Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2006/08/09 08:00:00 GMT+2

Cat story

Umetan, ustez lagun nuen txakur batek kosk egin zidan eskumuturrean. Harrezkero, ez dut inongo zaletasunik izan animaliekiko... Esteñibarrera iritsi nintzen arte. Xaguak zeudela eta katakume bat ekarri ziguten, Rubio. Halabaina, hilabete egin orduko auto batek zapaldu zuen eta lehertu. Eta, James Deanek bere sasoian nola, gazte eta lirain hil zen katuak ere sekulako arrastoa utzi zigun bihotzean. Harrezkero, ezin izan dugu katurik gabe bizi.

Geroztik hil zaizkigu beste batzuk ere: Kati, Gorri... Eta arrastoa sakonduz joan da. Egun, bi katu ditugu: Txuri eta bere semea, Beltxi.

Txuri aipatu nuen behin, eta gaur aurkeztu egin nahi dizuet. Gurekin mimosa erabatekoa den bezala, kanpokoekin zeharo da izutia. Eta, somatu orduko ezohiko auto edo bestelako zaratarik, derrepente ezkutatuko da, ahal badu goian gure gelan, edo bestela behean, sotoan. Horrelakoetan, konturatu gara Txurik oso ondo dakiela kontatzen: bost auto etorri badira kanpokoak, haiek joaten hasten direnean Txuri kieto egongo da gordelekuan, harik eta bosgarrena joaten den arte. Orduan ez du minutu bat ere itxoiten agertzeko, mimo bila.

Azken boladan, gordeleku berria erabiltzen du, egoera kontrolatzeko aukera hobea ematen baitio: etxaurreko prentsa, Parra tabernatik ekarritakoa.

Ohartuko zineten belarrimotz daukagula katua. Zuri erabatekoa izaki, ez du eguzkiaren aurkako babes naturalik eta erre egingo litzateke, ilerik ez balu. Hain zuzen, belarri puntetan ile gutxiago zeukan eta handik hasi zitzaion kalbarioa: erredura, zauria, odola, ile gutxiago, erredura handiagoa... Albaitariak esan zigun minbizia zetorkiola hurrengo eta irtenbiderik onena zela belarriak zuztarretik moztea. Pensat i fet, bigarrenez jaio da gure Txuri.

Katu sentibera da erabat. Beldurti eta mimosa bai, baina erdi poeta ere bai. Eguzki sartzearekin malenkonia pizten zaio eta luze egoten da ortzimugari begira.

Ez nuen sekula pentsatuko katu bat horrela maitatzera iritsiko nintzenik.

(Hurrengo atal batean: Beltxi)

Nork: mikel.2006/08/09 08:00:00 GMT+2
Etiketak: esteñibarkoak | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (3)

Erantzunak

Poeta nintzateke ni ere leiho horretatik begira banengo

Nork: Txakurtxo.2006/08/09 15:09:38.201 GMT+2

Errenferentziak:

..., Yin eta Yang bitasuna omen. Hurbilago, gure bi katuei ere horrelaxe deitzen diegu: Txuri eta Beltxi. Nork: mikel

Erreferentzia: Zuri eta beltz - Piperrautsa 2009/01/06 21:08:21.575 GMT+1

...artu duen tokia nabarmen hutsik dago. Pena lasaia geratu zaigu, asko eman digun Beltxiri geuk ere asko eman ahal izan diogulako. Eta Txurik, 15 urtera bidean doan amona xaharrak, nahikoa lan du bizirauten. Hirurok juntuxeago paratuta beteko dugu...

Erreferentzia: Beltxi akabatu da - Piperrautsa 2010/02/06 10:37:05.035 GMT+1

...r-margin:35.4pt; mso-footer-margin:35.4pt; mso-paper-source:0;} div.Section1 {page:Section1;} --> Bi katu izan dira gurean denbora luzez: Txuri eta Beltxi. Hau iaz Erreferentzia: Katu berria - Piperrautsa 2011/06/11 20:47:13.333 GMT+2

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak