Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/02/22 08:02:12.810 GMT+1

Gizona bere heldutasunean

Argia, 2008.02.24

Izena
Hamalau urterekin -gaur baditut berrogei gehiago- hartu nuen erabaki bat garrantzitsua: ordura arteko Migeltxo aurrerantzean Mikel izango zen. Errieta egin zidan maistra karlista batek Tolosako eskolapioetan, azterketak izen ilegalez sinatzen hasi nintzaionean, baina seguruenik maistraren petralkeriak indartu besterik ez zuen egin nire erabakia, nortasunaren bila abiatzekoa.

Hizkuntza
Handik urte gutxira, hemezortziren bat izango nuen, beste erabaki bat hizkuntzaren bidegurutzera iristean: euskalduna izango nintzen, erabili eta garatu eta barneratu egingo nuen etxean jasotako euskara, nire izaeraren ezaugarri bihurtzeraino. Madrilen bizi nintzen, eta han bazuen euskarak zer afektiboari metatzen zitzaion beste balio erantsi bat: bereizteko balio zuen, jende artean egon arren isilka hitz egin beharrik gabe.

Izana
Pare samarrean baina geroxeago etorri zen hirugarren zutabea, militantzia abertzalea. Artean klandestinitatean, eta politikan beti; indarkeria gorrotatzen nuen ordurako, izan etsaiarena edo 'gurea'. Eta militantziarekin piztu zitzaidan jakin-gosea: nondik, nora, nola... Hor konturatu nintzen hartzen zaila zela nire izaera berria, euskal herritarrarena. Lerro zuzenekin oker idatzitako iragana da gure tribuarena; eta, hortik abiatuta, ezin aurrerako norabidea samur topatu.

Zalantza
Ez nuen urte asko behar izan politika formalarekiko esperantza galtzeko. Alderdiek segurtasun setatia behar izaten dute eta ni zalantzak bizi nau, galderak ditut maite. Urte luzeak daramatzat nire buruari galdezka, bidegurutze bakoitzean: eta orain, nondik? Adinean aurrera, burua atzera jiratu eta bidezidorra dakusat, ez beti zuzena. Ez nuke aldatuko, konforme nago egindakoarekin.

Gaur ni
Izena eta hizkuntza ondo itsatsita dauzkat, nirekin gordeko ditut betiko. Izanari buruz, zalantza gehiago. Ez naiz aberri zale, seguruenik ezta abertzale ere. Tribuaren iragan oker idatzia ez zait arrazoi aski etorkizun jakin bat marrazteko. Aldi berean, independiente izan nahi nuke Espainiatik eta Frantziatik, haien nazionalismo erasokor eta zabarrak egonezina eta larrigura sentiarazten dizkidalako.

Gaur gu
Euskaradunon tribuari ajeak eta sasoia biak antzematen dizkiot. Iritsi da honaino garai urrunetatik, eta nahi luke aurrera egin. Badabil oraino. Nora eta nola asmatu behar du, ordea. Eta norekin. Ohi bezala, baina inoiz baino areago, ez baitago bera bakarrik Euskal Herrian, bestelako tribuak ere badira hemengo, lehengusu baskoak nagusi. Hain zuzen, hor legoke koska garrantzitsua: etxean nagusitasuna lortzea, alegia, hegemoniko izatea. Sarri bota izan dugu kexua: gizarteko erreferente nagusiak ez dira euskaldunak. Jar dezagun esaldia alderantziz: euskaldunak ez dira gizarteko erreferente nagusiak. Bigarren moldea lagungarriago zaigu norabidea igartzeko.

Bihar zer?
Ortodoxia zaharkituan ari gara, noraezean. Alderdi abertzale nagusiak jaungoikoa eta lege zaharra daramatza oraindik izenean. Eta, oro har, abertzaletasunaren oinarriak dira mapa bat eta herriaren izateko eskubide supremoa, ezinbestean -noiz ez badakigu ere- munduak onartu beharko duena. XIX. mende erromatikoan bizi gara, XXI.a hasia ez bailitzan.

Hala ere, hausnarketa interesgarriak hasi dira, han-hemenka, Nafarroa aldean bereziki, heterodoxian barrena eta alderdietatik aparte. Hauek ez dute asko lagunduko, ohikoan baitaude eroso; ez bezate behintzat trabarik jar. Eta, behin desiotan hasita, azken bat: bilduko al dugu ausardia nahikorik behar bezain heterodoxo izateko!

Nork: mikel.2008/02/22 08:02:12.810 GMT+1
Etiketak: heterodixia argia nafarroa | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak