Handia izan zen larunbatekoa Bilbon. Alde bateko lana ondo ari da garatzen, hiru urtean ez da egon (agerian behintzat) atzera pausurik. Beste aldeari kostatzen ari zaio. Rajoy ez da ausarta, hobe amets handirik ez egitea. Baina leloa ere ez da, komeni zaionean zerbait egingo du.
Eta komeni zaio, Europak ez dago soilik Espainiako defizitari begira. Iritzi publikoa oso muturrera joanda dauka eta estu hartuko dute. Baina leloenak ere badaki ETA desagertzea ezinezkoa dela zientoka preso espetxean dauden bitartean; eta zirrikituak ireki beharko direla, berandu baino lehen. “Estatuak jakingo du eskuzabal izaten” entzun izan diegu.
Hori baino lehen, ordea, eskubideak daude. Eta Bilbon eskubideak aldarrikatu ziren. Espainian diote legea bete behar dela. Hemen ere horretan gaude: espetxe politikaren gainetik berma daitezela legeak presoei aitortzen dizkien eskubideak. Eta horretarako ez da behar presoen urratsik; nahikoa da gizalegea, behin jakinda jardunbide armatua amaitu dela betiko.
Udazkenean EAEko hauteskundeak espero daitezke, giro eskasa politikariei ganora eskatzeko. Baina aurten gauzak mugituko dira, mugituko ditugu.
Erantzunak
Nork: Luistxo.2012/01/16 10:45:45.379 GMT+1
http://sustatu.com