Hiru alkate izendatu berri. Hiru alderdi, ibarreko nagusienak. Hiru herri pisuzko Debagoienean.
Hiru kooperatibista. Agian horrek eraginda, elkarbizitza eta lankidetzarako ondo prestatutako hiru pertsona. Ino Arrasateko alkate berriari hitz lagunkoiak entzun nizkion PPko zinegotzi Itziar Lamarainen gainean. Lourdes eta Inaxiok maila handia erakutsi zuten kargu hartzeko goiz gogoangarrian.
Pertsonen
garrantzia
Gurean
ez gara oso lider zaleak. Baina pertsonak aipatzen ari naiz, uste
baitut erabakigarri izan daitekeela pertsona egokiak parean tokatzea
une eta toki jakinetan. Pertsonen arteko harremanak frekuentzia
bertsuan ematen direnean, ezinezkoa dena egingarri bihurtzen da.
Esperantza hori daukak orain Ino, Lourdes eta Inaxiorekin. Noski,
bakoitzak bere ingurua lagun.
Ibarraren
premia
Uste
dut ezin dela gehiago itxaron. Ibarra hamar urte barru industrialde
baino gehiago izango bada, orain ekin behar zaio lanari.
Gasteizerainoko autopistak eragin itzela izan lezake, egungo biztanle
askorentzat Debagoiena lantoki soil bihurtzeraino.
Presazkoa da ibarra artikulatzeko neurriak hartzea. Tranbiarena isilik dago eta isiltasun horri usain txarra hartzen diot. Ibarreko mugikortasuna aztertu behar da, barnekoa eta kanpoarekikoa. Eta tranbia, autobus, bidegorri, transferentzia-gune eta abarrak integratuz erantzun. Lurralde antolamendu bateratua behar du Debagoienak, udalerriko plangintzak marko orokorragoan kokatzeko. Eragile izango den Mankomunitatea behar da, interes komunei konponbide kooperatiboak emateko.
Garapen
agentzia
Badakit
mankomunitateak oso egitura ahulak direla, lege aldetik. Epe
ertainera balegoke hori konpontzeko modu erraza: Batzar Nagusietarako
hauteskunde barrutiak eskualdeen arabera antolatzea.
Baina presa dago. Eta garapen agentziarena izan daiteke berehalako soluzioa. Agentzia publiko bat Mankomunitateak sortua, plangintzari ekin eta -behin epe bateko plana adostuta- plan hori kudeatzeaz arduratzeko. Hasieran nahikoa dira bizpahiru pertsona eta Mankomunitaren babes/kontrola. Abiatzeko ez da baliabide askorik behar, borondate argia bai, ordea.
Ino, Lourdes eta Inaxio: izan zaitezkete une eta toki aproposean parean tokatu diren pertsona egokiak. Beste maila batean probatutakoa naiz eta badakit: lan ederra da Debagoiena egitea. Animo!
Idatzi artikulu bat