Miguel Fuentes

Asteleheneko Goienkariak eginiko elkarrizketa (2005/06/13)
Zergatik aurkeztu duzu zure burua Realeko presidente izateko hauteskundeetara?
Egia esan ez nintzen ni izan nire burua aurkeztu nuena. Taldean lanean geundenen artetik nire izenak irten zuen hautagai onena naizelakoan, eta, ni pozik taldeak hartutako erabakiaz. Eta zergatik aurkeztu ginen? Realaren egoeragatik arduratuta geunden. Inguruan sortutako giroa ez zen oso ona eta hori hobetzeko zerbait eskaini genezakeela pentsatzen genuen.
Presidente bazara zein izango da hartuko duzun lehenengo erabakia?
Ez dakit lehena izango den, baino lehenengoetakoa kontu-ikuskaritza bat egitea izango da. Horrela gure hasiera puntua zein izango den ikusiko dugu.
Esango zeniguke aurreko zuzendaritzak egindako gauza on bat eta txar bat?
Aurreko zuzendaritzak gaizkien egin duena, kontseiluaren eta zaleen arteko banatzea izan da. Konfiantza eza handia eragin dute, eta konfiantza galduta, ondo ibiltzea oso zaila da. Eta beraiekin izan dugun onena, bigarren gelditutako urtea izan zen. Zaleak ilusioz beteta egon ziren, jendea taldearekin bat egon zen, eta guztiok nahi dugun elkartasun hori izan genuen.
Nota bat jarriko zenioke?
Nahiago dut ez jartzea.
Zelan baloratzen duzu Olabe kirol zuzendariak egindako lana?
Batzuetan, fitxaketak, taldearen emaitzak eta horrelakoak bakarrik ikusten ditugu, eta normala da. Baina horren atzetik askoz ere gauza gehiago daude. Fitxaketetan garbi dago azken urteetan ez dela asmatu. Baina gutxiago ikusten den lan horretan, askotan asmatu egin duela ezin da ukatu.
Amorrortu da Realarendako entrenatzailerik egokiena?
Momentu honetan baietz pentsatzen dut. Realaren filosofiarekin bat datorren pertsona da. Urte oso zaila pasatu du eta taldea nahiko ondo irten da. Gazte asko irten dira lehen taldera, kluba ondo ezagutzen duen pertsona da, eta egon den urtean errendimendu ona eman duen pertsona da. Arrazoi hauek guztiak ikusita, pertsonarik egokiena dela uste dut.
Eta zein izango litzateke kirol zuzendaria?
Oraindik pentsatzen eta baloratzen gabiltzan gai bat da. Hala ere, ez gara izenak argitaratzearen aldekoak. Ez dugu izenen gaia hauteskunde aukera bezala erabili nahi. Garrantzitsuena egin behar den proiektua da, eta pertsonak proiektua bideratu behar dutenak dira.
Reala harrobiko jokalariekin bakarrik lehiatzea posible dela uste duzu?
Urte askoan zehar horrela egin du. Egia da gaur eguneko futbolean horrelako gauza bat lortzea oso zaila dela. Nire ustez, garrantzitsuena, harrobiko lan oso ona egitea da, lehen taldean ahalik eta harrobiko jokalari gehien egoteko. Horrek ez dakit egunen batean taldeko guztiak harrobikoak izatera eramango gaituen. Polita izango litzateke. Hala ere, ez dut uste lehenetsi behar den gauza denik. Taldearen egunerokotasunak esango digu zein laguntza behar dituen.
Fitxaketetan pentsatzen hasiak zaudeten ez dakit. Baina zein fitxatuko zenuke gustura?
Gustura, izen asko esango nituzke. Baina, fitxaketetan gauza asko daude. Lehenik eta behin ikusi behar da ekonomikoki zer-nolako ahalmena duzun. Eta gero, jokalariak nahi duen. Izan ere, kirol mailan gauza askorik eskaintzeko ez badaukazu, oraindik eta zailagoa da. Jokalariek askotan, diruari begiratu beharrean, Europan jokatuko duzun edo ez jakin nahi izaten dute. Etorkizuneko jokalariak fitxatzen saiatu beharko gara. Izen gutxi izan arren, errendimendu ona eman dezaketenak.
Zeintzuk izango dira Denon Errealaren kirol-politikaren ardatz nagusiak?
Argi dago harrobian zentraturik egongo dela gehienbat gure kirol politika. Harrobiko jokalaria klubaren filosofian eta baloreetan inplikatzea lortu behar dugu. Balore hauek izan dira Reala historikoki goian mantendu dutenak, eta helburu hori lortzea ezinbestekoa dela uste dut.
Diru aldetik Reala ez ei dabil ondo. Hainbat proposamen irten dira hau hobetzeko: Gipuzkoarena, kapitala handitzea... Zeinen aldekoa zara?
Gaizki dagoelako susmoa dago, baina informazio konkreturik ez dugu. Zuzendaritzak ez digu eman. Proposamen hauek guztiak egoera hobetzeko asmoarekin egin dira. Gure ustez, egoera hau, hobetu ez, zuzendu egin behar da. Horretarako gastuak sarrerak baino gutxiago izaten saiatu beharko gara. Zaila da, baina ahalegindu egin behar gara. Kapitala handitzearena berme bat lortzeko instrumentu egokia da. Eta ikusita nolako aurrekontu eta balantzeak dituen Realak beharrezkoa dela ikusten dut.
Debagoieneko Realeko akziodun gehienak zuen alde agertuko direla uste duzu?
Egia esan, ez dakit. Daukadan sentsazioa jendea gure alde dagoela da. Eskertu beharra dauzkat jasotzen ari garen animo eta laguntza guztiak.
Zure kontrarioen iritzia emango zeniguke?
Uste dut Realaren alde egiten saiatuko diren pertsonak direla. Nik egingo dudan bezala.