Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2006/09/04 08:00:00 GMT+2

Baserritar bi kapitalean

Urtean bizpahiru aldiz egiten dugu, joan den larunbatean azkenekoz: egun bat aurrez izendatu, guapo-guapo prantatu eta egun pasa joaten gara kapitalera, hiri giroak ere badirela gogoratzeko. Han, bereziki, paseatu egiten dugu, alde guztietara begira adi-adi, sarritan aho zabalik. Ez da gutxiagorako, Bilbo nola jarri den ikusita.

Larunbatean, Guggin sartu ginen, Errusiako erakusketa erraldoia ikustera. Kandinsky, Chagall eta Malevich modukoekin gozatu ondoren, eta irten aurretik, Serraren areto handiari egin genion bisita, oraindik ikusi gabe baikeneuzkan bere azken piezak jarrita. Bereziki gustatzen zaizkit haren forma ondulatuak, eta eskulturen baitan sartzeak bihotzean sortzen didan kilika. Ondoko gela txikian, elkarrizketa argigarria entzun nion Richard Serrari. Bere ustez, XX. mendean eskulturak egin duen urratsik handiena izan da oinarritik jaistea lurzorura, horrek aukera eman dio espazioak sortu eta antolatzeko. Tipo zintzoa iruditu zitzaidan, eta oso jantzia.

Bazkal ondoren pasiera, jaki eta garagardo alemaniarren astuna arintze aldera. Eta, azken boladan ohi dugun eran, arreta berezia jarri genion Isozaki ateari, Uribitarten, Bilbo suspertu duen puzzleko azken pieza. Oso itxura ona hartzen ari da inguru hau. Dorre garai dotoreek kasik ezkutatu egiten dute Albiako dorre zatarra, eta eskailera zabalari antzematen zaio nola lotuko dituen goialdea eta ibaiertza. Lastima Calatravaren zubi zuriari egin dioten luzapen petatxua, beste zerbait merezi zuen!

Ferreterian erosketa batzuk egin (baserrian beti behar da ferreteriatik zerbait), film bat ikusi (Neil Jordanen Desayuno en Plutón ederra) eta ilundu orduko etxera, oreatuta.

Nork: mikel.2006/09/04 08:00:00 GMT+2
Etiketak: esteñibarkoak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak