Harriduraz bizi izan dut Bizkaian sortu den giroa, Atleti-aren finala zela eta. Futbol kontutan ere laikoa naiz, eta erlijio bihurtzen denean oso aparte uzten nau. Oraingoan mirari nagusia ez da gertatu, baina apuntatu ditut albo-adierazpen batzuk.
Belaunaldi berri batek deskubritu egin du futbola erlijio gisa, aspaldiko urtetan ez baitute euskal taldeek aukerarik eman. Adin batetik beherakoak bataiatu egin dira eta gurasoekin batera murgildu mozkorraldi kolektiboan. Bestalde, apenas ikusi dudan ikurrinik bandera zuri-gorrien artean. Eta adina badut gogoratzeko lehen beti binaka ibiltzen zirela horrelakoetan.
Azkenik, egia izango da diotena: atleti-zaleak ganorazko kolektiboa direla, taldearekin sutsu eta aurkariarekin adeitsu.
Erantzunak
"...aspaldiko urtetan ez baitute euskal taldeek aukerarik eman".
2005ean jokatu zuen Osasunak kopako finala. Baina futbol kontutan laikoa zarenez barkatuko dizugu lapsusa ;-)
Nork: aritz.2009/05/15 16:50:58.173 GMT+2
Eskertzen diat zuzenketa eta, bereziki, tonua. Eta barka bezate nafarrek, horrela ahaztu ditudalako.
Futbolaz ez nuke idatzi behar, horra!
Besarkada bat.
Nork: mikel.2009/05/17 22:37:42.884 GMT+2