Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/01/12 12:33:15.357 GMT+1

Uritteko dama

Hogeita hamar urte luzez tratatu dut Paula, Fatimaren ama. Atzo hil zen arte, 91 urte bete bezperetan. Berrogeita zortzi ordu laburretan egin du bidaia, bizi-bizi egotetik zendua egotera. Dotore horretan ere.

Oso maitea nuen Paula, oso gustukoa bere izaera. Bazuen alde bat berritzailea, modernoa. Entzutekoa zen nola astintzen zituen abade ustez maltzurrak, On Jose Maria miresten zuen bitartean. Ausarta nola sostengatu zuen alaba zaharrena goi-mailako ikasketak egiteko orduan eta bide profesionalean. Bikinia bekatu mortala zen sasoian, dendetan aurkitzen ez eta berak egin zion bat Fatimari, felpa laruzkoa, eguzkia ona zela-eta hezurretarako. Errezeloa daukat –ez bainuen ikusi- jubilatu ondoren Julianekin joanda Mediterraneoan egiten zituzten egonaldietan, berak top-less jarrita hartzen zuela eguzkia, hezurretarako ona omen.

Horren ondoan bazuen beste alde bat antzinakoa, betikoa, senezkoa. Naturarekiko jarrera, belarren ezagutza, euskara iraganekoaren molde jatorrak, bizitzaren aurreko jakinduria sakona… Gozatu ederra zen hura Esteñibarren ikustea, ortua ikuskatzen edo inguruari so, guk inoiz izango ez dugun begirada batekin.

Fatimak baditu amaren zantzuak. Haren antza gero eta handiagoa hartzen ari da, urteetan aurrera, eta ez bakarrik kanpotik. Hori gustatzen zait.

Aurten, Fatimak egin zuen urte zaharreko intxaur-salta, eta Paulak urte berrikoa. Oraindik ere, Paularena hobexeagoa; bestea ere ona, ordea. Etenik ez. Lehenago ikasia zuten Begok eta Mirenek Paularen bizkotxoa egiten, munduko onena. Azken urrats hauekin, bere betebeharra betea zuen Paulak. Joateko prest zegoen. Eta  azkar joan da, dotore. Konforme, esango nuke.

Laurogeita hamar urte bete zituenean ospakizuna egin genuen gurean. Eta bertso hau moldatu nion:

PAULA 90

 

1

Laurogetamar urte

hartu ditu Paulak. (bi aldiz)

Inork ez beza pentsa

dagoenik ahula.

Bihotza euki arren

apur bat gandula,

ta belauna esaten

atseden nahi dula;

berak ez du amore

ematen sekula (bi aldiz)

 

2

Menestra ta okela,

mahaia bete jendez; (bi aldiz)

orain kantuan gabiltz,

nahiz ondo jakin ez.

Paula dugu zaharrena

primer jaio zenez;

azken jaioa, berriz,

hemen dabil barrez.

Hau ere Paula dugu,

Paularen omenez (bi aldiz)

 

3

Uritten neskatila

Zigarrolan ama; (bi aldiz)

urteetan aurrera

egin zen amama.

Orain duela gutxi,

baita birramama,

adina hartu arren

umorez darama.

Urte askotarako!

Zorionak, dama.

 

Nork: mikel.2008/01/12 12:33:15.357 GMT+1
Etiketak: esteñibar | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Animo Mikel eta Fatima. Pena eta tristura izango duzuen une honetan, animoak ematea besterik ez zaiguk geratzen. Kunplimendutik haratago joanda, benetan Dama zela zirudiek hire hitzetatik. Ze arrastoa usten duten horrelako pertsonek eh!. 91 urte ondo erabiliak. Ikusi eta ikasi nahi duenentzat, gauza eder "pranko" geuren bizimuduari atxikitzeko. Gure etxean ere badizkiagu horrelako ereduak. 93 eta 88 urteko beste damatxo bi. Ondo zekiagu ze meritu duten eta ze betegarriak izan eta diren gure bizian.

Besarkada bero bat biori.

Luxiano eta Ramoni.

Nork: luxiano.2008/01/13 19:59:13.761 GMT+1

Fatima eta Mikel:

Igande asko geratzen dira aurrean Paula gogoan hartzeko...

 Jaso ezazue gure dolumina.

Andoaindik, Nekane eta Imanolek.

 

Nork: Nekane Goikoetxea.2008/01/15 22:16:57.610 GMT+1
Nekane Goikoetxea

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak