Zilegi bekit gaur ogibidea dudaneko esparruaz aritzea. Ohi bezala, nire golkotik eta ez inoren ordezkari.
Finantza krisia. Gugandik kanpo hasi zen bere sorburu propioz, baina gurera iristean hemengo ajeak bistaratu zituen. Euskal kutxen lege-esparru den Espainian nabarmen agertu dira aurrezki kutxa askotan egindako desmasiak, aginte organuetara txandaka iritsitako politikarien eskutik, zenbaiten esanetan.
Bankuen gosea. Ezin ahaztu, ordea, banku espainiarren gosea kutxen negozia ahoratzeko.
Pertsonekiko hurbiltasunak eta gizarteari itzultzen dioten dibidenduak
merkatuaren erdi pasea emana baitie kutxei, bankuen kaltetan. Eta hauek,
indartsu izaki, arma guztiekin eta inteligentziaz egin dute eraso. Kutxen
despolitizazioaz hitz egin dute, pribatizazioa saltzen zailago delako, eta
kupida gabe erabili dute Espainiako banku zentrala kutxen estutasunak
areagotzeko, lege betebehar berrirekin.
Jazarpena. Kutxek ez dute izan, orain arte, kapitala lortzeko beste modurik aurreztea baino. Horretara bideratu da historikoki gizarte ekintzan gastatzen ez zen mozkinen zatia. Baina larritasunean Espainiako bankua bakarrik izan dute mailegu-emaile. Hori bai, epez eta interesez ordaindu ezingo duten mailegua eman die delako FROB fondoak, eta unea iristen denean hor izango dira beste bankuak harrapakin jazartua irensteko.
Eredua kolokan. Kutxen lege berriak bide ugari irekitzen die merkatura jo dezaten diru bila. Baita izaera juridiko asko aukeran jarri ere, egokiena har dezaten. Baina armaduraren zirrikitu bakoitzak egiten du gorputza zaurgarri eta kutxa gehienak harraparien lurretan sartu dira halabeharrez.
Hamar urte barru kutxen gaurko eredua iraganeko bitxikeria izan daiteke. Baina gure kutxak ereduari eusteko moduan daude.
Euskal kutxak. Kutxa nafarrak ere ausarkeriz jokatu du azken urteotan, eta estualdia iristean berak ere hartu behar izan du besteen bidea, Auskalomendira daramana. Horregatik, zoritxarrez, euskal kutxetan autonomia erkidegokoak bakarrik sartuko ditut.
Hiru kutxak –oro har- sano ibili dira eta kaudimen maila gorenetan daude, uda aurreko estres frogek erakutsi duten bezala. Horrek libratzen ditu, hain zuzen, estualditik. Horrek, eta negozio oinarrizkoan duten sendotasunak, bezeroen leialtasunari esker.
Eredua. Bi zutabe ditu egungo ereduak: gizarte garapena eta ekonomikoa uztartzen dituen egitekoa, eta herri erakundeek (% 50), bezeroek (% 43) eta langileok (% 7) hautatutako gobernu-organoak.
Orain legez akziodunen dirua sar daiteke kutxetan, % 50eraino. Hortik aurrera, ez da berdin izango ez gobernatzeko modua, ez eta mozkinen xedea. Hain zuzen hori ekidin behar lukete euskal kutxek: diru pribatua kapitalean sartzea.
Norantz. Espainiako finantza-sistema eraldatzen ari da eta euskal kutxen etorkizunaz hausnarketa behar da. Ez dut uste orain arteko hipotesiek balio dutenik dagoeneko. Eta bat egitea bera nahiko kolokan geratu da kutxa bizkaitarraren azken mugimenduekin.
Seguru asko hau ez da egungo politikariek edo kutxen agintariek
lideratu dezaketen prozesua. Iraganeko porrotak errepikatu besterik ez lukete
egingo agian.
Kontua da patxadaz eta sendo aztertzea zer nolako finantza-erakundea behar duen egungo euskal gizarteak bere garapen ekonomiko eta sozialerako. Eta hori egin dezala gizartearen aurrean egoki kokatuta dagoen erakunde batek.
Emaitzarekin egingo litzateke krisiaren irteeran euskal kutxen birrantolaketa.
Erantzunak
Nork: Aitzol.2010/09/27 12:47:18.028 GMT+2
Euskadiko Kutxa erakunde atipikoa da, kooperatiben banku industrial gisa sortu zen, eta haien hazkundearekin sendotu da. Euskal esparrua ere ondo baliatu du, kutxak lurraldeetara mugatu diren neurrian erakunde nazionalak bereganatuz. Baina Laboralak ere etorkizun zaila du. Estres testetan ez dute sartu ere egin berezia delako (eta horrek kalte egiten dio bezero beldurtuen aurrean), arrazoi berarengatik ez zaio erraza inorekin elkartu eta haztea, bere enpresa-bazkideak oro har ez daude beren onenean...
Euskal kutxek izan dezakete etorkizuna, birrantolatzen asmatzen badute. Eta Laboralak, bakarrik? Epe luzera baditut nire zalantzak.
Nork: mikel.2010/09/27 17:49:05.783 GMT+2