Finantza-sistema espainiarra hankaz gora jarri dute azken bi urteotan. Espainiar bankuak eta munduko merkatuak bat etorri dira kutxen eredua suntsitzeko interesean eta gobernuak irmo gauzatu du haien agindua.
Ekosistema eraldatuan ia ezinezkoa da finantza-jardueran lehiatzea kutxa egiturarekin. Agian 2008ko bategitea gauzatu izan balitz, kutxa hark irauteko aukera izango zukeen. Oraingo egoeran ez zen posible gainditzea aldi berean lege araudien oztopoak eta kontsentsu politikorik eza.
Eta aukeratu da bide posible bakarra: ekosistemak lehenesten duen tresna (bankua) baliatu finantza-jarduerarako, jabetza eta kontrola kutxen eskutan mantenduz, gizarte ekintzari eusteko helburuarekin.
Bildurekin lotu den akordioan bermeak sendotu egin omen dira. Dokumentuen faltan, ezin jakin zenbatekoa izan den eragin hori, baina norabidea gizarte nahiarekin bat datorrenez, izan bedi ongi etorria.
Gainera akordioak badu beste balio erantsi handi bat: adostasuna bera. Oso gauza gutxitan jartzen dira ados gure lau alderdi politiko nagusiak eta, kutxen inguruko katramilak gogoratuta, ezinezkoa lortu da oraingoan. Are gehiago hiru kutxetako gehiengo sindikala ere Kutxa Bank-en alde jarri denean.
Seguruenik ez da inork amestutako egitasmoa, eta baditu arriskuak. Baina hain zuzen herritarron, bezeroon eta langileen artean kontrolatuko dugu bankua. Gure inplikazioa erakunde berriarekin, hori da arriskuak sahiesteko bermetik sendoena, paperetatik haratago.
Idatzi artikulu bat