Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2005/07/06 09:26:37.566 GMT+2

Hurrengora arte

Realaren gaineko blog hau presidentea aukeratzeko hauteskunde prozesurako abiatu genuen. Hautagaiak, zerrendak edo egitasmoak aurkeztu; zaleei iritziak emateko aukera eskaini; emaitzen berri eman… Horiexek jaso nahi izan ditugu blog honetan.

Epe baterako abiatu genuen eta behin hauteskundeak amaituta, azken trakarako Zubiaurreren ustekabe eta guzti, oraingoz iraungi egingo da.

Itzuliko gara, hala ere, gertaera azpimarragarriren baten aurrean, eta orduan ere txuri-urdinen gorabeherak izango ditugu hizpide.

Eskerrik asko blog honetan parte hartu duzuen guztioi, idatziz edo irakurriz. Hurrengora arte.

Nork: Eneko Azkarate.2005/07/06 09:26:37.566 GMT+2
Etiketak: hautagaiak | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2005/07/01 10:03:28.922 GMT+2

Astiazaranen azken oinordetza

Gaur aurkeztuko du Athletic-ek Iban Zubiaurre jokalaria. Mendarokoa da Zubiaurre eta 22 urte ditu. Espainiako selekzioan ibili da gazte mailan. Azken denboraldian Amorrorturekin partidu asko jokatu ditu Lopez Rekarteri postua kendu diolarik. Zubiaurre Realeko jokalaria izan da atzo arte, baina, behin kontratua amaituta, txuri-gorriek fitxatu dute.

Realean diote kontratua urtebetez automatikoki luzatzeko ahalmena duela, kontratuan idatzita dagoen klausula baten bidez. Astiazaranen kontseiluak esan du Athletic-eko inor ez dela harremanetan jarri eurekin Zubiaurre fitxatzeko.

Ederra utzi diote Fuentesi eta bere administrazio kontseiluari. Nihatekin, Artetarekin eta ez dakit zenbateko zorrekin nahikoa ez eta orain, kargua hartzeko bezperan, hedabideek atzoko bozketetan helarazitako zurrumurru baten bidez enteratu dira taldeko harribitxietako bat albokoak fitxatu duela.

Ederra patata

Zertan ibili dira azken hilabeteotan Astiazaran, Olabe eta bere administrazio kontseilua? Nihati kontratua berritzeko edo, saldu nahi bazuten, ganoraz saltzeko gauza ez dira izan; Artetarekin hor dabiltza Evertoni ezin saldu. Eta orain hau: ezin eutsi etorkizun oparoenetakoa daukan Realeko harrobiko jokalaria? Dirurik jaso barik ospa egiten utzi? Hauxe izan da Astiazaranen azken oinordetza. Penagarria.

Lamikizen jokabidea oso zintzoa ere ez da izan, ba. Reala egoera berezia bizitzen zebilela, hauteskunde prozesuan murgilduta zegoela eta administrazio kontseilu berria uztailera arte lanean hasiko ez zela aprobetxatu du Realeko jokalari gaztea fitxatzeko. Arratek Etxeberriarekin egin zuen moduan, Lamikizek Zubiaurrekin.

Eta Lakimiz?

Hala ere, txuri-gorriak ez dira errudun. Erruduna Reala da, eta baita jokalariaren edo honen agentearen diru nahia. Astiazaranek dauka hauteskunde prozesua hain berandu egitearen erantzukizuna. Hilabete lehenago egin izan balira bozketak, presidente eta administrazio kontseilu berriak hainbat erabaki (Zubiaurrerekin, Nihatekin edo Artetarekin zer egin) hartu ahal izango lituzke. Orain zer?

Errua Realarena da

Nork: Eneko Azkarate.2005/07/01 10:03:28.922 GMT+2
Etiketak: hautagaiak | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2005/07/01 09:51:35.319 GMT+2

Fuentes erraz nagusitu da

Uste baino errazago irabazita, Migel Fuentes (Denon Erreala) izango da Realeko presidentea hurrengo bost urteotan. Hauxe izan da emaitza:

  • Migel Fuentes: 31.297 akzio.
  • Migel Santos: 20.392 akzio.
  • Luis Plaza: 457 akzio.

Denon Errealeko 13 kideak izan dira akzio gehien lortu dituztenak. Baina, kuriosoa da ikustea Santosen kandidaturan Valery Karpin izan dela akzio gehien lortu dituena, Santosen aurretik. Ikusi:

  • Migel Fuentes: 31.297 akzio.
  • **María de la Peña**: 31.270 akzio.
  • **Iñaki Untzin**: 31.212 akzio.
  • **Iñaki Alaba**: 31.195 akzio.
  • Jose Maria Martinez: 31.070 akzio.
  • Maite Salegi: 31.041 akzio.
  • **Iñaki Alkorta**: 31.010 akzio.
  • **Roberto Galárraga**: 31.009 akzio.
  • **Iñigo Olaizola**: 30.997 akzio.
  • Luis Ansoalde: 30.995 akzio.
  • Jesus Mari Zamora: 30.948 akzio.
  • Gorka Leunda: 30.870 akzio.
  • Asier Laskibar: 30.765 akzio.
  • Valery Karpin: 20.456 akzio.
  • Migel Santos: 20.392 akzio.

    "Eskerrak eman nahi dizkiet Realeko akziodunei bozketan parte hartzeagatik, ze parte hartzea izan da %80koa".

Migel Fuentes: "Lanean hasi bezain pronto Zubiaurreren kontua argitu eta soluzioak topatzen saiatuko gara"

"Ostiralean, goizeko 9etan hasiko gara lanean".

"Realak arazo ugari ditu, baina guztion laguntzarekin lortuko dugu. Horregatik oso garrantzitsua izango da denon laguntza, ez bakarrik Migel Santosena. Urte zailak bizi izan ditugu, giro txarra nagusitu da eta hori aldatu beharra daukagu".

"Ez dakigu ezer Zubiaurreren kontuaren gainean. Lanean hasi bezain pronto egingo dugun lehenengo gauza izango da arazoa konpondu eta soluzioa aurkitzea".

"Realeko kirol zuzendariaren izena hurrengo egunetan emango dugu aditzera".

"Migel Fuentes zoriondu nahi dut eta esan Realak irabazi duela. Fuentesen esanetara nago".

Migel Santos: "Ez naiz berriro aurkeztuko Realeko presidente izateko hauteskundetara"

"Fuentesi eskain diezaioket nire esperientzia, jakinduria eta kontaktuak, batez ere Espainia eta nazioarte mailakoak".

"Bakarrik nahi dut Reala beti egon dadila lehen mailan eta UEFAn".

Nork: Eneko Azkarate.2005/07/01 09:51:35.319 GMT+2
Etiketak: hautagaiak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2005/06/30 17:21:10.997 GMT+2

Astiazaranen lanaren gainean zer iritzi?

Gaur aukeratuko dute Realeko akziodunek presidente berria. Azken asteotan jardun dugu, batik bat, hauteskunde prozesuaren inguruan eta presidente izateko aurkeztu diren bi hautagaien inguruan.

Bihar presidente berria izango du Realak, baina, orain arteko presidenteaz zer iritzi daukagu. Egin dezagun berba Astiazaranek, honen administrazio kontseiluak, eta Realak, oro har, azken lau urteotan egin duten lanaren gainean.

Une oso onak eta txarrak egon diren arren, jeneralean esango nuke, Astiazaren aroa txarra izan dela Realarendako.

  • Presidente euskalduna, bozeramaile euskalduna eta kirol presidente orde euskalduna, besteak beste.

Gauza onak:

  • Lehenengo aldiz emakumezkoak administrazio kontseiluan.
  • Kluba profesionalizatzeko egindako ahaleginak.
  • Zubieta XXI eta, oro har, Zubietako kirol instalazioak.
  • Gipuzkoako eta inguruko klub gehienekin (Antiguoko, Eibar…) egindako hitzarmenak.
  • 2002-2003 denboraldian Liga Txapelketan lortutako bigarren postua, Real Madrili ia txapelketa irabaziz eta sekulako joko ona erakutsiz.
  • Kovacevic, Nihat eta Karpin fitxatu izana.
  • Europako Txapeldunen Liga jokatu izana.
  • Realeko bigarren taldea hirugarren mailatik Bigarren B mailara igo izana.
    • Astiazaranek esan zuen presidente kargua hartu zuenean kluba egoera ekonomiko onean hartzen zuela. Bere agintaldia amaitu denean zulo ekonomiko dezentea ei du Realak: 12 milioi euro?, 15 milioi euro? (ez dago jakiterik, presidente berriaren aginduz auditoria egin arte).

Gauza txarrak:

  • Kluba profesionalizatzeko bidean, horrenbeste puztua izana gastuen partida, sarrerak baino handiago bilakatuz gastuak.
  • Diru sarrerak gastuak baino txikiagoak izan arren, Realeko presidenteak eta adsministrazio kontseiluko kide batzuk kobratu izana klubari eskainitako lanagatik.
  • 2002-2003 denboraldia salbu, gainerakoetan Liga Txapelketan lortutako emaitza eskasa: hamargarrenetik behera.
  • Lau urteotan Kopa Txapelketan negargarri aritu izana.
  • Fitxaketa eskasak: Lee Chon Soo, Rivas, Romero…
  • Kovacevic, Westerveld eta Nihat fitxatzeko horrenbeste milioi gastatu izana, zeukana baino gehiago gastatuz eta klubaren etorkizuna zalantzan jarriz.
  • Anoetan atletismo pistak kentzearren eta harmailak futbol zelaira gerturatzearren, Gipuzkoarena bezalako pelotazo higiezina aurkeztu izana, Donostiako alkatea bera eta zale piloa aurka jarriz.
  • Kapital handitzea lortzeko akziodunak konbentzitzeko gauza ez izatea.
  • Nahiz eta Astiazaran ez izan errudun bakarra (DV-k eta Teledonosti-k ez dute zintzo jokatu hainbatean), bere aroan sekulako zatiketa eta giro txarra sortu da Real zaleen artean.

Nork: Eneko Azkarate.2005/06/30 17:21:10.997 GMT+2
Etiketak: hautagaiak | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2005/06/30 09:08:08.067 GMT+2

Astore, fifty-fifty

Asko espekulatu da Astorek nori emango ote zion babesa: Fuentesi ala Santosi. Izan ere, Astore da Realeko akziodun handiena, edo hobeto esanda, Astoreko ugazabak, Uribesalgo-eta, dira akzio gehien batzen dituztenak.

Bueno, bada, guraso onak beren seme-alabekin egin ohi duten moduan, bien artean, Fuentsen eta Santosen artean banatuko dituzte akzioak Astorekoek eta biei emango diete babesa, erdi eta erdi. 1.990 akzio dituzte denera. Hortaz, 995 emango dizkiote Fuentesi eta beste horrenbeste Santosi.

Aurreko hauteskundeetan, garaile atera diren hautagaiak babestu ditu Astorek: Uranga lehenengo eta Astiazaran orain dela lau urte. Oraingoan, ez dute baten edo bestearen alde egingo. Akaso, oso zaila delako jakitea nork irabaziko duen?

Horrela jokatuko dute Realeko hiru akziodun handienek:

Akziodun nagusien jokabidea

  • Manuel Malvidok, akzio gehien batzen dituen pertsonak, Santosi emango dizkio bere 1.017 akzioak (Malvido Santosen kandidaturan doa).
  • Astorek, 995 Fuentesi eta beste 995 Santosi.
  • Jordi Cantillok, Fuentesi bere 571 akzioak.

    Gipuzkoako egunkari nagusiak, El Diario Vasco-k ditu 125 akzio eta erabaki du ez erabiltzea. Hau da, inoren alde ez egitea, "neutraltasun informatiboari euste aldera". Orain dela lau urte ere, Astiazaran atera zenean Realeko presidente, ez zuen hiru hautagaietako inoren alde egin; abstenitu egin zen orduan ere.

