ARGIA, 2011.11.06
(Aldizkarian kabitzen zen testua letra zuzenean dago. Puntu batzuk gehiago azaltze aldera, blogean oharrak erantsi ditut letra etzanean)
Krisia luzatzen ari da eta defizit publikoa murrizteko administrazioa mehetu beharra aipatzen da. Aldundiak kentzea proposatu zuen Rubalcabak eta horrek gurean berpiztu egin du lurralde historikoen auzia. Bestalde, ETAren adierazpenak ateak ireki ditu gehiengo berriak osatzeko. Osagaiak baditugu koktela prestatzen hasteko.
Aldundi soberanoak
Espainiako legedi gorenean –Konstituzioan- euskal aldundiak dira eskubide historikoen jabe eta hortik datorkie, esaterako, zergak biltzeko eskumen berezkoa. Eusko Jaurlaritzak estatus juridiko ahulagoa du, Murtziaren parekoa. Horregatik, erabakitzeko eskubideari oinarri juridikoa bilatu nahi izan zaionetan, eskubide historikoetara jo izan da. Bestalde, ez da ahaztu behar inoiz hegoaldeko lau lurraldeak bateratzekotan, formularik egingarriena izan daitekeela lau aldundien konfederazio bat.
Ez da gorrin foruzalea, kontu praktikoa baizik. Espainiak egin dezala nahi duena, baina guk ez genituzke aldundi soberanoak ukitu behar euskal eskubide historikoen jabetza beste erakunderen bati aitortzen ez zaion bitartean.
Esparru funtzionalak
Zerbitzu publikoen antolaketa asko garatu da azken hamarkadetan, baina antolaketa esparruak oraindik zaharrak dira. Udala berez ez da unitate funtzionala, gehienak txikiegiak direlako, eta batzuk handiegiak. Eta foru hauteskundeetan oraindik partidu judizialak erabiltzen ditugu, nahiz inork gutxik dakien zein diren ere.
Horiek baino egokiagoa da esparru funtzionala, 50.000-100.000 biztanle tarteko zonalde geografikoa, ezaugarri komunak dituena. Gipuzkoan eta Bizkaian erraz uztartu daiteke eskualde eta mankomunitateekin, eta Araban zein Nafarroan ere ez litzateke zaila.
Gipuzkoa ezagutzen dut ondoen, hemen 9 esparru
funtzional edo eskualde bereizten dira ondo: Debagoiena, Debabarrena,
Urola-kosta, Goierri, Tolosaldea, Beterri-Donostialdea, Donostia,
Oarsoaldea, Bidasoaldea. Kalkulatzen dut Bizkaian izan daitezkeela
dozena inguru, Araban lau eta Nafarroan zortzi bat. Guztira 33/34
esparru eta 200 inguru hautetsi. Guzti-guztira.
Hautetsi gutxiago
Administrazioa mehetzeko kontua ez da maila bat edo beste kentzea, daudenak arrazionalizatzea baino. Horretarako ezinbestekoa deritzot hautetsi gutxiago izateari. Nola? Bada kargu ezberdinen arteko inkonpatibilitateak ezabatuta. Batzar Nagusietako kide bat aldi berean Legebiltzarreko kide izanda, gastua erdira dator. Eta ez luke doble lan egin behar. Hautetsien lana ez da kudeaketan aritzea, horretarako daude administrazioko teknikariak. Hautetsiek norabidea jarri behar dute eta jarduera kontrolatu.
Administrazioko teknikariek ardura gehiago hartu behar
dituzte kudeaketan, hautetsiari politikak ezartzea dagokio baina ez
kudeatzea. Gaur egun energia asko xahutzen da hautetsien eta teknikarien
arteko lehian, esparru berean aritzen direlako.
Bide batez, hautetsi bera maila ezberdinetan egonda, bateko eta besteko ikuspegiak integratu egingo lituzke, erakunde arteko gatazkak leunduz.
Zirriborro bat
Demagun hegoalde osoan hautes-prozesu bakar bat egiten dugula lau urtetik behin. Hautes-esparrua litzateke esparru funtzionalen araberako eskualde edo distrito urbanoa. Hor aukeratuko genituzke 6-8 hautetsi eta horiek osatuko lukete mankomunitatearen gobernu kontseilua. Udaletan teknikariak bakarrik leudeke, mankomunitateak ezarritako politikak gauzatzen.
Udalerriak eskualdearen auzune bihurtuko lirateke,
eta hor partehartze zuzeneko formulak bultzatu behar dira. Baina soberan
daude milaka zinegotzi elkar oztopatzen eta udalak 'gobernatzen', gobernu edo parlamentuak bailiran.
Udalerri/auzuneak kudeatu egin behar dira, eta ondo, baina ez 'gobernatu'.
Hautetsi horiek beraiek osatuko lukete, beste eskualdeetakoekin batera, lurraldeko Batzar Nagusia, eta hortik irtengo litzateke Aldundia. Honen funtzio nagusiak lirateke zerga bilketa, mankomunitateen koordinazioa eta Jaurlaritzarekin adostutako eskumen banaketan dagozkionak kudeatzea.
Hainbat politika bateratu egin behar dira, eta Aldundiak ezin dira izan Jaurlaritza txikiak. Horregatik behar da eskumen banaketa zehatza, oro har egitura bateratuaren mesedetan.
Azkenik lurralde bakoitzeko Batzar Nagusiak izendatuko lituzke bere kideen artetik Legebiltzarrean legozkiokeen ordezkariak. Eta ez guztiek kopuru berdina, hori apurtzeko ordua ere etorri da. Lurralde bakoitzak pisu bat dauka populazioan eta barne produktuan, beraz, horien edo antzeko parametroen arabera ordezkari portzentai bat behar luke izan goi ganberan.
Kutxabank-en sorrera izan da azken adibidea EAEn. Hiru kutxen indar-erlazioa honela geratu da: Bizkaia 57, Gipuzkoa 32, Araba 11. Hiru lurraldeena, orotara, ez da urruti ibiliko. Nafarroa txertatuta, ariketa egin dut soilik populazioarekin eta hau irten da: Bizkaia 41, Gipuzkoa 25, Nafarroa 23, Araba 11.
Hasiko gara serio hitz egiten?
Idatzi artikulu bat