FC Barcelona eta Werder Bremenen arteko partida, zoragarria izan zen futbolzaleentzat. 20:45etan hasi zen partida eta ia bi ordu beranduago, 3-1eko emaitzarekin amaitu zen Nou Campeko norgehiagoka.
Ronaldo de Assis, "Ronaldinho" bezala ezagutzen duguna izan zen berriz ere partidako izar nagusia. Frank Rijkaardek aulkian utzi zituen azken asteetan haseratik aritu ziren Xavi eta Eto'o, Gabri eta Larsson-en mesedetan. Hauek ongi aprobetxatu zuten emandako aukera, eta biek ere izugarrizko partida jokatu zuten gol bana sartuz.
Lehen konpasetan, azkenaldian ohitura den lez, kataluniarrek gol aukera azkarra izan zuten. Baloiaren jabetza, Werder Bremenekoek izan zuten ordea eta horrek min handia egin zion bartzelonaren jokoari.
Hala ere, hamar minutu nahikoa eta soberan izan ziren baloiaren jabetza berreskuratzeko eta alemaniarrek aukera garbi bat izan zuten arren, 13. minutuan Ronaldinhok pase magiko bat eman zion zelaierditik Gabriri. Honek, maisutasunez bularrarekin baloia jaitsi eta ondo gurutzatuz, hamalau hilabeteren ostean berriz ere golarekin egin zuen topo.
Gola sartu bezain pronto, talde germaniarra erasoan hasi zen itsu-itsuan eta segituan gol aukera garbi bat lortu, baina Victor Valdes atezainak ongi erantzun zion bat-baten aurkako egoerari. Baina 20. minutuan, Micoud internazional frantziarra arean barneratu eta Giok sarrera batekin lurrera bota zuen. Arautegia eskuan hartuta, Bo Larsen epaile daniarrak penaltia dekretatu zuen eta Borowskik Valdesi ziria ongi sartuta, banakoa igo zuen markagailura.
Partiduko izarrak sei minutu behar izan zituen berriz ere munduko jokalari onenetakoa zela baieztatzeko. Reinke atezainaren laguntza apur batekin, baina area ertzetik jaurti zuen falta ate barrura joan zen, Marquezi zuzendutako baloia inork ikutu ez zuela zutoinaren ondotik sartu zenean.
Bi eta batekoa markagailuan zela, bartzelonakoak beraien teknika onena erakusten hasi ziren. Guztiak ausart ibili ziren erasoan. Oleguer atzelaria ere ausartu zen erasoan, driblin eta jokaldi zoragarriak eginez.
Bigarren zatiko lehen minutuak nahiko aspergarriak izan ziren. Bartzelonako jokalariak haserretzen hasiak ziren 54. minutuan, bi falta jaso ostean Mottak Micoudi eginikoa adierazi zuenean.
Hurrengo jokaldian, Marquezek eta Klosek tupust egin zuten goitik zetorren baloi baten disputan, eta alemaniarrak min hartuta utzi behar izan zuen zelaia, masailalboa ireki baitzuen mexikarraren bekokiaren aurka.
Jokoa berriz ere martxan jarri zenean, partidako jokaldi kolektiborik ederrena ikusi ahal izan genuen. Gabrik Decori ireki zion jokoa ezker hegalera, honek izkin egin zion Farenhorsti eta Ronaldinhori pasa. Brasildarrak erdiratu egin zuen eta Oleguerrek jaurtiketa bikaina egin zuen, baina berriz ere atzelari germaniarra azaldu eta bere gorputza jo ostean baloia kornerrera bidali zuen. Decok maisuki atera zuen kornerra eta Marquezek dotore jaurti zuen nahiz eta Reinkek geratu.
Astro brasildarra, Ronaldinho, oso haserre jarri zen 3. aldiz falta bat jaso ostean Micoud lurrera erori eta berriz ere alemaniarren aldeko falta adierazi zuenean epaileak. Baina bere haserrea partida guztian pase bikainak emanez hustu zuen, eta horietako batean, Larsson suediarra bakar-bakarrik geratu zen bremendarren markoaren aurrean eta baloia sareetara bidali zuen, bukaerako 3-1ekoa jarriz markagailuan.
Bo Larsen daniarraren jokabideak lotsa ematen zuen partidaren amaieran. Jokatzen uzten ari zen partida osoan zehar, baina 78. minutuan alemaniarrek 3 aldiz ukitu zuten eskuarekin baloia eta horietako bat area barnean.
Epailea lotsagarri amaieran
Ongi dago jokatzen uztea, baina Champions Leaguea bezalako lehiaketa batean ezin da honelakorik onartu. Ronaldinhoren haserrea ulergarria zen, penaltia adierazi izan balu, ziurrenik, gaur beste jokalariekiko izango zuen abantaila goleatzaile onenaren sarian, handiagoa izango baitzen.
FC Barcelona azken bi urteotan egiten ari den jokoa benetan gustagarria da. Guztiak ere izugarrizko maila erakutsi dute. Atzokoan denek erakutsi zuten beraien kalitatea, eta goraipatzekoak izan ziren VVren hiruzpalau gelditu.
Munduko talderik onena ez agian, baina joko ikusgarriena duena bai
Hala ere ez dago zalantzarik Ronaldinho dela kalitate gehien duen jokalaria magia egiterako orduan. Atzokoan paseez gain, 82. minutuan "zezenaren buztana" -gazteleraz "rabo de toro"- jokaldia egin zuen, benetan zoragarria. Geldik egotetik, bira oso bat emanez eta baloia beti ere oinaren barrualdearekin gidatuz, bi jokalariren artetik igaro zen. Pena izan zen hirugarren batek moztu izana. Jokaldi hau, Dream Teamean ibili zen Romariok asmatu zuen.
Katalanek joko honekin jarraitzen badute denboraldi guztian zehar, parean jarritako titulu denak eskuratuko dituzte. Baina nik behintzat, gogo berezia daukat Milan, Juventus, Olympique Lyonnais, Chelsea edota Bayern München bezalako talde baten aurka ikusteko. Horiek bait dira Europako liga nagusienetan aurrean dabiltzan taldeak.

Santi Ezquerro, Atheticeko jokalari ohia ere ausartu zen pase "magikoak" egiten atzokoan
Idatzi artikulu bat