Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2006/09/20 23:20:32.359 GMT+2

Iñigoren ahalegina

Euskaldun agoniko ugari ezagutu dut inguruan. Hil hala bizika ari dira uneoro, egun bakoitzean irabazi behar izaten dute euskaldun gisa esistitzeko eskubidea. Eta egun guztiak ez direnez domeka, asko sufritzen dute euskaldun agonikoek, iraun nahi eta ezinean.

Badira bestelako euskaldunak ere, normalagoak, lasaiagoak. Hauek egun bakoitza hartzen dute aukera, euskaldun gisa agertzeko. Badakite euskaldun bizitzekotan, inguruko jende asko konkistatu beharko dutela, gutxi asko euskarara hurbil daitezen, gutxienez besteei euskaldun bizitzeko aukera emateko beste.

Agoniko barik dinamiko diren euskaldunak, euskararen saltzaile bihurtzen dira, komeni zaielako. Arnasa lasaiago hartzen dute, euskara tarteko, erosoago sentitzen dira hizkuntzarena adostu eta gero. Euskaldun agonikoentzat jasanezina da euskara merkantzia izan daitekeela entzutea ere. Dinamikoentzat, aldiz, hori da modu bakarra euskaldun irauteko.

Euskaldun dinamikoen paradigma bihurtzen ari zait Iñigo Fernandez Ostolaza. Eta Argia aldizkariak artikulua eskaini dion honetan, nabarmendu nahi dut Iñigoren ahalegina, saltzailearen ikuspuntutik euskararen alde egiteko. Bere blogean idatzi ditu dagoeneko ekarpen historikoak, eta bere publizitate agentziak egin ditu lan garrantzitsuak hizkuntzaren ikuspuntutik.

Ibilbide profesionalaren azken txanpan egokitu zait euskararen profesional bihurtzea, eta argi daukat euskarak dagoeneko irabazi dituela bihotz kolpez irabaz zitzakeenak. Hemendik aurrera, arrazoi prosaikoagoek ekarriko dizkiote -ekartzekotan- hiztun berriak euskarari. Interesak eragindako hiztunak, salmenta egokiari erantzungo diotenak.

Merkantzia erakargarri behar du izan euskarak. Eta euskaltzaleok behar gaitu saltzaile.

Nork: mikel.2006/09/20 23:20:32.359 GMT+2
Etiketak: herrietakoak euskal | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak