Apirilaren 14a izan zen nire laneko azken eguna. Aitona errepublikarra gogoan moldatu nuen egutegia horrela gerta zedin. Eta maiatzaren 1etik aurrera lizentziatuta nago Kutxan, hau da, soldata zati bat (erdia pasatxo) bidaltzen didate etxera lanera joan ez nadin.
Formula honen bitartez, azken hamarkadan Kutxak 57 urtetik gorako zientoka lankideri eman digu aukera etxera joateko, eta denbora horretan 600 inguru langile gazte kontratatu ditu, joandakoak baino gehiago. Bestalde, oraingo formula hau enpresaren kontura da, eta legez dagokigunean sartuko gara Gizarte Segurantzaren poltsan.
Laneko azken egunak bete-beteak izan dira. Agendan azken ordurarte izan ditut hitzorduak eta, horrez gain, han eta hemen despedidatan ibili naiz, gibelaren eta gerribueltaren kaltetan. Donostialdeko lankideek 14an bertan egin zidaten despedida-bazkaria: 50 lagun, aurreskua, bandera errepublikarra, kantuak, opariak, besarkadak eta emozioa gainezka. Erabat hunkituta itzuli nintzen etxera gauerdi aldera.
Eta biharamunean Arrasaten Debagoienekoen despedida-bazkaria. Hemen ere 50 lagun, koplak niri propio jarriak, opariak, besarkadak eta berriro emozioa gainezka. Ondo asetuta gelditu nintzen hainbeste goxotasun jasota.
Gero aste santuko oporrak etorri ziren, ohi bezala mahastiko lanak eguneratzen eman genituenak, aurten apirila epelak belarra eta landarak lehenago disparatu baititu. Eta ondoren pazko astea, eta ohi bezala bainuetxeko egonaldia, aurten bereziki lasaia ez baineukan deskonektatzeko presarik, ondoren konektatu beharrik izango ez nuenez.
Kontua da maiatzaren 2ko astelehenez hasi zela nire egoera berria, derrepente lanera joan beharrik eza. Eta esan behar dut oso ongi moldatu zaidala burua egoera horretara.
Oraindik ez dut errutina berria finkatu, baina
markatu ditut ildo batzuk: lotia ez naizenez, Fatimarekin batera jaikitzen naiz
7:00etan eta elkarrekin gosaltzen dugu; jana eta edana kontrolatzen hasi naiz,
azken boladako gehiegikeriak eta pisu sobrantea murrizte aldera; eta
sistematikoki ematen ditut ordu batzuk mahastian eta etxe inguruko lanetan,
aste batzuk barru lan horiek dominatuko ditudan esperantzan.
Pendiente daukat egunero irakurtzen hastearena, azken urteotan kolpeka baizik ez baitut egin, baina dagoeneko igarri dut lanak eragiten zidan zurrunbiloa gelditu dela, ondo egiten dudala lo pilularik hartu gabe, eta nire aldarteak nabarmen egin duela petralkeriatik umorera.
Pozik bizi naiz oso egoera berrian.
Erantzunak
Nork: P..2011/05/11 11:42:10.021 GMT+2
http://www.ttantta.com
Nork: mikel.2011/05/11 12:43:29.851 GMT+2
Udaberria legez ikusten zaitut, pozez zoratzen! Gozatu eta gozatu Mikel, ondo merezita daukazu eta!
Nork: Ima.2011/05/11 12:48:17.939 GMT+2
Nork: Iban Arantzabal.2011/05/11 13:06:10.453 GMT+2
http://www.arantzabal.com
Poza ematen du berriro lagunen hurbiltasuna sentitzeak. Ondo hasi da aro berri hau, hala fede!
Nork: mikel.2011/05/11 15:16:28.145 GMT+2
Nork: Eneko.2011/05/11 22:16:17.709 GMT+2
Nork: Luistxo.2011/05/12 08:27:49.498 GMT+2
http://sustatu.com
Nork: Andoni Urzelai.2011/05/17 10:31:47.264 GMT+2