DV-k ez ditu bere 125 akzioak erabiliko

Edozelan ere, akziodun txikiek erabakiko dute nor izango den Realaren presidente berria. Izan ere, Realeko akziodun guztien %91k dauzka 9 akzio baino gutxiago.

Akziodun txikiek erabakiko dute

Guztira 65.750 akzio daude jokoan, banatuta 9.623 akziodunen artean.

Debagoienean daude 3.468 akzio.

Nork: Eneko Azkarate.2005/06/30 09:08:08.067 GMT+2
Etiketak: hautagaiak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2005/06/29 17:06:12.173 GMT+2

Santosek bi jeltzale fitxatu ditu bere kandidaturarako

Miguel Santosek gaur aurkeztu ditu bere kandidaturako azken hiru kideak: Galo Sanchez, Peio Etxeberria eta Nekane Arzallus. Lehenengo biak EAJko kideak dira.

Galo Sanchez, aretxabaletarra da. EAJko zinegotzia da Aretxabaletako Udalean. Fagorren dihardu lanean eta Mondran futbolean aritutakoa da.

Peio Etxeberria, Gipuzku Buru Batzarreko kide izandakoa da. Une honetan gaitasunik gabe utzi du alderdiak, arazo batzuk medio. Besteak beste, leporatu diote alderdiaren izena erabili izana Santosen aldeko akzioak eta babesa lortzeko.

EAJk prentsa ohar bat atera zuen hauteskunde prozesua hasi zenean, adierazteko askatasun osoa ematen ziela alderdikideei baten edo bestearen alde egiteko. Egun batzuk geroago, baina, Joseba Egibar, Gipuzku Buru Batzarreko presidentea, hedabideetan agertu zen Denon Errealeko bulegoaren aurrean, bere akzioak Fuentesen alde ematera zihoala.

Etxeberria Santosekin eta Egibar Fuentesekin

  • Miguel Santos, jokalarien agente ohia

Santosen kandidaturako kide guztiak

  • Iñaki Almandoz, abokatua.
  • Valery Karpin, Realeko jokalari ohia
  • Miguel Campos, Andoaingo Realeko lagunartekoa.
  • Eduardi Malagon, EHUko ekonomia irakaslea
  • Manuel Malvido, enpresaria eta Astiazaranen zuzendaritzakoa izandakoa
  • Juan Luis Mardaras, Eibarko presidente izandakoa
  • Fernando Ramirez, injineru industriala
  • Iker Ubarretxena, ostalaritzako enpresaria
  • Manuel Yanguas, ekonomista
  • Galo Sanchez, Fagorreko langilea eta EAJko zinegotzia Aretxabaletan
  • Nekane Arzalluz, abokatua
  • Peio Etxeberria, GBBko kide ohia
    • Miguel Ángel Fuentes, 40 urte. Enpresa-zientzietan lizentziatua. Realeko jokalaria (1987-2001).

Denon Errealekoak

  • Iñaki Alkorta, 54 urte. Enpresen administratzailea.
  • Jesús María Zamora, 50 urte. Realeko jokalaria 15 urtez eta futboleko teknikaria.
  • Maite Salegi, 39 urte. Ekonomian lizentziatua eta enpresaria. Realeko hockey jokalari ohia.
  • Iñaki Alaba, 38 urte. Banku langilea eta Realeko jokalari ohia 1989-1995).
  • Jose Mari Martínez, 62 urte. Industriala eta futbolari ohia. Realeko kapitaina (1964- 1976).
  • Gorka Leunda, 30 urte. Ekonomi eta enpresa zientzietan lizentziatua. Kirol aholkularia.
  • María De la Peña, 46 urte. Abokatua.
  • Roberto Galarraga, 43 urte. Industri antolaketako ingeniaria. Unibertsitateko irakaslea.
  • Iñigo Olaizola, 39 urte. Kirol ekintzetako sustatzailea. Donosti Cup eta helduen munduko atletismo txapelketa antolatzen ditu.
  • Luis Ansoalde, 59 urte. Enpresaria.
  • Iñaki Ucín, 42 urte. Enpresa-zientzietan lizentziatua. Enpresaria.
  • Asier Laskibar, 31 urte. Abokatua.

Nork: Eneko Azkarate.2005/06/29 17:06:12.173 GMT+2
Etiketak: hautagaiak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2005/06/28 09:40:34.554 GMT+2

Fuentes ala Santos, zein nahiago?

Realeko presidente izateko hautagaien gaineko iritzia eskatu diete Asteleheneko Goienkaria-koek Debagoieneko kirol elkarteetakoei. Mondra, UDA, Eskoriatza eta Antzuolakoekin izan gara. Fuentes ala Santos, zein nahiago? Hemen erantzunak. Eta, zeuk, zein nahiago? Eman zeuk ere iritzia.

"Santosek egingo duen gestioa hobea iruditzen zait; buruarekin egingo duelako lan"

Manolo Muñoz, Eskoriatza kirol elkarteko presidentea

"Santosek esperientzia handia du. Fuentesen proiektuak bihotz gehiago du burua baino. Onena izango litzateke Santos eta Fuentes batera joatea. Karpini ez zaio hainbeste garrantzia eman behar, Denon Errealaren barnean dauden jokalari ohiek esperientzia gehiago dute eta Reala hobeto ezagutzen dute".

"Ideia berberak izaten jarraitu behar dute proiektu berrian, baina ohiturak apurtu egin behar dira"

Jose Luis Ezkurra, Mondrako presidente ohia

"Aurreko presidenteak utzitako haria eten behar da, beste itxura bat eman Realari, eta honetarako egokiena Santosen proiektua da. Orain ere Denon Errealaren proiektua bultzatzeko Realeko jokalari ohiak etorri dira herriz herri, eta hau jendeari egiten zaion iruzur txiki bat dela iruditzen zait".

"Behe mailako futbolaren inguruan duen filosofia ona da niri Denon Errealetik gehien gustatzen zaidana"

Jose Angel Fernandez, Antzuolako futbol presidentea

"Jokalari ohien presentziak gertutasuna ematen du. Fuentes eta bere taldea proiektu berri hau aurrera eramateko prestatuta daudela uste dut. Zubieta Gipuzkoako herrietako taldeei gerturatu nahi die, eta harrobiko gazteekin ahal duten guztia egitea da hauen gogoa. Horregatik, asko gustatzen zait".

"Garrantzitsuena adostutako klubekin zer egingo duten jakitea da, jarraikortasun bat ematen dio"

Jokin Antxia, UDAko presidentea

"Bi proiektuen artean ez dago alderik. Garrantzitsuena, adostutako inguruko klubekin zer egingo duten jakitea da. Jende berberak jarraitzen duenez, konfiantza ematen digu horrek. Santos oso presidentzialista da, eta Denon Errealekoek talderako lan gehiago egingo dute, talde giroa baitago".

Nork: Eneko Azkarate.2005/06/28 09:40:34.554 GMT+2
Etiketak: hautagaiak | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (0)

2005/06/27 12:11:50.210 GMT+2

Ia 3.500 akzio daude Debagoienean

Ia 3.500 akzio daude jokoan Debagoienean. Horietatik gehienak Arrasaten batzen dira (2.559) eta Arrasateko gehienak bakar baten eskuetan: Astore kirol jantzien marka ospetsua (1.990 akzio). Oñatin daude 439 akzio; Bergara 383; Aretxabaletan 65; Antzuolan 19 eta Eskoriatzan 3. Guztira, Debagoienean, 3.468.

Realak ditu guztira 65.750 akzio banatuta 9.623 akziodunen artean. Esan behar da akzio gehienak askoren artean banatuta daudela, hau da, Realeko akziodunen %70ak daukala 5 akzio edo gutxiago. 6 eta 10 akzio artean dauka %21ak eta gainerako %9en artean banatzen dira 11 akzio baino gehiago dituztenak.

Guztira 65.750

Esan behar da 10 lagun daudela bakarrik 2001 eta 1.000 akzio duten artean eta pertsona bakarrak daukala 1.000 akzio baino gehiago.

Datu hauek guztiek erakusten dute Realeko hurrengo presidentea aukeratuko dutela akzio gutxi dituztenek, hau da, akziodun guztien %91k. Akziodun txikiak berenganatzeko gauza denak irabaziko du.

Akziodun handiek, halere, badute zer esan eta garrantzitsua izango da horiek noren alde egiten duten. Realean akzio gehien batzen dituena da Astore. Enpresa horretako ugazabek edo gertukoek dituzten akzioak batuta 1.990 batzen dituzte. Inon entzun da Amenabar eraikuntza enpresa izango ote den akziodun nagusia, baina hark, zuzenean behintzat, 50 akzio baino ez ditu kontrolatzen.

Astore nagusi

Realeko pertsona bakar batek dauka 1.000 akzio baino gehiago, 1.017 hain justu ere, eta hori da Manuel Malvido, Santosen kandidaturan doana eta orain arte Astiazaranen zuzendaritzako kide izan dena. Jordi Cantillo katalana da akzio gehien dituen bigarren pertsona: 571 akzio. Hasiera batean Gibelalderen aldekoa zena, baina hura hauteskunde lehiatik erretiratu eta gero, ikuskizun dago noren alde egingo duen.

Astorek noren aldeko hautua egiten duen erabateko garrantzia izango du. Aurreko hauteskundeetan Urangaren eta Astiazaranen alde, hau da, Realeko presidente atera zirenen alde, agertu zen Astore. Oraingoan ez du publiko egin noren alde egingo duen. Diotenez, ez du inoren alde egingo. Kontuak kontu, hauteskunde kanpainan Migel Santosek keinua egin dio Astoreri, Arrasateko enpresa goraipatuz, haren babesa lortze aldera edo.

Noren alde?

Javier Clementek ere akzio asko ditu. Ehunetik gora itxura batean. Clementek ez du inoren hautu publikorik egin, baina Santosen oso laguna da. Bien lagun hurbilekoa da Juan Luis Larrea. Gipuzkoako Futbol Federazioko presidentea Santosen alde agertu da.

Bestalde, aurreko hauteskundeetan EAJren hautagaia izan zen Astiazaran. Oraingoan, publikoki, prozesuan ez dela murgilduko adierazi du EAJk eta askatasun osoa eman die alderdikideei nahi dutenen alde egiteko. Gipuzku Buru Batzarreko presidenteak, nolanahi ere, Fuentesi eman dio babesa, bere akzioak eskainiz.

EAJ

2001eko martxoan egin ziren azkenekoz Realeko presidentea aukeratzeko hauteskundeak. Jose Luis Astiazaranek irabazi zuen, 21.178 akzio lortuz; beste bi hautagaiek, Peio Gibelaldek eta Ignacio Gallok, 13.764 eta 9.652 akzio lortu zituzten hurrenez hurren. Loturakek hauteskundeetan parte hartzeari uko egin eta gero, Denon Errealeko hautagaiaren alde agertu da Gallo.

Irabazteko, nahikoa dira 25.000 akzio?

Fuentesek esan du 25.000 akzio eskuratzea nahikoa izango dela irabazteko. Toshack-ek, ostera, hauteskundeak oso parekatuak izango direla eta azkenera arte ez dela irabazlearen izena ezagutuko. Eguen gauean jakingo dugu nor den Astiazaren ordezkoa.

Nork: Eneko Azkarate.2005/06/27 12:11:50.210 GMT+2
Etiketak: hautagaiak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2005/06/23 17:03:53.037 GMT+2

Defentsa eta erasoa

Ba azkenean ezin izan nuen Miguel Santos eta Miguel Fuentesen arteko debatea ikusi eguaztenean, ETB-2an. Euskal Telebistak ez zuen asmatu deskonexioa egiten Bergaran (Bizkaia).

Gaur bazkalosteko Teleberri saioan emandako laburpenarekin konformatu behar izan naiz. Han emandako irudietan Santos erasokor azaldu da, Fuentesi hainbat galdera eginez: ea presidente izatekotan kobratuko zuen (Santosek ez zuela kobratuko esan du); presidente izateko Fuentesek beharrezko koalidadeak dituen zalantzak jarriz (bere taldeak zerrenda-buru bera izatea aukeratu badute zerbaitegatik izango dela erantzun zuen Fuentesek)… Fuentes eroso ez zegoela igartzen zen irudietan.

Bere jokalari denboran bezala, jarrera defentsiboan azaltzen zen debatean, soken kontra egoten diren boxeolarien antzera. Santosek, aldiz, garai bateko ezker hegaleko jokalari maltzurra eta zorrotza ematen zuen. Gaur egungo futbolean ez dago bibotedunik (zelaian), baina errespetua sortarazten du bibote batek, aizue.

Diskurtsoetan baino, jarreran ikusten dut bien arteko diferentzia: bata erasotzailea, bestea defentsarako joera duena. Futbolean biak dira beharrezkoak; defentsa-jokoa egiten dutenek emaitzari ematen diote lehentasuna: amarrategitarrak. Erasotzaileek, aldiz, ikuskizuna bilatzen dute, joko alaia eginez. Hori bai, gerta daiteke beraiek lau gol egitea eta bost jasotzea.

Zein estiloren alde azalduko dira realzaleak?

Nork: edu mendibil.2005/06/23 17:03:53.037 GMT+2
Etiketak: hautagaiak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2005/06/23 09:26:13.907 GMT+2

ETBrendako ez ei gara gipuzkoarrak

Migel Fuentes eta Migel Santos Realeko presidente izateko bi hautagaiak, ETBn izan ziren atzo, aurrez aurre. Mahaingurua antolatu zuten, Miramonen, Realaren gainean. Jose Ituarte aritu zen moderatzen.

Mahaingurua, Gipuzkoan bakarrik ikusi ahal izan zen, lurralde horretarako bakarrik egindako deskonexioaren bitartez.

Nire asmoa zen mahaingurua ikustea eta hainbat gairen gainean bakoitzak daukan ikuspuntua eta egitasmoa ezagutzea; izan ere, biak aurrez aurre ezin izan ditut orain arte ikusi (Goiena Telebistan orain dela egun batzuk egin zuten mahaingurua bi kandidaturetako kide banarekin, baina ez ziren ez Fuentes ezta Santos izan, besteak beste euskaraz egiteko gauza ez direlako).

Baina ezin izan nuen ikusi ETBko mahaingurua. Zergatik, ordea? Telebistaren aurrean lo hartu nuelako?, beste zeregin batzuk nituelako?... Bai, zera! ETBko bigarren katea ipini, gaueko 10etan, eta Gurutze Beitiak aurkezten duen Pika-pika bodrioa ematen zutelako.

Ezin ikusi

Une batean, ordea, bat batean, Fuentes eta Santos agertu ziren telebistan. Zebiltzan eztabaidatzen bietako zeinek zeukan esperientzia handiagoa Realeko presidente izateko eta zein zen hautagai hobea. Eta agertu ziren moduan, minutu bat geroago-edo, desagertu egin ziren, bat batean, eta Pika-pika-k jarraitu zuen.

Beti esan izan duguna: debagoiendarrok ez ei gara gipuzkoarrak. Ezdakitnongopuntan; galduta; ez han eta ez hemen; ez Gipuzkoan, ez Bizkaian, ez Araban bizitzeak dituen eragozpenak dira, oraingoan arazo teknikoak medio. Inkomunikazioa, errepideengatik edo teknologiarengatik.

Ez han eta ez hemen

Ez da lehenengo aldia gertatzen dena.

Zalantza bat daukat: Debagoienean bizi eta Euskaltelen bitartez telebistako seinalea kablez jasotzeko aukera dutenek zer ikusiko ote zuten atzo: Mahaingurua edo Pika-pika?

Nork: Eneko Azkarate.2005/06/23 09:26:13.907 GMT+2
Etiketak: hedabideak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)


Estatistikak