Aspaldi egin nuen amets eskal kutxen bategitearekin, euskal banku publikorantz. Hasieran laurena espero nuen, Federazio bat osatzen baizuten. Baina, beste esparruetan nola, nafar kutxa aldendu egin zuten bere agintariek Federaziotik, oraintsu Sevillara eraman duten arte.
Porrotak eta erasoak
Beste hirurek elkarrenganako bidea hasi zuten 1990-91n, lurralde bakoitzean kutxa munizipala eta probintziala batu ondoren. Eta bidea hastearekin bat hasi ziren trabak eta oztopoak, handik eta hemendik, orain arteko ahalegin ezberdinak hutsean uzteraino.
Ezintasun horretan, ordea, ingurumaria aldatuz joan da eta bereziki azken hiru urteotan erabat bestelakoa bihurtu da. Krisia baliatuz, Espainiako bankuek eta gobernuak aurrezki kutxen aurkako gurutzadari ekin zioten eta, hainbeste estutu dituzte, dagoeneko ez dela bakar bat ere geratzen ohiko moldean iraungo duenik. Guztiak daude banku bihurtzeko bidean, finantz-ekosistema espainiarrean bizirik iraungo badute.
Eredu propioa?
Euskal kutxek, kaudimen handiari esker, bazuten tartea lehen erasoei eutsi eta eredu propio bat lantzeko. Baina lan hori, kutxen zuzendaritzetatik haratago, herrigintza sendoan kokatzen da. Izan ere, kutxen batzar nagusietako herri ordezkariek onartu behar dute haien bilakaera, bi hereneko gehiengoarekin.
Egin zitekeen, duela bizpahiru urte, aditu talde bati egitasmo bat eskatu eta gero egitasmo hori adostu erakunde, alderdi eta sindikatuen artean. Agian lortuko zen, sendotasun finantzarioari beste sendotasun instituzional hori erantsita, Espainiako gobernu eta bankuen afrontu guztiei aurre egitea. Baina ez da egin.
Realpolitik
Eta orain Kutxa Bank da aukera bakarra. Bermeak badaude kutxen bankua izan dadin, bestelako esku-hartzerik gabe. Eta, gaur posible den heinean, seguru da hiru Gizarte Ekintzek iraungo dutela eta haziko direla, bategitearen abantailei esker.
Noski, ametsaren zati batzuk galdu dira bidean, ahaleginak hutsean geratu ahala. Baina Kutxa Bank egitasmoan oraindik geratzen dira, inon geratzekotan, euskal banku publikoaren haziak, herrigintza indartsuak noiz ernaraziko. Bestalde, ziur nago ahalegin honek kale egingo balu hurrengoa txarragoa litzakeela.
Horregatik desio dut –eta espero- Kutxa Bankek jasoko duela irailean hiru batzar nagusien onarpena.
Erantzunak
Ez duzu proiektua ezagutzen ala alderdi baten disziplinaren menpe zaude? Nola esan daiteke horrelakorik? Oraingo proiektuaren asmoa ez da Euskal Herria. Espainia mailako banku handi bat sortzea da, Burtsara joan eta kapitala eskuratu kanpoko proiektuak finantzatzeko. Zer harreman du honek betiko Euskal Banku Publikoarekin? Juxtu kontrakoa da hau: Gure betiko Kutxak, pixkanaka, gero eta gehiago, Burtsako inbertsoreen eskuetan utzi. Mesedez! Bi aldiz pentsatu, eta irakurri irakurri beharrekoa, Interneten zure iritzia azaldu aurretik. Kontutan hartu zer motako proiektu sustatzen ari zara. Eta gutxieneko arduraz jokatu.
Nork: Ander.2011/09/01 18:47:00.183 GMT+2
Eta egitasmoak badizkik bere arriskuak, dudarik gabe. Baina ez euskal kutxak bere horretan geratzeak baino handiagoak, araudi espainiarra jarri den bezala jarrita. Eta ez ahaztu kutxen batzar nagusiek hartuko dituztela erabaki estrategikoak bankuan, eta kutxen asanbladak osatzen dituztela udalen, aldundien, bezeroen eta langileen ordezkariek.
Kontrola aldatzen ez denez, uste diat badagoela aukera bankuaren bilakaera bideratzeko. Hori bai, denok horretan jartzen bagaituk, petralkeriak alde batera utzita.
Nork: mikel.2011/09/01 20:57:30.679 GMT+2
Nun dago esanda Kutxen Batzar Nagusiek hartuko dituztela erabakiak eta ez Kutxen Administrazio Kontseiluek?
Nork: Ander.2011/09/02 15:00:42.854 GMT+2
Eta egitasmoak 'dena' bankuaren eskutan jartzea aipatzen duenean esan nahi dik 'negozioaren atal guztiak', ez 'herri honen etorkizuna'. Izan ere Gizarte Ekintza soil-soilik geratuko duk kutxa bakoitzaren eginkizun. Bankua kontrolatzeaz gain, noski.
Nork: mikel.2011/09/03 08:36:05.992 GMT+2
Nork: Ander.2011/09/03 09:35:15.453 GMT+2
1. Ez diat beste alternatibarik ezagutzen hau baino hobea eta aldi berean hau bezain egingarria (lege araudia, batzarren onarpena...)
2. Egitasmoaren arriskuak hor zaudek, baina baita arrisku horiek saihesteko tresnak (kontrola, bermeak...)
3. Sortuko litzatekeen egoera ez duk niretzat amestutakoa, baina bai balekoa, beti ere gizarteak bere indarra norabide egokian egiten badik.
Nork: mikel.2011/09/03 13:59:11.772 GMT+2
Barkatu. Nire tonuaren arrazoia haserre bizia da. Gure herriaren etorkizuna jokoan jartzen ari dira alderdi politiko batzuk, epe laburreko interes merkeen truke. Sinesgaitza eta jasangaitza.
1. Alternatiba hobe? Zer moduz betiko proiektua, hiru kutxak bat egitea beste kutxa handiago batean?
Eta, bestela, zer moduz Kutxa -eta beste biak- bere horretan mantentzea? Estatuko finantza erakunderik solbenteenak dira. Orduan, zer arazo dago horretarako?
Mesedez, alderdi politiko guztiek dakite, eta oso ondo, gure herriarentzat proiektu hau guztiz kaltegarria dela. Hori bai, pertsona konkretu batzuk aberastuko dira. Eta alderdi batzuk, epe laburrera, boterea irabaziko dute.Besterik ez.
2. Arriskuak saihesteko tresnak? Burtsara joan eta kontrola epe luzera mantendu? Horren itxaropena izatea ipuinetan sinestea da. Begiratu zer gertatu zen BBVArekin, BANKOArekin, etab.Ez gaitezen einganatu: Proiektu hau onartzea gure finantza sektorea hankaz gora jartzea da eta, azken finean, gure herriaren finantza autogobernuarekin. Benetan: gure alderdi politikoek aztertu eta eztabaidatu duten bakarra haien arteko botuen banaketa izan da. Bestela, bost axola zaie. Horrela gaude.
3. Balekoa? Ez, sentitzen dut. Ez da balekoa. Benetako hondamendia da gure finantza egiturentzat, eta gure herriarentzat.
Nork: Ander.2011/09/03 19:51:49.321 GMT+2
Hiru kutxak kutxa handiagoan bat egiteak ez dauka aurrera egiteko inongo aukerarik. Azken ahalegina duela hiru urte egin zen, eta emiatza ezaguna duk: Vital sartu ere ez zen egin, eta Kutxaren batzar nagusiak ezetza eman zion, PSE, PP, eta ezker abertzalearen aurkako botoarekin.
Kutxak daudenetan irauteak, nire ustez, zailtasun eta arrisku handiagoak ditu Kutxa Bank egitasmoak baino.
Banku berria burtsara irtengo den ala ez ikuskizun dago, eta hori erabakiko dute kutxen batzar nagusiek aukeratutako ordezkariek.
Hortik aurrera, literatuta subjetiboa ('pertsona konkretu batzuk aberastuko dira' edo 'alderdi politiko guztiek dakite') errespetatzen dut baina ez du argudio baliorik.
Amaitzeko, Ander, haserre bizia sentimentu aberatsa duk eta gustatzen etzaigunaren aurrean oso beharrezkoa. Baina horrek etzeukak zerikusirik hire lehen mezuaren petralkeriarekin. Estimatzen diat haserrea galdu gabe tonua egokitu izana eta hire usteak azaltzen hartutako lana. Hortik aurrera, gure mezu-trukea irakurtzeko pazientzia izan duenak landu dezala bere iritzia.
Nork: mikel.2011/09/04 21:00:57.536 GMT+2
EAJn agindu zehatz egon da danak ixilarazteko asuntu honetan. Zergatik? Oso argi dago. Herri honentzat ona edo txarra izatea, bigarren mailako kontua da. Kontua da alderdiarentzat, haien ustez, probetxu handiko kontua dela, Araba eta Gipuzkoan galdu duten aginte politikoa botere faktiko moduan mantentzeko. Gauza jakina da EAJko militanteen artean eta gure klase politiko osoan.
Hiru kutxek ez dute inolako arazorik orain arteko moduan jarraitzeko. Estatuko solbenteenak dira. Bat egiteko beharra EAJk asmatutako gezurra da, bere helburu politiko propioengatik. Eta bankarizazioaren beharra, beste gezur bat, PP konbentzitzeko. Gure arduradun politikoen artean oso gauza ezaguna da.
Biak, bat egitearena eta bankarizazioa, hankasartze hutsak ikuspegi ekonomiko batetik. Baina zeharo desberdinak. Fusioak, gutxi gora behera, kutxen izaera errespetatzen duelako. Bankarizazioak ez. Bankarizazioa gure herriaren funtsezko ondarea saltzea da, besterik ez. Zertarako? Gure klase politikoaren interes merke batzuen truke.
Barkatu baina zuk esandakoa "objektiboa" izatea eta nire arrazoiak "subjektiboak" ba, zer nahi duzu, barre egiteko modukoa, ezta?
Nork: Ander.2011/09/05 03:01:10.920 GMT+2