Goienkaria, 2010.02.26
Gaur bertan ixten da Ines Gereka oñatiarrak Arrasateko Kulturaten jarritako erakusketa, ‘Cachivaches’ izenekoa. Lehenago ezin eta asteon ikusi dut. Eta eragin didan zirrara islatu nahi dut hemen, nahiz ikusle berririk ez diodan erakusketari emango.
Hondakinekin artelanak sortzen ditu Inesek. Eta harrigarria da nola besteok botatzen ditugun traste zaharrekin jantzi, margo edo altzari erakargarriak asmatzen dituen. Zirikatzailea da ikustea nola balio estetikoa edota funtzionala aurkitzen dituen guretzat inongo baliorik ez dagoen tokian. Hiperkontsumista esaten digu Inesek, modu jostalarian. Gutxiago botatzera gonbidatzen gaitu, bigarren erabilera topatzera. Eta bizipozez. Ez nuen espero hondakinen artean halako alaitasunik.
Idatzi artikulu bat