Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2010/01/15 21:31:46.957 GMT+1

Nafarroa hitz batean definitu nahian

Hurrengo pasadizoa urtarrilaren 14an gertatu zen Espainiako Cuatro telebistako Password lehiaketan.

Lehiaketa horretan binaka jokatzen da. Batetik, diru bila doan lehiakidea dago eta, bestetik, hari  laguntzeko, pertsonai  ezagun bat (kirolari, artista edo musikariren bat). Jokoaren nondik norakoa hauxe da: kide bati hitz bat erakusten zaio eta, berba bakarra erabilita, segundo gutxitan, besteari azaldu egin behar dio kontzeptua. Adibidez, niri “Katua” hitza eman eta nik bikotekideari “Miau” esan, horrekin erraz asmatuko luke “Katua” dela password ezkutua.

Pasa den osteguneko bikotekideak ziren Julian Lopez Muchachada Nui saioko umorista eta izena esaterik ez dudan neska gazte bat (hasita zegoen saioa eta ezin izan nuen lehiakidearen izena aditu. Pena).

Oso ondo aritu ziren jokoan eta 10.000 euroko saria duen multzoaren azken hitzera iritsi ziren. Hil ala biziko kontua zen password hori asmatzea: asmatuz gero, zailtasun maila horretako saria irabazi, mailaz igo eta sari handiaren bidean jarri; kale eginez gero,  ostera, ordura arte irabazitako sosak jaso eta etxera…

Laupabost segundo besterik ez ziren geratzen, azken hitza asmatzeko nahikoa denbora hala ere.

Ageri da pantailan azken password-a: NAVARRA.

— Lehiakideak: mmm, mmm.

Eta momentu horretan burutu zuen neskak publikoaren aurrean aspaldian ikusi dudan ekintza heroikoena: Espainiako milaka eta milaka ikusleen aurrean, inmolazioa. Politikari, hedabide, aisialdi eta industria kulturalaren diskurtso bateratzaileari aurre eginez, heroien bidea hartu zuen neskak eta Navarrarekin lotzea debekatuta dagoen hitza bota zuen:

— Euskadi.

E-US-KA-DI!? Ezin nuen sinetsi! Arrapataka, argazki kamera zorrotik atera eta etorkizuneko belaunaldikoei erakusteko argazkia atera nion.

Bi segundo faltan…

Artista gonbidatuak: eeeh, eeh, eh…

...eta txirrinak jo zuen.  Aurkezleak "denbora!" esan zuen,  publikoak "oooooh!" eta, nola ez, txalo zaparrada jo zuten.

Ez zen erantzunik entzun! Sari handirik gabeko Slumdog millionaire espainiarra! Neskak ez zuen froga gainditu; eraman zituen ordura arte pilatutako 5.000 euroak eta, zer edo zertarako balio badu, nire betiko miresmena.

Zoragarria izan zen. Ez dakit zergatik egin zuen hautu hori.  Ez jakintasunagatik? urduritasunagatik? espainiarra izan arren gutarra ere badelako? Ezin jakin.

Telebista showaren bihotzean tinko jotzeagatik atondu berri den Pop Ikonoen Aldare Euskaldunean txokotxoa irabazia duela uste dut. Hemendik aurrera, urtarrilaren 14etan erromesaldi birtuala egin eta kandela gorria piztuko diot lehiakide ezezagunari. Ohorea zuri.

Nork: Goio Arana.2010/01/15 21:31:46.957 GMT+1
Etiketak: cuatro lehiaketa password nafarroa euskadi | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (1)

2009/09/23 16:56:57.413 GMT+2

Ezohiko irudia MUko ikasturtearen hasiera ekitaldian

Mondragon Unibertsitateak gaur eman dio 2009-10 ikasturteari hasiera modu ofizialean. Eskoriatzako HUHEZI fakultatean egindako hasiera ekitaldian hizlariak izan dira: Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Isabel Celáa Hezkuntza sailburua, Javier Sotil MUko lehendakaria, Josu Zabala MUKo errektorea, Aitor Zuberogoitia HUHEZIko irakaslea eta Idoia Peñakoba, MUko idazkari nagusia.

Bilduma honetan ikus daiteke ekitaldian egindako argazki sorta, baina bitxiena parean tokatu zaidan une hau:



Argazkiak.org | Lopez, Pierrugues eta Lasagabaster © cc-by-sa: goioarana Irudian, Patxi Lopez lehendakaria, Iñaki Pierrugues Eskoriatzako PSE-EEko zinegotzia eta Pedro Lasagabaster Eskoriatzako ANV-EAEko alkatea, elkarrizketan.

Nork: goioarana.2009/09/23 16:56:57.413 GMT+2
Etiketak: mu pse-ee anv politika elkarrizketa | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (1)

2009/09/17 11:13:46.607 GMT+2

Mondra futbol-taldeko azken fitxaketak

“Indarra izatea eta zelaian ondo mugitzen jakitea” izan daitezke 2009-10 denboraldirako Mondra futbol-taldeak egin dituen hiru fitxaketen ezaugarririk aipagarrienak.

Argazkian, taldekide berriak Arrasateko Atxabalpe futbol-zelaian.


Argazkiak.org | Mondra futbol taldeko azken hiru fitxaketak © cc-by-sa: goioarana

Nork: goioarana.2009/09/17 11:13:46.607 GMT+2
Etiketak: wtf weno fitxaketak futbola mondra | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2009/03/13 09:16:13.532 GMT+1

"Ez da zure laranja erdia, zure zukugailua baizik"


Argazkiak.org | Martxoak 8 © cc-by-sa: goioarana

Emakumeen nazioarteko egunaren bueltan lelo ugari ikusteko aukera izan dugu prentsan argitaratutako iragarkietan eta kaleetako pankartetan. Zabaldutako mezuak politikoki oso zuzenak eta, adierazkorragoak egin nahian, harridura edo galdera markez josita etorri dira:
  • Emakunde: Emakumeak greban. Gertatuko balitz?
  • ELA: Geure buruaren jabe!
  • LAB: Euren krisia... emakumeon borrokarako aukera!
  • ESK eta EILAS: Emakumeok beti krisialdian.
  • PSE-EE: Oztoporik gabe.
  • EA: Emakumea, esparru guztiak zabalik!
  • Eusko Jaurlaritzako Immigrazio zuzendaritza: Guk ere aurpegia ematen dugu.
  • Arabako Diputazioa: Zure ahotsa entzunarazi!
  • Gasteizko udala: Emakume guztiok gaude? Berdintasunean gaude?
Oso bestelakoak, ordea, EHUko Leioako campusean martxoaren 10ean feministen asanbladak antolatutako ekitaldian botatakoak eta ormetan agertutakoak. Mezu zuzenak eta, aldi berean, zuzentasunik gabekoak. Lelo horiek ez dute harridura marken beharrik...
  • Deja la balleta. Coje la metralleta.
  • Zelulitisa daukat, eta?
  • La talla 38 me aprieta el txotxo.
  • Ez da zure laranja erdia, zure zukugailua baizik.
  • El amor no es la hostia.
  • Ni naiz nire laranja osoa.
  •  Barbie debe morir.
Eta antzeko mordoxka bat. Mezuen argazkiak hemen geratu dira gordeta.

(Sustatu.com-en argitaratuta).

Nork: Goio A.2009/03/13 09:16:13.532 GMT+1
Etiketak: kartelak pintadak martxoak-8 | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2008/11/27 08:00:00.820 GMT+1

Errumaniarrak Arrasaten

Dena ez da urre gorria Arrasaten. Euskal Autonomia Erkidegoan errenta maila altuena duen herrian ere txirotasuna bertatik bertara aurki daiteke.

Ikerkuntza teknologikoa bultzatzeko egiten  ari diren Garaia Berrikuntza Gunearen eta hasiberri diren Olandixoko saihesbidearen arteko eremuan luze daramate kanpatuta Errumaniatik etorritako ijito koadrila.

