Dagoeneko ofiziala da apirilaren 17ko deia, Legebiltzarreko hauteskundeetarako. Aldiz, ez dago garbi ea aukera guztiak aurkeztu ahal izango diren egun horretan. Eta inplikatutako aldeak eztabaida antzutan ari diren bitartean, hiritar talde batek heldu dio gaiari serio, eta aurkeztu du Aukera Guztiak izeneko ekimena.
Talde honek bultzatu nahi du hautesle elkarte bat, honen bidez zerrendak aurkeztu ahal izateko hauteskundeetan. Ez dute proiektu politiko bat bultzatzen, bakarrik nahi dute bermatu Batasuna ohiak izango duela aurkezteko bigarren aukera bat, baldin eta eskubide zuzena ukatzen badiote.
Ez dakit justu nola egingo litzatekeen hau, lehenengo osatu zerrenda garbiak lege injustuaren galbahea pasatzeko, eta gero eserlekuak eskuz aldatu. Baina, formalidadeak alde batera, ahaleginak merezi du laguntasuna. Ikusita nekez gauzatuko direla soluzio hobeak, modu eragingarria da apirileko deialdiaren kalitatea hobetzeko.
Ahaleginak merezi du laguntasuna
Lagundu nahi duenak, hauxe egin behar du: toki jakin batzuetara hurbildu eta bere sinadura eman Aukera Guztiak elkartearen alde. Debagoienean Arrasateko Udala eta notaritza dira izendatutako toki bakarrak. Eta ez dago denbora asko, martxoaren 11 baita azken eguna.
Ni joango naiz sinatzera, zalantzarik gabe. Botoa nori eman, beste kontu bat da. Baina nahi dut eskura egon daitezen aukera guztiak.
Erantzunak
Zorionak martxoren hirua heldu delako berriz eta zorionak blogari ere bazarelako. Ondo etorri!
Nork: Iban Arantzabal.2005/03/04 17:09:19.561 GMT+1
http://www.espaloia.com