Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2010/05/03 07:59:32.839 GMT+2

Independentzia

Argia 2010.05.02

Urtero bezala, bainuetxean eman dut pazko astea Katalunia aldean, gorputza beratzen eta burua freskatzen. Hidroterapiarekin tartekatuta, AVUI egunkaria eta Imanol Muruaren kronika Loiolakoaz izan ditut irakurgai iradokitzaileak. Eta etxera itzulitakoan artikulu honen eskaria nuen e-postan. Abagune primerakoa pentsatutakoa antolatzeko.

Katalunia                                                                                                                          Hauteskundeen bezperatan dauden arren, giro etsia sumatu dut iritzi artikuluetan. Estatut  kimatua Epaitegi Konstituzionaletik are kimatuagoa irtengo dela irentsita eta alderdi politikoek horren aurrean egin dezaketenarekin ez oso itxaropentsu. Eta hala ere, gero eta argiago aipatzen da ideia bat: “Espainian egoteko ahalegina egin dugu eta ez gaituzte duintasunez egoten utzi nahi; alde egiteko ordua iritsi da”.

Loiola (I)                                                                                       Liburu bikaina idatzi du Imanolek, eta lan bikaina egin zuten Loiolako negoziatzaileek. Harrituta gelditu naiz adostu zuten zirriborroaren kalitate politikoaz. Eta neurri berean izutu nau zirriborroa bere horretan onartu ez zutenen itsutasunak. Ziur nago gutxietsitakoaren erdiarekin oso pozik leudekeela gaur.

Edonola ere, Loiolako porrotak beste fase bat ireki du eta euskal mapa politikoa mugitzen ari da. EAEko agintean unionistak daude eta Katalunian bezala hemen ere independentziaz gero eta garbiago hitz egiten da.

Espainia gainbehera                                                                     Gürtel eta Pretoria kakaleku, Aznar eta Rouco lider, Belen Esteban eta Julian Muñoz idolo, Garzon eta Varela lehian, Zapatero eta Salgado krisiarekin itota... Aspaldian ez zuen Espainiak hain aurpegi kutre eta kasposorik erakutsi munduaren aurrean. Oso nazionalista behar du hortik harrotasuna ateratzeko.

Eta bai, krisi orokorrari aurre egiteko espainiar nazionalismoa sendotzea hartu  dute eginkizun, baina horrekin ari dira aldi berean besteon independentzia zaletasuna hauspotzen, gero eta zailago zaigulako Espainia horretan jarraitzea.

Independentzia?                                                                           Irudipena daukat oso aberri zale ez garenak ere gero eta gehiago gaudela Espainiatik bereizteko prest. Honetarako Europa segurtasun sare moduko bat da, bakarrik geratzeko beldurrarentzat antidotoa. Uste dut euskal herritar asko eta asko sentituko ginatekeela eroso Europarekin harreman zuzenean, Espainia atzean utzita. Bitxia da nolako pozez saltzen duen Idoia Mendia bozemaileak euskal emaitza ekonomikoak espainolak baino askoz hobeak direneko informazioa.

Asimilazioa                                                                                    Baina kontuz kanpaibueltekin. Paradoxa dirudi, baina arrazionalki independentziaren aukera indartu bada, eguneroko bizimoduan gero eta asimilatuago gaude kultura nagusietara. Espainia eta Frantzia hartzen ditugu ia guztirako erreferentzia, pentsamolde autonomoa garatzeko lanari uko eginda. Eta bitartean badaude akats larriak: transmisioan etenak, diskurtsoan hankasartzeak, jarreretan okerrak, antolaketan hutsuneak... Lortu dugu askorentzat ez izatea bat ere erakargarri euskaraz egitea edo euskal herritar agertzea.

Loiola (II)                                                                                      Haatik, badago itxaropenerako motiborik. Loiolan posible izan zenak erakusten du bidea. Ez dut uste prozesua berriro errepikatuko denik, beste bat izango da gertakarien hurrenkera. Baina Batasuna ohian gertatu den lurrikarak bere ondorio guztiak izaten baditu, aukera izango da gure akatsak zuzentzeko eta unionistenak baliatzeko independentziara bidean. Eta bide luze horretan hauteskundeak garrantzitsuak dira, baina aurkariari gaina hartzeko lan asko eta ona egin behar da. Egunero eta nonahi.

Nork: mikel.2010/05/03 07:59:32.839 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (1)

Erantzunak

Independentista euskaldunek, ordea, katalanek jada aurrean ez duten tabu larria dute oztopo latz: lurraldetasuna. Funtsean, Loiolakoan Hegoaldeko 4 probintzien lurraldetasunaren karratua biribildu nahian huts egin zuten batzuek.

Partiziorik gabe ez dago independentzia posiblerik, nire ustez. Baina inork ez du Euskal Herrian horretaz hitz egingo. Inongo erakunde abertzalek ez du plan argi edo sinesgarririk. Denak daude tabuan kateatuta. Aipatzea bera tabu, zer esanik ez gainditzea.

Nork: Luistxo.2010/05/03 15:49:02.020 GMT+2
http://sustatu.com

Ez nuke nik horrenbeste esango. Urrats handia izan da onartzea EAEk eta Nafarroak bakoitzak bere aldetik bozkatuko luketela balizko erreferendumean, eta emaitza kontrakoa izan daitekeela batean eta bestean.

Hain zuzen horregatik lotu nahi izan zuen Batasunak Loiolan PSNren konpromisoa kosta ahala kosta, soka apurtu zen arte.

Nork: mikel.2010/05/03 20:04:04.252 GMT+2

Bikaina Imanol Muruaren liburua. Atentzioa ematen du Otegik, ezker abertzalearen bozeramaletzaz ari delarik, soka osoa duela aipatzen duen pasartea (beste ordezkaritzetako kideek elkarren arteko ezbai latzak izaten zituztela kontatzen denean, etab.); soka motza ordea, atzera egin zuenean ikusi zen bezala. Arnaldorentzat ez zen noski xamurra gertatuko horrela jokatu behar izana eta uste dut hala aitortzen duela berak ere.

Lurraldetasunari dagokionez, agian arrazoi du Luistxok baina, nago tabua hautsi behar horrek ez ote lukeen zauri larriegirik eragingo gutako askoren erraietan.

Txantxa giroan bukatzeko, sindikalista jarrera gotorrean negoziatzen omen zuen Aresek, lurraldetasunari buruzko gogoeta jardunak zuzendu beharko lituzke Elizondoko "Casa del Pueblo"-n (Baztango herrian halakorik bada behintzat).

Agur adeitsu bana.

Nork: habailaria.2010/05/07 01:40:43.176 GMT+2
http://www.blogak.com/habailarria

Argi dago gatazkaren ordez elkarbizitza nahi bada, eginkizuna dela esparru komunak eraikitzea (egungoaren argazkia) eta bilakaerarako tresnak adostea (erabakiatzeko prozedura).

Norabide horretan uste dut dela Loiola oinarri garrantzitsua, eta oso pedagogikoa Imanolen liburua. Hor ikusten da garbi nola posible den elkarbizitza hobea.


Nork: mikel.2010/05/07 07:05:50.244 GMT+2

Errenferentziak:

...net alerts create email alert for goiena.net Topsy Retweet Button topsyWidgetPreload({ "url": "http://goiena.net/blogak/piperrautsa/independentzia", "title": "Independentzia - Piperrautsa", "order": "count,badge,retweet" }) Add Topsy Retweet Bu...

Erreferentzia:  Twitter Trackbacks for Independentzia - Piperrautsa [goiena.net] on Topsy.com 2010/05/12 17:22:56.564 GMT+2

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak