Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2010/12/05 10:57:19.091 GMT+1

Nire Xabier

Madrilen ezagutu nuen Xabier Lete, 74-75an. Ni ikasle nintzen han, eta euskarazko mezaren inguruan -besterik ezinean- biltzen ginen euskal konspiratzaile taldeko kide ere bai. Xabier ordurako kantari oso ezaguna zen kantaldiei esker, eta ordurako grabatuak zituen bere lehen LPa bakarka, eta bertsoena Valverde eta Lekuonarekin.

Hain zuzen, Antxon Valverde eta Lourdesekin batera ekarri genuen Xabier Madrilera, kantaldia ematera, eta antolatzaile nintzen aldetik hurbil izan nituen artistak egun pare batez. Pletoriko zegoen oiartzuarra, bihurrekiarako beti prest. Galdetu nien ea zergatik nahiago izan zuten trena, guk eskaini genien hegazkina baino. Eta Xabierrek azaldu zidan nola Lourdesen bihotz ahulak ez zion onartzen hegazkinik. Hori esan eta hara non, bapatean besoak zabaldu eta ozen esaten duen: “Emakumea! Izaki inperfektua!” Begi ertzetik ikusi nuen Lourdesen irribarre lotsatia.

Lepo bete zen aretoa eta kontzertua bikaina izan zen. Tartean tentsiogunea ere gertatu zen, norbaitek ilunpean oihu egin zuenean: “Areilza kabroia dago hor atzean!” Berehala aldegin zuen aretorik handik gutxira Espainiako kanpo arazoetako ministro izango zenak.

Kontzertua amaituta afaltzera joan ginen, eta afalondoan kontuak egiteko ordua iritsi zen. Jasotako sarreratik gastuak kendu, eta 20.000 pezeta inguru eman genien kantariei. “Hau diru pila!” esan zuen Xabierrek, eta segidan azaldu ziguten askotan ez zitzaiela apenas ordaintzen, beti ere kausa handien izenean. Inpresioa hartu nuen, eta gustatu egin zitzaidan artisten zintzotasun kritikoa.

Handik aurrera, harreman dezente izan genuen bolada batez. Gogoan dut Mairuelegorretako kobara elkarrekin igo genuenekoa, eta hango kontzertuan Xabier “Otsooooooak!” oihukatzen inon baino girotuago. Eta ezin ahaztu Urnietako plazako etxean egin nizkion bisitak, Madriletik Ormaiztegira nentorren bakoitzean. Sasoi hartan ni ESB alderdia bultzatzen nenbilen eta Xabier hurbil samar genuen. GARAIA  aldizkarian kolaboratzen zuen eta 77ko hauteskunde kanpainan berak gidatu zuen Urnietan egin genuen aurkezpena.

Geroztik gure bideak ez dira maiz gurutzatu eta ez dut hurbiletik ezagutu Xabierren aldi mistikoa, gaixotasunaren ondorengoa. Horregatik nire akorduan nagusi da Xabier pletoriko eta lotsagabe hura.

Lourdesen ondoan bego artista eta gizon maitagarria.

Nork: mikel.2010/12/05 10:57:19.091 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak