Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2005/06/30 17:21:10.997 GMT+2

Astiazaranen lanaren gainean zer iritzi?

Gaur aukeratuko dute Realeko akziodunek presidente berria. Azken asteotan jardun dugu, batik bat, hauteskunde prozesuaren inguruan eta presidente izateko aurkeztu diren bi hautagaien inguruan.

Bihar presidente berria izango du Realak, baina, orain arteko presidenteaz zer iritzi daukagu. Egin dezagun berba Astiazaranek, honen administrazio kontseiluak, eta Realak, oro har, azken lau urteotan egin duten lanaren gainean.

Une oso onak eta txarrak egon diren arren, jeneralean esango nuke, Astiazaren aroa txarra izan dela Realarendako.

  • Presidente euskalduna, bozeramaile euskalduna eta kirol presidente orde euskalduna, besteak beste.

Gauza onak:

  • Lehenengo aldiz emakumezkoak administrazio kontseiluan.
  • Kluba profesionalizatzeko egindako ahaleginak.
  • Zubieta XXI eta, oro har, Zubietako kirol instalazioak.
  • Gipuzkoako eta inguruko klub gehienekin (Antiguoko, Eibar…) egindako hitzarmenak.
  • 2002-2003 denboraldian Liga Txapelketan lortutako bigarren postua, Real Madrili ia txapelketa irabaziz eta sekulako joko ona erakutsiz.
  • Kovacevic, Nihat eta Karpin fitxatu izana.
  • Europako Txapeldunen Liga jokatu izana.
  • Realeko bigarren taldea hirugarren mailatik Bigarren B mailara igo izana.
    • Astiazaranek esan zuen presidente kargua hartu zuenean kluba egoera ekonomiko onean hartzen zuela. Bere agintaldia amaitu denean zulo ekonomiko dezentea ei du Realak: 12 milioi euro?, 15 milioi euro? (ez dago jakiterik, presidente berriaren aginduz auditoria egin arte).

Gauza txarrak:

  • Kluba profesionalizatzeko bidean, horrenbeste puztua izana gastuen partida, sarrerak baino handiago bilakatuz gastuak.
  • Diru sarrerak gastuak baino txikiagoak izan arren, Realeko presidenteak eta adsministrazio kontseiluko kide batzuk kobratu izana klubari eskainitako lanagatik.
  • 2002-2003 denboraldia salbu, gainerakoetan Liga Txapelketan lortutako emaitza eskasa: hamargarrenetik behera.
  • Lau urteotan Kopa Txapelketan negargarri aritu izana.
  • Fitxaketa eskasak: Lee Chon Soo, Rivas, Romero…
  • Kovacevic, Westerveld eta Nihat fitxatzeko horrenbeste milioi gastatu izana, zeukana baino gehiago gastatuz eta klubaren etorkizuna zalantzan jarriz.
  • Anoetan atletismo pistak kentzearren eta harmailak futbol zelaira gerturatzearren, Gipuzkoarena bezalako pelotazo higiezina aurkeztu izana, Donostiako alkatea bera eta zale piloa aurka jarriz.
  • Kapital handitzea lortzeko akziodunak konbentzitzeko gauza ez izatea.
  • Nahiz eta Astiazaran ez izan errudun bakarra (DV-k eta Teledonosti-k ez dute zintzo jokatu hainbatean), bere aroan sekulako zatiketa eta giro txarra sortu da Real zaleen artean.

Nork: Eneko Azkarate.2005/06/30 17:21:10.997 GMT+2
Etiketak: hautagaiak | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Jose Luis Astiazaran 2001eko martxoan izendatu zuten Realeko presidente, Ignacio Gallo eta Pello Gibelalde hautagaiak atzean utzita. 45.000 akziotik, 21.173 botoren babesa jaso zuen, eta abenduaren 30ean egin zuten batzarrean, 13.000 boto jaso zituen.

Hori bai, kolpe gogorra jaso zuen orduan, eta orduan iragarri zituen gaurko hauteskundeak, bera aurkeztuko ez zela gaineratuz. Lau urte egin ditu presidente, eta bere agintaldian bolada ilunak egon badira ere, onartu behar zaio dena ez duela gaizki egin.

Javier Clementerekin hasi zuen Realak 2001/02 denboraldia. Emaitzek, baina, ez zuten lagundu, eta Anoetan Bartzelonaren gol zaparrada jaso eta gero, Vallecasen ere galdu egin zuten txuri urdinek, eta Clementek taldea utzi zuen.

Periko Alonsok hartu zuen orduan taldea, baina ezer gutxi egin ahal zuela ikusita, taldea utzi eta Galesko salbatzailea etorri zen: John Benjamin Toshack. Egoerak hobera egin zuen, eta Realak Vila-Reali irabazita, Zaragozan berdinduta eta Malaga mendean hartuta, justu-justu salbatu zen Reala. Larritasun egoera horrek bultzatu zuen Luis Uranga kargua uztea, eta orduan etorri zen Jose Luis Astiazaran.

Sufrimendu gehiago

Realak ezin izan zuen 2002/2003 denboraldia gaizkiago hasi. Zortzi norgehiagoka jokatu, eta bi puntu eskuratu. Eta, hasiera txar horrek goitik behera baldintzatu zuen denboraldia. Toshackek agur esan, eta orduan egin zuen Roberto Olabek boom. Atezainak entrenatzetik, taldea entrenatzera, eta mailari eutsi eta gero, kirol arloko zuzendaritzara. Onartu behar da erabaki ausarta izan zela Olabegatik apustu egitea, eta hor asmatu egin zuten.

Liga eskura

Raynald Denoueix iritsi zen 2002/2003 denboraldirako. Aurre denboraldi gogorra egin zutela izan zen lehen berria, eta jokalarien jarduna ondo zaintzen zuela. Eta berehala ikusi ziren emaitzak, Realak aspaldian egin duen denboraldi biribilena egin zuten-eta frantziarrarekin. Horiek izan ziren Astiazaranen egun zoriontsuak.

Eta Realak sortu zuen ilusioa aprobetxatuta, gogor hasi zen Astiazaran lanean. 2003an hasi ziren Gipuzkoarena proiektuarekin; gerora kalte baino egin ez dion proiektua. Jendeak igarri du Realari mesede egin beharrean, Gipuzkoarenak gutxi batzuen poltsikoak aberastuko zituela; egun, egitasmo hori izoztuta dago.

Zubieta XXI, lehenagokoa

Zubieta XXI egitasmoa, baina, lehenagokoa da, 2.000 urtean hasi ziren-eta horretan lanean; futbol lantegi ederra egin zuten. Astiazaranek, baina, zorrak leporaino iritsi zaizkionean ondare hori bankuen eskuetan utzi gura izan du, eta hor ere kale. Horrekin batera, Kutxa entitateak nahikoa zela esan zion, aspertu zela dirua segurtasun barik emateaz. Aurtengo denboraldiko kontuak izan dira horiek, eta horrek guztiak nabarmen gaiztotu du giroa Anoetan. Abenduaren 30eko batzarrean jaso zuen kolpe gogorra, eta dudaren bat bazeukan, orduan konturatu zen dagoeneko soberan zegoela. Joan aurretik, baina, ondo baino hobeto utzi du bere etorkizuna lotuta.

Nork: Xabier Urzelai.2005/06/30 17:31:32.753 GMT+2

Astiazaranen taldeak oker asko izan ditu bere agintaldian, baina nabarmenenak aipatzearren, honako hauek azpimarratuko nituzke:

  • Uranga eta aurrekoen garaian, presidenteak ez zuen sosik kobratzen, eta Astiazaran bera eta bere taldekoak kriston soldatak kobratzen hasi ziren. Aldaketa handi hau, logikoa denez, ia inork ez zuen ulertu.
  • Gipuzkoarena: proiektu hark, hotela eta guzti, negozio inmobiliario hutsa zenaren itxura zuen.
  • Fitxaje eskasak. Toshack-en garaian, batez ere, Reala egiten zituen fitxaje bikainengatik nabarmendu zen. Azken urteetan egin diren fitxaje gehienak oso eskasak izan dira, batzuk negargarriak. Eta bluffen zerrenda luzea, dagoeneko, denon gogoan dago.
  • Gipuzkoako irakurle eta potere gehien duen egunkaria Astiazarenen kontra aritu da.

Miguel vs. Miguel

Hauteskundeak amaitzera doaz eta, nire ustez, oso gatz bakoak izan dira. Bi hautagaien diskurtsoak oso parekoak izan dira: gai ekonomikoetan oso zentraturik eta zalegoari ilusiorik transmititzeko ez dira gai izan.

Fuentesen ekonomilariek, duela egun gutxi, honelako mezuak zabaldu zituzten: "babak zenbatuta daude", "herstura ekonomikoa aplikatu behar dugu", etab. Ados, baina, ez dago besterik? Santos-ek ere, Nihat-en auzian arazoak baino, alde ilunak baino ez ditu ikusten. Arazo ekonomikoak, kirol- arazoak, dena arazoak. Eta hala izango da, baina, ilusio pixka bat ere noizbait behar beharrezkoa da.

Ni, hasieran, Denon Errealak errez irabaziko zuelakoan nengoen, kandidatura politiko zuzenena delako. Baina, orain, zalantza handiak ditut, uste dut oso antzera ibiliko direla. Ikusiko.

Nork: Juan Luis Azkarate.2005/06/30 17:33:01.058 GMT+2

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak