Urte bete luze izango da idatzi nuela eskoriatzarrei buruz, eta Aldundiarekin zerabilten borrokaz, autopista zela-eta. Handik gutxira, gauzak dezente bideratu ziren adostasunera, eta hainbat hedabidetan aipatu ere egin zen kasua eredu gisa. Baina lanak gauzatzeko orduan, berpiztu egin da istilua.
Aurreko GOIENKARIAn irakurri nuen erreportaje argigarria. Eta nabarmen egin zitzaidan Bidegi enpresako gerentearen defentsa ahula.
- Dagoeneko onartu omen dituzte eskoriatzarren 20 bat proposamen. Bada, oso ondo, onargarriak ziren seinale. Eta gehiago badago, zergatik ez onartu?
- Gutxi batzuen mesederako omen dira proposamen berriak. Nola neurtzen da hori ingurumenaz ari garenean? Eta zergatik orduan defendatzen ditu batzorde osoak?
- Autopista berean erabili diren soluzio tekniko batzuk lardaskeria izan omen dira eta horregatik ezin dira erabili Eskoriatzan. Ondo ulertu ote dut? Zer ari dira lardaskeriatan? Grabatuta al dago esaldi hori?
Argudio ahulen ondoan, makina eta harreman indartsuak. Baina asko itxoin dio Debagoienak errepide azkarrari, eta orain merezi du autopista puntakoena. Denbora eta dirua ezin dira izan arazo. Indarra ezin da bihurtu arrazoi.
Lan publikoak ezin dira gaur nagusikeriaz egin. Herritarrak ezinbesteko parte dira erabakietan. Horregatik, balio handia ematen diot eskoriatzarren matxinada zentzudunari.
Idatzi artikulu bat