Laneko arduren artean ingurumenarena egokitu zait. Nire zorionerako egokitu ere. Gaian murgiltzerakoan egin ditudan harremanetan asko ari bainaiz ikasten. Paisaiaz, esaterako.
Kaletarrok, gure ezjakinean, natura deitzen diogu mendi inguruneari, gaur daukan itxura betidanik eta berez baleuka moduan. Eta oldartzen gara delako natura hori alda lezakeen edozein ekimenaren aurka. Ez dakigu natura hori orain dagoenetan gizakiak sortua dela, zuhaitzak moztu zirela larreak sortzeko, edo pagoa -berez lerdena- gizakiak behin eta berriro moztu ahala bihurtu dela Kanpazarren pagomotza, esaterako. Ikasi dut mendi bakoitza liburu bat dela, eta mende bakoitza kapitulu bat. Eta irakurgaia bikoitza dela: natura bezainbat historia.
Erantzunak
Oier anaiari askotan entzun diot gaur tradizionalak diren gauzak ere norbaitek asmatu zituela eta urtez-urte aldatzen joan direla, ia nabaritu ez daitekeen moduan urte bat eta hurrengoa alderatuta. Aldiz 20 urtetan izugarri aldatzen dela edozein tradizio, guk nahita eta nahi gabe ere.
Nork: Gari Araolaza.2009/07/10 09:22:43.366 GMT+2
http://eibar.org/blogak/teknosexua
Egia da gizakiaren eragina naturan eta tradizioetan areagotu egin dela garai berrietan, baina beti egon da interakzioa. Ezer ez da beti horrela izan, alegia.
Nork: mikel.2009/07/11 09:34:20.877 GMT+2