakin.

Telebista showaren bihotzean tinko jotzeagatik atondu berri den Pop Ikonoen Aldare Euskaldunean txokotxoa irabazia duela uste dut. Hemendik aurrera, urtarrilaren 14etan erromesaldi birtuala egin eta kandela gorria piztuko diot lehiakide ezezagunari. Ohorea zuri.

Nork: Goio Arana.2010/01/15 21:31:46.957 GMT+1
Etiketak: cuatro lehiaketa password nafarroa euskadi | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (1)

Errenferentziak:

...e: 3, pages: 2 }; Topsy Retweet Button var topsy_style = "small"; var topsy_order = "count,retweet,badge"; var topsy_url = "http://goiena.net/blogak/superbai/nafarroa-hitz-batean-definitu-nahian"; Add Topsy Retweet Button to your Blog or Web Site. Erreferentzia:  Twitter Trackbacks for Nafarroa hitz batean definitu nahian - Superbai [goiena.net] on Topsy.com 2010/01/16 03:41:59.140 GMT+1

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak