Ez naiz informazio bereziren jabe; eta, hala ere, han-hemenka jasotako zertzeladekin, izenburuko paisaia inpresionista irteten zait. Alegia, inpresioa dudala Barajaseko atentatuak gauzak aldatu bai, baina ez duela ezer zapuztu: eguzkia datorrela.
Batasuna
Disimulatu nahi izan zuten ustekabean
harrapatu zituela eztandak, nahiz ez ziren iritsi aitortzera nolako kalte egin
zien. Eta, beste behin, zutitu egin dira egoera zailetik, boxeolari egoskorra
egurpean nola.
Berriki deskubritu dute autonomia ez dela, berez, independentziaren etsai, izan daitekeela independentziara bidean tarteko geltoki. Baita Iparraldea eta Hegoaldea ibilbidearen puntu ezberdinetan daudela, zati bat derrigorrez egin behar dutela bakoitzak bere aldetik. Norbaitek bota du, mespretxuz bezala, hori Konstituzioak berak ere badioela. Arraioa! Batasunak onartzen badu Konstituzioan kabitzen den marko politikoa, ez al gaude orduan konponbidetik oso gertu?
Zapatero
Honek ere, esan beharriz ez dago, ez zuen
bonbarik espero Barajasen. Oraindik ez zaio tonto musua erabat ezabatu,
bezperako iragarpen bizi laburrekoak hormigoi azpian lurperatuta. Ez du,
haatik, zuhurtzia galdu inongo momentutan; alderantziz, une oro erakutsi du
–nola edo hala- beste saio baterako prestutasuna.
Bunker judizialak argi erakutsi dio ez diola inongo laguntasunik emango. Bere iraganaren morroi dugu ZP: onartu egin zuen aginte judiziala alderdien artean banatzea eta, Batasuna erasotzeko, alderdien legea bultzatu zuen; orain ezin ditu aldatu. Eta tematu egin da lehentasun okerrean: PP ez du bereganatuko prozesuaren hasieran, baizik amaieran, indarra erakutsi eta gero. Orain lehentasunezkoa du azeleratzea, erakustea gai dela ibilbide zailean helmugara –helmuga batera- iristeko.
Rajoy
Hau ere tematu egin da, atzera bueltarik ez
duen zuloan sartu arte. Nekez izango du egokiera hoberik -gogoratu Zapatero
tonto musuarekin- Espainiari bere estrategiaren abantailak saltzeko. Eta hala
ere, inkestetan ez du aurrera egin, baizik atzera. Espainia bat bereganatu du,
baina haren preso bihurtzearen truke. Eskuin muturtuak ez dio gehiengorik
emango, eta Rajoy ezin da mugitu zentro aldera, sostengu gehiagoren bila.
Ordea, gorteetan ez bezala, eremu judizialean eta hedabideetan bera da aginte eta ZP oposizio. Hirugarren eta laugarren aginteetan gehiengoa du PPk, exekutiboan eta legegilean ZPk duen bezalaxe. Ez da berdinketa, baina bai oreka. Horrelako borrokak gogorrak izaten dira, luzeak, nekagarriak.
Ibarretxe
Toki bat baino gehiagotan entzun ditut hil
kanpaiak, Ibarretxeren etorkizun politikoari buruz. Egia da ez duela toki
garbirik bi karriletako prozesuan; eta nabarmena da alderdi gehienek nahiago
luketela lehendakari moldagarriago bat, bere alderdia bera barne. Baina nago
jendartearentzat duintasunaren paladina bihurtu dela Ibarretxe eta alderdietako
buruei aitortzen ez zaien errespetua dioela herritar askok. Epaitegiko sartu-irtenak
areagotu egin du irudi hori eta, gogoratu, Ibarretxe gai izan zela 600.000 boto
biltzeko, egur garaian.
Bi urte ditu oraindik aurrean, eta hemen nire apustua: denbora horretan egoera politikoa bideratzen bada, Ibarretxe ez da hurrengoan aurkeztuko; ordea, egoerak itsusira egiten badu, kontuz! Ibarretxe tematu egin da tokatu zaion zama helmugaraino eramaten –tarteko helmuga bada ere- eta ez du erraz etsiko.
Monet
Izenburua Monet-i kendu diot. Impression, Soleil levant, 1873, Huile sur
toile, Claude Monet. Ederra da oso,
nire hau baino ederragoa.
Idatzi artikulu bat