Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2007/01/22 08:26:41.200 GMT+1

Foroetako zalaparta

Ez da kontu berri-berria, irratiak aspaldi ari dira telefonoa zuzenean irekitzen, entzuleen iritzia jasotzeko huntaz eta hartaz. Horrez gain,  irrati-telebistetan ikaragarri ugaldu dira tertulien formatua eta orojakileen espeziea (neroni bat izaki, zozoak beleari?)

Baina, Internetek sortu du iritzia emanez edonork edonon partehartzeko fenomenoa. Komunitate txikietan eztabaida edo elkarrizketa politak ikusi izan ditut, baliotsuak eta eraginkorrak. Baina, plaza handietan eta gai jakinetan, ilara amaigabeak sortzen dira minutu gutxitan, eta zalaparta galanta pizten. Normalean, jarrera manikeoak nagusitzen dira; eztabaida irabaztea helburu hartuta, sinplifikaziora jotzen dutenak; eztenkadak. Edo, bestela, topiko marruskatuak, borondate onena azaldu ondotik. Azken adibidea aurkitu dut Ibarretxek ireki berri duen blogean: konpondu.net

Egingarri litzateke lagin hori hartzea jendartearen erakusle; eta aieneka hastea, jendartea ez delako gure klase politikoa baino hobea eta, beraz, gureak ez duelako erremediorik. Egingarri bai,  esaterako, iritzi emaile profesionalak bere burua zuritze aldera. Baina, inolaz ere ez litzateke zintzoa. 

Irekitzen diren leiho horietan jende mota batek hartzen du parte nagusiki: ausartak edota beroak. Hiritar zentzudun asko ez da sartzen, zaila delako zalaparta giroan ñabardurak sartzea, errazago lortzen duelako txaloa ziztadak, iritzi lasaiak baino. Ez dira lagin benetakoak, jendarteak sen gehiagoz jokatzen du, bere ustezko bozemaileok erabiltzen dugunetik haratago.

Nork: mikel.2007/01/22 08:26:41.200 GMT+1
Etiketak: pedolibrean | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Antzeko sentipena nirea konpondu.net bisitatutakoan. Normalki denborarik ez galtzeko jada sartzen ez naizen usenet-eko politikaren gaineko foro haietan bezalaxe, konpondu.net horretan monologo asko ikusi ditut, jarrera itxi eta manikeoak, diskurtso beroak eta itxiak. Nork berea bota eta hurbilketatik, "konpondutik" gutxi. Bada Interneten teoria bat, Godwin-ena, horrelako eztabaidek askotan puntu hila edo antzutasunera jotzen dutela oinarri hartuta. Formulazioa hauxe du: "Esan daiteke USENETeko eztabaida bat agortu dela partehartzaileetako batek Hitler eta naziak aipatzen dituen unean" Info gehiago: http://es.wikipedia.org/wiki/Ley_de_Godwin Bada, horrekin ere gogoratu naiz konpondu.net bisitatzean. Ondo segi.

Nork: Jabi.2007/01/23 13:49:07.835 GMT+1
http://www.sarean.com

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak