Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/06/28 09:52:05.211 GMT+2

Tribua bidegurutzean

Tribua bidegurutzean

Argia, 2008.06.29

Ekainaren 15ean ari naiz idazten, ezin jakin zer gertatuko den 27an EAEko Legebiltzarrean. Ez dut uste, hala ere, arnas luzeko analisi hau hankaz gora uzteko moduko ezer gertatuko denik hor. Hurrengo Jaurlaritza besterik ez baitago jokoan.

Ze tribu?

Euskaldunon tribuaz ari naiz, euskaraz natural bizi nahi dugunon giza multzoaz. Bidean ibilki, puntu komun batera iritsi gara: gure identitatea ez datza genetikan edo geografian, horiek berezkoak ditugu, generoa, garaiera edota bizkarreko garatxoa bezalaxe. Gure identitatea datza guk hautatu dugun kultur nortasunean, eta horren ardatza hizkuntza da. Gure tribuaren kasuan, euskara.

Ze historia?

Jatorri ezberdinetatik gatoz, eta ez dugu historia komunik. Horregatik, ez diogu historiari behar baino gehiago erreparatzen. Gure aurreko euskaldunen historiak balio lezake, gehienez ere, eskarmenturako. Eta ez da gutxi.

Erakusten du, esaterako, ez dugula asmatu nortasuna babesteko aginte-egiturak garatzen. Ezta ere garatu direnetan gure nortasuna txertatzen. Eta bi gabezia horiek eragin dutela, nagusiki, gure egungo ahuldadea.

Ahul?

Bai, ahul, eta hobe dugu gure buruarekin gezurretan ez jardutea. Asko garen tokian ere ez gara nagusi, eta inguru askotan apenas garen. Ez gaude ordea hilzorian. Baditugu gune indartsuak eta sare zabala, nola erabili da kontua.

Enegarren bidegurutzea

Bidegurutzean gaude, asmatu ezinda nola egin aurrera. Kulturgintzan eta herrigintzan txukun gabiltza, harrokeriarik gabe, baina politikak egiten digu kale. Gehienok argi dugu bonbak jarri eta zergatiak euskaraz azaltzea ez dela norabide egokia. Jarrera itun zaleak ere ez daude onenean, ez dira lirikarako garai onenak. Matxinada demokratikoarena, berriz, ezin esan indartzen ari denik. Orduan, nondik?

Hegemonia

Mundua datorren bezala, kultur nortasunean oinarritzen den komunitateak hegemonia du giltzarri, hegemonia lortzeko estrategietan dauka biziraupenerako aukera bakarra. Hegemoniak esan nahi du gizartean gailentzea, eta eskatzen du indar, prestigio, presentzia, eragin eta itzal handia izatea. Gizarteko kultur tribu ezberdinen artean lehena jartzea. Gure bidearen hurrengo geltokia hori da, euskaldunon tribua izan dadila hemen primus inter pares.

Beraz…

Akabo konplexuak eta harrokeriak, kitto indarkeria eta setakeria, utikan mespretxuak eta agoniak. Datozela liderrak eta lobbyak, ideietan berrikuntza eta garaitzeko abilezia, landu ditzagun ausardia eta sormena. Erakuts dezagun besteekiko errespetua eta gidari gaitasuna, eta lortuko dugu gutarrak aurrean jartzea.

Zehatzago

  • Euskaldunon tribuak askatu beharra dauka egitasmo politikoetatik, bakar batek ere ez digu ezer bermatzen, batzuen baitan kokatzea kaltegarri zaigu. Frankismoaren amaieran abertzaletasunaren apustua egin zuen tribuak, eta horrek eman du eman beharrekoa; ez da gutxi izan, baina ez gara iritsi hegemoniara. Areago, bide horretatik ez gara iritsiko..

  • Aurrera egiteko soberan daukagu ideologia, utz dezagun zama hori aldean. Eta haren ordez erabil dezagun teknika: asertibitatea, egoera gatazkatsuak kudeatzeko; marketina, guk daukaguna besteei saltzeko; pertsonen garapen teknikak, liderrak egiteko.

  • Barne sareak trinkotu ditzagun, teknologia alde daukagu. Zantzu ugarik adierazten du euskal amarauna iruten hasia dagoela, eta hori da bidea. Hedabide tradizionalak ere hor behar ditugu, gaurko morrontzetatik libre. Amaraun sendoak ahalbidetuko ditu ekimen indartsuak, lobbyak, sinergiak eta sinkroniak. Hegemonia, finean.

Teknokrata? Mesedez, ez horretan gelditu.

Nork: mikel.2008/06/28 09:52:05.211 GMT+2
Etiketak: norabidea euskara | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Proposamena eta artikuluak onak dira, oso onak. Zalantzatsuena iruditzen zait politikatik abstraitzearena. Uste dut ezin dela. Argiako ale horrekin, artikulu honekin, joango naiz EHUko Miramarko uda ikastaro batean dudan mahaingurura: Identitate post-euskaldunak gaia jarri digute neuri, Fermin Etxegoieni eta Juan Kruz Lakastari. Uztailak 15 izango da, 16.00etan, Aniztasun Berrien Harira izeneko ikastaroan.(gaijartzaile Xabier Aierdi soziologoa dugu)

Nork: Luistxo.2008/07/04 09:56:50.244 GMT+2
http://eibar.org/blogak/luistxo/

Aupa, Luistxo:

Abstraitu bai, baina ideologietatik eta egitasmoetatik, ez politikatik. Ados nagok hirekin, politikarik gabe ezin duk aurrerapausorik finkatu. Baina politika ere tresna bezala erabili beharra ikusten diat, ideologia jakinekin katiatu gabe.

Hi, eta ohoretzat hartzen diat hire eskutik mahainguru horretan egotea. Mila esker.

Nork: mikel .2008/07/04 18:47:00.790 GMT+2

Jardunaldi horretan aipatu zintudan, baina zeharka, ze nik baino lehenago erreferentzia gehiago egin zituen zeure testura Mario Zubiagak. Horra nire kronika, eta Zubiagaren powerpoint-a.

Nork: Luistxo.2008/07/24 08:20:57.534 GMT+2
http://eibar.org/blogak/luistxo/

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Idatzi goiko irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko Captchas.net zerbitzuari esker




Estatistikak