Realeko presidente izateko hautagaien gaineko iritzia eskatu diete Asteleheneko Goienkaria-koek Debagoieneko kirol elkarteetakoei. Mondra, UDA, Eskoriatza eta Antzuolakoekin izan gara. Fuentes ala Santos, zein nahiago? Hemen erantzunak. Eta, zeuk, zein nahiago? Eman zeuk ere iritzia.
"Santosek egingo duen gestioa hobea iruditzen zait; buruarekin egingo duelako lan"
Manolo Muñoz, Eskoriatza kirol elkarteko presidentea
"Santosek esperientzia handia du. Fuentesen proiektuak bihotz gehiago du burua baino. Onena izango litzateke Santos eta Fuentes batera joatea. Karpini ez zaio hainbeste garrantzia eman behar, Denon Errealaren barnean dauden jokalari ohiek esperientzia gehiago dute eta Reala hobeto ezagutzen dute".
"Ideia berberak izaten jarraitu behar dute proiektu berrian, baina ohiturak apurtu egin behar dira"
Jose Luis Ezkurra, Mondrako presidente ohia
"Aurreko presidenteak utzitako haria eten behar da, beste itxura bat eman Realari, eta honetarako egokiena Santosen proiektua da. Orain ere Denon Errealaren proiektua bultzatzeko Realeko jokalari ohiak etorri dira herriz herri, eta hau jendeari egiten zaion iruzur txiki bat dela iruditzen zait".
"Behe mailako futbolaren inguruan duen filosofia ona da niri Denon Errealetik gehien gustatzen zaidana"
Jose Angel Fernandez, Antzuolako futbol presidentea
"Jokalari ohien presentziak gertutasuna ematen du. Fuentes eta bere taldea proiektu berri hau aurrera eramateko prestatuta daudela uste dut. Zubieta Gipuzkoako herrietako taldeei gerturatu nahi die, eta harrobiko gazteekin ahal duten guztia egitea da hauen gogoa. Horregatik, asko gustatzen zait".
"Garrantzitsuena adostutako klubekin zer egingo duten jakitea da, jarraikortasun bat ematen dio"
Jokin Antxia, UDAko presidentea
"Bi proiektuen artean ez dago alderik. Garrantzitsuena, adostutako inguruko klubekin zer egingo duten jakitea da. Jende berberak jarraitzen duenez, konfiantza ematen digu horrek. Santos oso presidentzialista da, eta Denon Errealekoek talderako lan gehiago egingo dute, talde giroa baitago".
Erantzunak
Egia esan behar badut, berdin zait. Horrekin ez dut esan gura Reala nork gidatuko duen inporta ez zaidanik. Esan gura dudana da, bi hautagaiak ikusten ditudala nahiko txukunak. Lehena, futbola ondo ezagutu, eta ziririk sartuko ez diotena; eta bestea, Reala barrutik bizi duen taldearen lana. Zein den hobea? Bakarraren lana ezagutuko dugu. Irabazten duenak irabazita, berdin-berdin hartuko ditut oporrak.
Nork: Xabier Urtzelai.2005/06/28 10:20:09.938 GMT+2
Eta euskalduna ez bada euskaraz ikasteko konpromisoa hartuko duena. Baina uste dut horren berri ez dutela eman egindako adierazpenetan... Beti galtzen ateratzen da hizkuntza. Joder!
Nork: Haritz.2005/06/28 14:26:11.322 GMT+2
Ez bata eta ez bestea ez ditut gustuko
Ez zaizkit gustatzen Realeko presidente izateko hauteskundeetara aurkezten diren hautagaiak.
Santos harroputz samarra iruditzen zait eta daukat irudipena gauzak ondo doazenean oso jator agertuko dela, baina gaiztotzen direnean, impresentable samarra izango dela, Gil zena, Lopera, Izko eta beste hainbat presidenteren antzera.
Fuentes, ostera, beste muturrean dago, publikoan, behintzat, ez gatz eta ez berakatz. Uste dut lehen mailako futbol talde bateko presidenteak nortasun handiagoa erakutsi behar duela eta Fuentesek, alde horretatik, ez dit konfiantza handirik ematen. Publikoan, lelo samarra ematen du.
Santosen hautagaitzak alde dauzka Karpin, hau ere harroputz samarra den arren, nortasun handikoa, azkarra, langilea, liderra , eta Santosek jokalariak fitxatzeko izan dezakeen merkatuaren ezagutza. Fuentesenak dauzka alde, babesa ematen dien jokalari eta presidente ohiak, Realeko aktibo inportantea direnak.
Niretako presidente perfektua izango litzateke ezaugarri huek guztiak betetzen dituena: Euskaraz behar den moduan hitz egiteko gauza den Realeko jokalari ohia (Andoni Imaz esate baterako); jokalari zenean, futbol zelaian nortasuna eta lidergoa erakutsi zuena (Karpin, Jose Antonio Larrañaga, Kortabarria); gaur egungo futbola ondo ezagutzen duena (Migel Santos); lehen mailako futbol elkarteak kudeatzeko gaitasuna erakutsi duena (Alemain, Lendoiro); jatorra, ona, zintzoa (Orbegozo, Iñaki Alkiza), zuhurra eta komunikatzeko gaitasuna duena, zuzena (Luis Ansoalde, Fuentesen hautagaitzakoa, Arrate edo Lamikiz Athletic-ekoak)
Nork: Eneko Azkarate.2005/06/28 16:44:58.241 GMT+2
%00
Ba nik Santosen alde egingo dut biharko bozketan.
Gestore ona izango dela uste dudalako eta Reala defenditzeko ahalmena duela ikusten diodalako.
Gainera, Edu Malagon laguna Santosen taldean doa. Eta argi daukat kolore txuri-urdinak barru barruan izatea ez dela Realean jokatu dutenen esklusiba.
Edozein modutan, aupa Real!!!
Nork: mathiasen kopilotua.2005/06/29 15:49:55.610 GMT+2
http://www.goiena.net/blogak/edu