Tourrean etapa irabazi berritan tokaio txirrindularia goraipatu nuen hemen, eta geroztik izandako kalapitarekin bateren bat zain eduki dut, zer esango ote nuen. Hau idatzi dit Patxitraperok:
Mikel,
nik bai proposatu nahi diat ba, gai bat. Zain egon nauk, hire iritzia zein
izango Astarlozaren positiboaren ondoren, hik hari buruz idatzi eta handik
gutxira atera baihuan albistea, eta jakin-minez segitzen diat, kontranalisiaren
emaitza zein izan dan azaldu ondoren. Hire iritziak, piperra izango duen
garantia daukagun momentutik, bereziki interesatzen natxik. Ni gaur aritu nauk
entzuten Astarloza bera irratian, eta kazetariak ondoren, eta irudipen honekin
geratu nauk: ez diat ezertxo ere ulertzen.
Errepasatu dut aurrez idatzitakoa eta ia guztiak balio du oraindik, salbu eta agian Irabazi du asko saiatuta, mila ahaleginen ondoren nioen hura. Hemen baitago koska, ea ahalegin horiek legezkoak izan diren ala ez.
Mikelen hurbileko informazioa daukat, eta badakit egia dela aspaldidanik gela hiperbarikoarena, sinesgarri zaizkit aztertu dioten laginari buruzko zalantzak, eta gustatu zait oro har txirrindulariak eta bere taldeak erakutsi duten jarrera duina.
Hori esanda:
- Ez dut uste Mikel Astarloza tropelaren bataz bestekoa baino ‘zikinago’ dabilenik, eta jarraitzen dut pentsatzen bere adorea duela drogarik eraginkorrena.
- Txirrindularitzaren inguruan muntatu den zirkoan –alegia, nork kontrolatzen du kontralatzailea?- ez zait ezinezkoa sinestea balizko konplot bat egon denik, nahiz seguruenik ez den sekula jakingo.
- Soberan dauzkat txirrindulariei gero eta lan gogorragoa eskatzeko joerak; lan arinagoekin ere egon daiteke nahi besteko lehia, Giroan inoiz ikusi den legez.
- Noizko kontrol horien laurdena kirol ‘señoritoago’etan?
Erantzunak
Nork: Patxi.2009/09/16 16:42:59.658 GMT+2
http://patxitrapero.blogspot.com