Sergio Leoneren film mitikoaren haritik, Realeko presidente izateko hautagai zintzoa, zatarra eta gaiztoa aurkeztuko dizkizuet. Hona hemen:
Migel Fuentes da sasoi ezberdineko Realeko jokalari ohi gehienak batzen dituen hautagaia, Real zale gehienendako irudirik onena daukan plataformaren burua. Realeko jokalari izan zenean ez zen asko nabarmendu, kapitain izatera heldu bazen ere. Golik gabeko aurrelaria izan zen lehenengo eta eskuin hegaleko ibiltarte luzeko atzelaria, azkarra, erasoan baino gehiago defenditzerakoan nabarmentzen zena. Gizon umila, zintzoa, apala, ona, baina gris samarra, agian, berba gutxikoa. Alde horretatik, azken urteotako Realeko presidente onenen Orbegozo eta Alkiza estilokoa. Inkestek diote bera dela faboritoa dela. Lehena izan da presidente izateko hautagai aurkezten. Haren alde agertu dira hainbat debagoiendar: Idigoras, Kortabarria, Gaztelu, Aranzabal eta Gerardo Eskarza (Oñatiko kirol teknikaria); baita Juan Jose Alvarez Bergarako UNEDeko zuzendaria ere.
Zintzoa
Peio Gibelalde eta berak gidatzen duen Loturak plataformari leporatzen diote azkenaldian Anoetan eta, oro har, Real zaleen artean, txuri-urdinekiko eta batez ere oraingo zuzendaritzarekiko sortu den giro zatarra. Plaza eta Gallorekin batera doa, baina ez du beste inoren izena aipatu. Gibelalde eta Gallo, Astiazaranen arerio izan ziren aurreko hauteskundeetan. Enpresari beasaindarra bigarren geratu zen orduan. Gibelaldek badaki futbol talde bateko buru izatea zer den. Izan ere, arrakastaz gidatu zuen Beasain taldea orain dela urte batzuk, presidente izan zenean. Oraingo zuzendaritzari leporatu dio, besteak beste, gastuen eta sarreren arteko orekarik eza eta gastuak izugarri eta larregi hazi izana. Gibelaldek dio Realeko presidente izateko aurkezten dela elkarte txuri-urdina krisian dagoelako ekonomia, kirol zein gizarte aldetik.
Zatarra
Migel Santosi jarri diogu gaiztoarena, bere abizenak kontrakoa erakuts dezakeen arren. Realaren interesen aurkako izatearen ospea hartu zuen, batez ere Alkiza eta Urangaren denboran, jokalarien interesak defenditzen zituelako. Futbol jokalarien agente izaten lehenengotarikoa izan zen. Orain esan du lan hori utzi egingo duela Realeko presidente izateko. Patxi Izkok irabazi zuenean, Osasunako presidente izateko hautagai izan zitekeela entzun zen. Izan ere, Santos nafarra da, 1979tik Donostian bizi bada ere. Bruesa saskibaloi taldeko presidentea da eta aurreratu du Realeko presidente bada saskibaloi saila sortuko duela Realean. Karpin izango da Realeko kirol presidente orde Santosek irabazten badu. Estoniarrak ez ditu oso toki onean utzi oraintsu arte bere taldekide izan diren Realeko harrobikoak, esan duenean Gipuzkoarra izatea ez dela nahikoa Realean jokatzeko. Zurrumurruek dioenez Jabo Irureta izango litzateke Realeko kirol zuzendari Santosekin.
Gaiztoa
Erantzunak
Euskaraz dakienik bada hiru horien artean? Segurtasunik gabe diot hau, baina ezkor samar naiz.
Nork: Igor Ingo.2005/06/08 14:19:07.012 GMT+2
http://www.lacoctelera.com/igorringo
Hiru hautagaien artean euskalduna bakarra da Peio Gibelalde. Beste biek ez dakite. Migel Fuentesek zerbait egingo du, akaso, intimitatean, etxean-eta, baina publikoki ez diot sekula entzun, eta Migel Santosek ez du egingo euskaraz ezta intimitatean ere, seguruen. Horixe da panorama. Inkestek diotena betetzen bada Realeko hurrengo presidentea, Fuentes, ez da euskalduna izango eta, alde horretatik, atzera pausoa izango da; izan ere, Astiazaranek badaki.
Nork: Eneko Azkarate.2005/06/08 15:59:53.242 GMT+2