Atzealdean arkatzez dago idatzia: Arechavaleta, 21 de nov. 1976. Eta gero boligrafoz: Mikel Irizar, gazteriaren izenean hizketan.
Ba bai, neu naiz mitinlari, duela 30 urte. Eta ordurako pulpituan. Ondoan dut Txillardegi, eta mahaiaren erdian daude –ezagunenak aipatzearren- Andoni Kaiero (unibertsitate irakaslea), Karlos Caballero (EAJko diputatu izan zen geroago Madrilen), Gregorio Etxabe (Arrasateko etxabetarra eta kooperatibista) eta Eduardo Artamendi (arkitektoa).
ESBk aurrea hartu nahi zuen, eta 76ko udan antolatu zuen lehen mitina Tolosako Leidorren; handik hilabete gutxira bigarrena, Aretxabaletako kiroldegian. Ni, artean, aritua nintzen hitzaldiak ematen, militanteak edo zaleak atxikitzeko helburuarekin. Baina lehen aldiz jarri behar nuen atrilean tente, frontoi beteari begira, giroa berotzeko lanetan. Eta ez nengoen batere lasai.
Testua prestatu nuen beroa, esaldi motz eta zorrotzekin. Tonua entseatu nuen behin eta berriz, papereko marketan gora egin eta esaldia ozen bukatzeko. Eta lagunekin adostu nuen amaiera ozenetan txalo egingo zutela sutsu. Azkenik, kirioak baretze aldera txikito pare bat hartu nuen kiroldegiko tabernan, goizeko 11ak ziren arren.
Eta, unea iritsita, han abiatu nintzen: Gregorio adiskideak
esan duen bezala, atzerritik natorkizue… (Madrilen nengoen ikasle). Ondo entzuten nuen nire ahotsa; egoera
kontrolpean neukan. Lehen markan gora, eta esaldi amaieran oihu. Berehala
iritsi zitzaizkidan lagunen txaloak eta segidan frontoi osoarenak. Primeran!
Mitina bizi joan zen, entzuleak gustura ikusten ziren. Ondo sentitu nintzen, nire partea beteta. Areago, mitina amaitu eta hainbat jende hurbildu zitzaidanean eskua ematera. Emozionatu ere egin nintzen.
Alderdikoei ere, nonbait, gustatu zitzaien. Eta hurrengo mitina, Donostiako Anoetan eman nuen.
Argazki atzealdean: Donosti, 2-1-1977, Gora
Euskadi Askatuta.
Erantzunak
Malizia barik diñotsut: goiko argazki horretan Aznar ematen duzu.
Nork: Pilatos.2006/11/21 10:29:44.689 GMT+1
Nork: mikel.2006/11/21 17:12:44.478 GMT+1