Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

Miguel Santos

Asteleheneko Goienkariak eginiko elkarrizketa (2005/06/13)

Zer dela eta eman duzu presidente izateko aurrerapausoa?

Joan den iraileko eta abenduko batzarren ostean, ikusitako egoeraren gaineko hausnarketa egin nuen. Nire bizitza momentu lasaian dago, denbora eta futbolaren gaineko ezagutza dauzkat eta hauteskundeetara aurkeztea erabaki nuen. Ez dut ukatuko presidente izateko handikeri puntu bat ere badudala.

Zer ekar diezaiokezu Realari?

Desilusio handia sumatu dut azken hilabeteotan Realeko jarraitzaileen artean. Eta bizitza honetan utzikeria ezin dut jasan. Reala horrela ikusten dut orain, eta horri buelta emateko borrokatuko dut. Talde umilagoarekin, baina erabateko laguntzarekin lorpen handiak etor daitezke. Eta hori horrela dela transmititzeko gaitasuna dudala esango nuke.

Nola berreskuratu daiteke zaleen ilusioa?

Zaleak konbentzitu behar ditugu eta hori inertziarekin lortzen da. Baina ez porrotaren inertziarekin. Partiduak irabazita beste guztia etorriko da, jendeak bat egingo du Realarekin. Gipuzkoa osoak egin behar du bat taldearekin. Guztiok batuta aurrera egin dezakegu. Reala guztiona dela esatearekin ez da nahikoa: egunero azaldu behar da hori, datorrenari aurre eginez. Daukagun taldea edukita, laguntza eskaini behar diogu. Eta gero errealitateak esango du noraino hel gaitezkeen. Zubietako harrobia oinarri hartuta, kanpotik datozenak kalitatezkoak izan behar dira derrigor. Eta liga irabazteko nekez borrokatuko dugu, baina Europan jokatzea izango da helburua. Horrelako sariak jendearendako eragingarriak dira, ikusi bestela zer nolako ilusioa pizten duten.

Goi mailako jokalariei eusteko eta horrelako erronkei aurre egiteko ahalmena dauka Realak?

Ondasunak izatea ezinbestekoa da auto-finantziazioa lortzeko, eta zentzu horretan kirol ondasunak behar beharrezkoak dira. Urtero bi Xabi Alonso izateko zortea izango bagenu... Beste talde guztiak bezala, Realak ere finantziazio iturriak bilatu behar ditu eta aurrekontuari aurre egiteko jokalari hau edo bestea saldu behar bada, ez dugu beldurrik izan behar. Realeko presidente guztiek egin dute hori. Jokalari batek taldea zintzo eta leial lagundu eta gero, salmenta ona egiteko arrakasta baloratu behar da. Merkatuak eskatzen duena eskaintzeko gai ez bagara, defizit bat dago eta defizit hori ez dagoenean gure jokalari handiei eusteko ahalmena izango genuke. Bien bitartean, gure burua engainatzen ari gara. Jokalari onak izaten ahalegindu behar gara, salmentarekin errekurtsoak berreskuratu ahal izateko, baina ditugun kirol helburuak albo batera laga barik, noski.

Eta bestelako ondasunak direla eta, zein iritzi dugu Gipuzkoarena egitasmoaren gainean?

2009an 100 urte egingo ditu Realak eta badirudi ondasun gutxi dituela. Ondasunak izanez gero, urteroko planteamendu ekonomikoei aurre egiteko malgutasuna izan dezakegu. Fidantza erakundeekin modu batean edo bestean negoziatzeko aukera ematen dizute ondasunek. Gipuzkoarenari buruz gauza gutxi esan dezaket. Presidente izatera heltzen banaiz, orduan aztertuko dugu proiektu horren bideragarritasuna. Era berean, kapital handitzea beharrezkoa dela uste badugu, akziodunen iritzia jakin nahi genuke.

Jokalarien bitartekari moduan lan egin izana zure alde ala kontra doa?

Asko berba egiten ari da jokalarien bitartekaria izan naizelako. Behin baino gehiagotan deitu naute Realetik hainbat jokalariren salmentan nire laguntza eskaintzeko, aurrekontuan zulorik ez izateko zenbait kasutan. Presidente on bat Federazioko zuzendaritzara heldu badaiteke, jokalari on bat zuzendari tekniko izendatzen badute..., mundu osoan ezaguna den jokalarien agente bat zergatik ez da helduko ba talde bateko presidente izatera? Realeko presidente izateko egoeran nagoela uste dut. Kirol talde bat zuzentzea suizidio bat da, baina munduan liderrak behar dira. Nik esatea ez dago ondo, baina lana ondo egiteko gai naiz.

Astore omen da Realeko akziodun nagusietako bat eta zure alde egingo duela entzuten da...

Astoreri buruz gauza onak besterik ezin ditut esan: lana sortzen duen Gipuzkoako enpresa bat da, 1993an Reala elkarte anonimo bihurtu zenean aurre-aurrean laguntzen aritu zen... Gauza bakarra esango dut: presidente kargura heltzen banaiz, tratu berezia emango zaio Astoreri, Gipuzkoarentzat eta Realarentzat suposatzen duenagatik.

Hainbat hauteskundetan hautagaiak fitxaketaren bat ekartzen dute besapean...

Argi daukagu zer nahi dugun eta Karpin hainbat jokalari kontratatzeko lanean ari da aspalditik. Hala ere, esan beharrekoa uztailaren 1etik aurrera esango dugu. Ez dugu fitxaketa mediatikorik aurkeztuko hauteskundeak irabazteko asmoarekin.

Olabek taldean jarraituko du?

Kirol-presidentea, ordea, Karpin izango litzateke eta kirol-zuzendaria nor izango den bere garaian jakingo da. Entrenatzaile taldeko kide guztiekin egingo dugu berba. Hauteskundeak irabazten baditugu, orduan izango da egoera aztertu eta erabakiak hartzen hasteko ordua.


Estatistikak