Errumaniarrak Arrasaten
Urriko eguerdi eguzkitsu batean arrimatu nintzen kanpalekura argazkiak egiteko asmoarekin. Lau emakume aurkitu nituen bertan bazkaria prestatzen eta, berehala onartu zuten argazkietan irtetea.

Argazkiekin hastear nengoela lauetariko batek, "egon momentu batean" esan, kanpin-dendara sartu eta etxean egoteko moduko kamiseta erantzi eta gustukoago bat jantzita bueltatu zen: I love Tokyo.  Polita izan zen. Kale gorrian bizi arren ez dute neska errumaniar horiek eder agertzeko gogorik galdu. Gainera, begi-bistakoa zen trastu zahar eta pinu-apea artean bizi arren, handik eta hemendik lortutako gauzekin kanpamenduari etxe-giroa ematen ahalegindu direla.

Errumaniarrak Arrasaten Errumaniarrak Arrasaten
Bestelako kontua izan zen gizonezkoak agertu zirenenen: haiek ez zuten ez barriketarako ezta argazkietarako umorerik. Neskei eskerrak emateko ia asti barik alde egin behar izan nuen.

Argazkiak egin nuenetik ez du ia atertu eta euria bota eta bota dabil. Ez da gero gozoa izan behar...

Egun horretako irudi gehiago hemen eta hemen jarri ditut.

Nork: Goio A.2008/11/27 08:00:00.820 GMT+1
Etiketak: errumaniarrak arrasate | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2008/09/15 11:01:46.284 GMT+2

Goienkaria eta Goiena.net-en gaineko txostenak

Goienak kudeatzen dituen Goienkaria eta Goiena.net hedabideen gaineko txostenak idatzi ditut. Bi komunikabide hauen gainean zer edo zer gehiago jakin nahi baduzu hemen har ditzakezu dokumentuak, pdf formatuan:

Nork: Goio A..2008/09/15 11:01:46.284 GMT+2
Etiketak: goiena net goienkaria | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/11/28 22:51:44.020 GMT+1

"El País" izan behar zuena

Bukatu berri dira Bartzelonan ÑH04 Espainiako eta Portugaleko prentsa-diseinuaren gaineko jardunaldiak.

Oso jardunaldi gomendagarriak izaten dira. Lehiaketako irabazleei sariak emateaz gain (Goienkaria-k sari ugari irabazi izan du lehiaketa horretan) hitzaldiak, aurkezpenak eta mahainguru interesgarriak egoten dira kongresu horretan.

Irakurri dudanagatik El País egunkariaren "birdiseinua" izan omen da gai aipagarrienetariko bat.

El País
Argazki bitxi hau Maquetadores blogean sareratu dute. Bertan ikusten da nolakoa "izan behar zuen"  El País-en diseinu berria, hau da, nolako zen Palmer&Watson diseinugile talde eskoziarrak egindako proposamen grafikoa. Antzik ere ez gerora egin behar izan zutenarekin!

Jardunaldietan esandakoaz edo El País aferean interesatuta zaudenok informazio mordoa duzue Cuatro tipos blogean.

Nork: goioarana.2007/11/28 22:51:44.020 GMT+1
Etiketak: el-pais prentsa | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/11/27 19:54:56.662 GMT+1

Iragarkiak hil du telebistako izarra

Itxuraz, gero eta gutxiago ikusten da telebista. Internetak eta enparauak sekulako kaltea egin omen diote orain arte telebistak zuen monopolioari.

Egongelaren ondoko geletako pantailetatik etorri omen zaio lehia handia telebistari baina, telebistak berak (edo, hobeto esanda arduradunek eta programatzaileek) izango du (dute) galera horretan erru zatiren bat, ala?

Programa txar asko eta publizitate larregi: nahaste inposiblea!

Ez da, segurutik, bakarra izango baina, publizitatea da, gaur egun, telebistak duen etsairik handi eta arriskutsuenetariko bat. Guztien artean, jakina, iragarki ugari dago ikusteko modukoak baina, hainbeste jarraian (eta hainbestetan) botata!

Saio interesgarria bada ere zaila egiten da publizitateak eta kateen auto-publizitateek etengabe egiten dituzten mozketa horiek eramatea, atera kontuak programa txarra izanda!

Bitxikeri bat. Gutxi es mucho euskararen aldeko kanpainako iragarkiak ez ditut behin ere telebistan ikusi. Iragarki horiek Interneten ikusi ditut, nik nahi izan dudalako eta nik nahi izan dudan unean.

Aitortu beharrean nago Ukan birusaren kontra hamaika eta bi bota eta gero, asko gustatu zaizkidala kanpaina horretarako egindako spot-ak. Antzera gertatu zaio aspaldiko lagun honi.

Horrelako zer edo zer behar du telebistak: "Iragarki gutxi es mucho". Publizitatea gozatzeko gogoa piztu. Bestela, bereak egin du.

Nork: Goio A.2007/11/27 19:54:56.662 GMT+1
Etiketak: telebista publizitatea ukan birusa | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2007/11/19 22:32:19.677 GMT+1

Zure irribarrea ezaguna egiten zait...

Aurreko baten Gijónen paseatzen ari ginela irribarre handi bat bota zizkidaten erakusleiho batetik. Oso ezaguna egin zitzaidan keinu oker hura baina, aldi berean desberdin sumatu nuen, aldatuta moduan...

Naturgas Asturias

Gerora enteratu naiz Naturgas EAEan egoteaz gain Asturiasen, Katalunian, Gaztela Leonen, Murtzian, Madrilen eta Valentzian ere badagoela. Besteetan ez dakit zein itxura eta koloreekin azaleratzen den energia enpresa hau baina, txokatuta geratu nintzen: Asturiasen urdin barik gorri kolorekoa da Naturgas.

Akaso, marketing kanpaina zehatzen bat izango zen, ez dakit. Izan ere, ez da oso ohikoa marka berak kolore desberdinak hartzea zer eta tokien arabera.

Bitxia iruditu zitzaidan aukeraketa. Zergatik erabakiko ote zuten gurean urdin kolorea eta Asturiasen, ordea, gorria erabiltzea? Bestela ere gorriegiak bagarelako hemen edo, akaso, asturiarrak iraultzaileak izan ohi direlako eta beraiek merezi izan dutelako gorria? (Ikurriñaren eta Asturiasko banderaren koloreak, behintzat, ez dute aintzakotzat hartu banaketa erabakitzerakoan!).

Galdetzen hasita, nola deituko diote Asturiasen hemengo Naturgaseko "Telefono urdinari", "Telefono gorria"? eta "Zutik lurrean kondenatu zaren langile tristea..." entzungo ote dute erantzunaren zain dauden bitartean?

Behin koloreen egokitasuna zalantzan jarriz gero, kontu asko jarri daitezke zalantzan, adibidez, Nafarroan ikusi genuena ikusi eta gero merezi du PSNk kolore gorria? Ba, ez.

PSN-PSOE urdina

Nork: Goio A.2007/11/19 22:32:19.677 GMT+1
Etiketak: naturgas psn asturias | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/11/13 19:56:15.959 GMT+1

Oteizaren hutsunea

Oteiza Museoari buruzko aurreko mezua ikusterakoan gogoratu dut Oteizaren gainean Pello Zabalak Goiena Telebistan kontatutako anekdota ederra...

Arantzazu
Oteiza Arantzazuko elizaren aurrealdean omen zegoen jarri berri zeunden eskulturei begira frantziskotar bat arrimatu eta berbetan hasi omen zitzaionean. Horma handiari harriduraz begiratututa zera esan omen zion fraide gazteak:
- Las esculturas me gustan, pero, todo ese espacio vacio, no se...
Orioko artista sutan jarri omen zen eta guztiz haserretuta zera erantzun:
- ¿VACIO?. ¿COMO QUE VACIO?. !LLENO DE NADA!
Batzuk, botila erdi hutsik ala erdi beteta dagoen eztabaidatzen ari garen bitartean, beste batzuk, ala, hordago handira! Chapeau!

Nork: Goio A..2007/11/13 19:56:15.959 GMT+1
Etiketak: arantzazu oteiza | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)


Estatistikak