Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

Peio Gibelalde

Asteleheneko Goienkariak eginiko elkarrizketa (2005/06/13) Elkarrizketa egin eta ondorengo orduetan esan zuen ez dela aurkeztuko.

Zergatik aurkeztu zara Realeko presidente izateko hauteskundeetara?

Realarekiko konpromisoagatik; izan ere, gure leloa da Konpromisoa oportunismorik gabe, beti ere hankak lurrean ditugula. Gipuzkoako futbol taldeetan aritu nintzen gaztetan, besteak beste Tolosarekin jokatu nuen hirugarren mailan. Gero, Beasaingo presidente izan nintzen 14 urtez eta horietatik 10 urtetan oso aurrekontu txikiekin Bigarren B mailan jardun genuen eta bigarren A mailarako igoera fasea jokatu genuen bi bider. Kopan ere oso ondo ibili ginenÂ…

Presidente bazara zein izango da hartuko duzun lehenengo erabakia?

Beste kandidaturei eskerrak eman gurekin lehian aritu izanagatik eta hauteskunde biharamuneko goizeko 9etan administrazio kontseiluko kide guztiak batu eta lanean hasi. Gero, auditoria bat agindu Realaren benetako egoera ekonomikoa zein den jakiteko. Gure taldeak irabazten badu administrazio kontseiluak ez du ezer kobratuko. Enpresariak gara eta nahi ditugu profesional onenak barruko egituran; alde horretatik, gerentearen figura oso garrantzitsua da guretako.

Esango diguzu oraingo zuzendaritza batzordeak ondo egin duen zerbait?

Zaila egiten zait horri erantzutea. Orain dela bi urte, liga irabaztekotan egon zirenean, gauzak ondo egin zituztela esan genezake, kirol arloan, behintzat, bai. Uste dut, hala ere, kirol arloan inprobisazioak agindu duela Astiazaranen agintaldian.

Eta zer egin du txarto?

Kontseilu honen akats nagusia da gardentasunik eza. Gauzak ondo egin dituztenean ere ez dute jakin azaltzen zaleei eta gizarteari. Zuzendaritza talde honek gastatu du larregi eta txarto, eta ez bakarrik fitxaketei dagokionez.

Zelan baloratzen duzu Olabe kirol zuzendariak egindako lana?

Egin dituen fitxaketa gehienetan ez du asmatu. Geurean, norbaitek zerbait ondo egiten ez duenean, arduratsuena da alde egitea. Olabek bere kargua utzi beharra zeukan.

Amorrortu da Realarendako entrenatzailerik egokiena?

Oso baliabide gutxirekin inprobisatutako lan talde bati etekin handia ateratzeko gauza izan da. Merezi du jarraitzea.

Jokalariei dagokienez, fitxaketa berrietan-eta bazabiltzate?

Oraindik ez. Gainera, futbolean eta negozioetan, bizitzako beste alor batzuetan bezala, diskrezioa oso garrantzitsua da. Gipuzkoarrok asko dakigu horretaz.

Jose Luis Garitano Mondragoe bergararra, Adegikoa, zurekin aurkezten da hauteskundeetara?

Bai, gure administrazio kontseiluko kideetako bat izango da. Gipuzkoako enpresa ertain edo txiki bateko administrazio kontseiluak bezala funtzionatuko du Realak irabazten badugu eta Realaren ildo nagusiak finkatuko ditugu gerentearekin batera. Inkestek diotenez azkeneko aukera da zuena. Bai, hala dirudi, baina garrantzitsuena da Loturak-i zor zaiola neurri handi batean hauteskunde hauek era demokratikoan egitea. Izan ere, joan den abenduaren 30ean 16.000 akziodunek ezetz esan genion kapital handitzeari eta horri esker ari dira egiten hauteskunde hauek.

Kapital handitzearen aldekoa zara?

Bai, baina modu egokian egiten bada. Oraingo zuzendaritza taldeak planteatu zuen moduan egin izan balitz, Realeko akzio gehienak pertsona gutxi batzuen eskuetan egongo lirateke.

Gipuzkoarenaren gainean zein da Loturak-en iritzia?

Realarendako diru sarrera berriak topatzeko aitzakiarekin egindako mausoleo bat besterik ez da Gipuzkoarena. Hori ez da Realaren lehentasuna. Adreiluetan eta zementuan oinarritutako patrimonio higiezinen gaineko egitasmoak oso ondo azaldu behar zaizkio jendeari, ze bestela mesfidantza sortzeko besterik ez dute balio.

Anoetan atletismo pistak kentzearen aldekoa zara?

Bai, eta teknikoki posible da. Realera heltzen bagara, ikuslea futbol zelaira gerturatzeko harmaila berriak jarriko ditugu.

Posible da Reala harrobiko jokalariekin bakarrik lehiatzea?

Horixe izango litzateke onena eta ikusten dugu fruituak ematen diharduela gaur egungo Gipuzkoako harrobiak. Zer iritzi daukazu Karpinek esandakoaren gainean: "Gipuzkoarra izatea ez da nahikoa Realean jokatzeko"?

Errusiar batek Realarekiko dioenak ez dauka balio handirik niretako, haren emazteari Donostia eta Kontxa asko gustatu arren.

Zein jokalari fitxatuko zenuke gustura Realerako?

Prentsan agertu direnak, Rivera, Garitano, CifuÂ…, gustatzen zaizkit. Gainera, uste dut fitxatzerakoan ez dela begiratu behar nongoa den jokalaria, berberdin dio argentinarra, errusiarra edo madrildarra izan.

Nihat edota Xabi Alonso, Realeko erreferente eta aktibo nagusiak saltzen dihardute. Ona da hori?

Ez. Ni ez nago noizbehinka eta premia izanez gero jokalariak saltzearen aurka. Baina, uste dut txarto saltzen dabiltzala eta lehenago txarto egindakoagatik ordaintzen gabiltzala. Lee ekarri izanagatik Nihat saldu beharra!


Estatistikak