Zortzi bat urtez –oporrak kenduta- idatzi dut astero-astero Piperrautsa Goienkarian. Blog hau berau haren bertsio digitala zen sorreran, nahiz denboraz libre samar ibili naizenetan zutabetik haratago erabili dudan. Orain aldizkaria birmoldatu egin da eta Azken hitza atalean arituko naiz, beste hiru lagunekin txandan. Ba, nola diren gauzak, lehen aste libre honetan halako urduritasun bat sentitu dut, ardura garrantzitsu bati huts egiten ari banintzaio edo.
Hala ere, ez da asteroko idatziarena nire bizitzan aldatuko den kontu bakarra. Asteon jakin dut Kutxak baietza eman diola nire lizentzia eskaerari eta datorren aste santuan utziko dudala 25 urtez nire enpresa izan dena. Juxtu sasoi horretan bost urte izango dira Arrasateko lehiatila utzi eta kapitalera joaten hasi nintzela, egunero.
Donostiako txanpa hau zoragarria izan da, aukeraz betea, eta nire onena eman ahal izan dut. Hizkuntza kudeaketaren arduradun izan naiz, eta urrats nabarmenak erdietsi ditugu. Gero Gizarte Alorraren eraldaketa sakonean partaide izatea egokitu zait eta hemen ere handia da eragin dugun aldaketa estrukturala eta kulturala. Lehiatila xumea utzi eta etxe handira abiatu zen hura Kutxa fundazioaren zuzendari-ondoko bihurtuta erretiratuko da.
Azken aldaketa: hipertentsioa iritsi zait. Oraindik aurtengo udan izan nuen azken osasun miaketa eta artean ohiko 12-7a entzun nuen medikuaren ahotik. Ba derrepente 15-10 eta antzekoak agertu dira. Zahardadea, seguruenik. Nire egunerokoan aldaketa sakona, ziur. Ea zer esaten didaten gaur anbulatorixuen.
Erantzunak
Nork: .2010/11/19 13:09:53.237 GMT+1