Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2011/05/18 08:54:13.872 GMT+2

Saltsa berririk ez, oraingoz

Lagun berreskuratuen erantzunetan (mila esker denei) uste bat nabarmendu da, alegia, berehala sartuko ote naizen saltsaren batean ipurzorri samarra naizenez. Ba, ez da hori nire asmoa. Lan asko ditut etxean bertan atzera geratuta eta horiek egunean jartzeari eman nahi diot lehentasuna. Eta kalkulatu dut urte bete beharko dudala egoera dominatzeko.

Bost urte eman ditut Kutxaren zerbitzu zentraletan, lehen bi t’erdiak hizkuntza kudeaketaren eta barne komunikazioaren arduradun, eta bigarren zatia gizarte ekintza eraldatzen, Kutxa Fundazioaren zuzendari-ondoko moduan amaitzeko. Denbora horretan nire neuronak eta denbora ia erabat jarri ditut egitekoaren mesedetan, abduzitu samar egoteraino. Eta gainera 200.000 kilometro egin ditut eguneroko joan etorrietan, 2.000 ordutik gora horretan emanda.

Indarrak helburu batean konzentratuta, beste nonbait sortu behar hutsunea. Eta kasu honetan Esteñibarrek ordaindu du faktura. Juxtu-juxtukoak egin ahal izan ditut, eta eskerrak etxekoandreak astean lan-egun bateko murrizketa izan duen. Eta hala ere, lan asko geratu dira atzean asti faltaz.

Orain da ordua horiei guztiei ekiteko. Eta egun bete-beteak ari zaizkit gertatzen lanera joan beharrik gabeko lehen hauek. Hori bai, egoerak ez nauk larritzen bai baitakit denbora guztia dudala niretzat eta, gaur ez bada, bihar edo etzi egin ahal izango ditudala egin beharrekoak. Baserriko legean.

Esteñibarrera etorri aurretik mendian dezente ibiltzen ginen. Eta sarri, baserri ondo batetik pasatzean baserritarra segan ikusi eta agurtu ezkero, sega tente jarri eta bi besoak kirtenaren gainean gurutzatuta baserritarra samur prestatzen zen berriketarako. Nik pentsatzen nuen nire artean: “Earra eintzoau gizajoai, lana bukatu behar eta guk endreau!” Neroni baserrira etorritakoan ulertu nuen segalariarena: baserriko lanak ez dira sekula amaitzen, ziklikoak dira eta alferrik da fabrikako moldeekin planifikatzea. Lanak gehienez dominatu egin daitezke, antolaketa eta dedikazio egokiekin. Eta lanak dominatuta daudenean, ez dago arazorik bisitariari diosala egiteko eta etena deskantsurako baliatzeko.

Esteñibarreko lanak dominatzea dut helburu eta lehentasun. Horregatik, ez espero saltsa berririk oraingoz. Hori bai, bisitan datorren lagunak beti aurkituko du txakolin freskoa eta berriketarako gogoa.

Nork: mikel.2011/05/18 08:54:13.872 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak